Bi herritarren aurkako errepresioa salatu du Leaburu-Txaramako Udalak

M. Ugartemendia 2014ko abe. 11a, 13:05

Larresororekin anaitasun hitzarmena ere sinatu zuen udalak atzoko osoko bilkuran

Leaburu-Txaramako Udalak ohiko osoko bilkura burutu zuen atzo iluntzean. Bertan ohiko akta onartze eta dekretuen berri emateaz gain, bi gai berezi ere landu zituzten. Batetik, bi herritarrek, horietako bat udal langilea, Guardia Zibilarengandik jasandako errepresioa salatu zuten. Bestetik, Larresororekin anaitasun hitzarmena ere sinatu zuten.

Lehenari buruz hitz egitekoan azaldu zuten abenduaren 5ean, goizean, Iñigo Zapirain herritarra eta udal langilea «Guardia Zibilaren lau patrolez inguratu zutela eta 20 minutuz herriko frontoi ondoan galdekatu zutela lanean ari zela, inolako testigurik eta baimen ofizialik gabe». Zapirainek jasandako egoeraz gain, Agurtzane Larrañaga bere bikotekideak denbora gutxira, Tolosan, «berdin berdin galdekatu» zutela salatu zuten. Horrelako ekintzek herritarrengan «ezinegona, amorrua eta beldurra» sortzen dutela adierazi zuten, eta «soberan» daudela gaineratu zuten.

Hori dela eta, Bilduren aldeko lau botorekin eta Bide Berriak taldearen abstentzioko bi botoekin, Leaburu-Txaramako Udalak hiru puntu zituen mozioa onartu zuen. Batetik, horrelako gertaerak «irmoki gaitzesten» dituela, eta Iñigo Zapirainek eta Agurtzane Larrañagak beste edozein herritarrek bezala «libreki eta bere intimitatean» kalean zein lanean ibiltzeko eskubidea dutela aldarrikatu zuten. Bigarrenik, Zapiraini, Larrañagari eta bere familiari «elkartasuna» eta «babes osoa» adierazi zieten. Azkenik, herritarrei gertaeraren berri emateko konpromisoa ere hartu zuten eta Guardia Zibilaren presentzia eta horrelako gertaeren «amaiera» eskatu zuten «lehenbailehen». Gainera, Leaburu-Txaramako Udalak errepresioa ere salatu zuen: «Bake eta normalizazio politikora eramango gaituen prozesu demokratikoa garatu ahal izateko euskal herritarren aurkako errepresio mota guztiak alboratzea eskatzen du, inongo inposizio eta mehatxu militarrik gabeko eszenatoki demokratikoa aldarrikatu nahi dugu».

Gauzak honela, gatazkaren konponbidean Espainiako «gorputz militar eta polizialak» Euskal Herritik «alde egiteko» eskaera egin zuten: «Bake garaia da. Alde egiteko garaia da». Honenbestez, udalak mozio hau Espainiako Barne Ministerioak Gipuzkoan duen delegaziora helarazteko konpromisoa hartu zuen.

Larresororekin hitzarmena

Aipatu bezala, udalak Larresororekin anaitasun hitzarmena ere sinatu zuen atzo egin zuten ohiko osoko bilkuran.

1996 urteko XIV Orduko Ibilaldian ezagutu zuten elkar leaburuarrek eta larresoroarrek, eta ordutik, urtean bitan elkarrekin igarotzen dute eguna. Martxoan larresoroarrak izaten dira eskualdean, eta uztailean bisita itzultzen diete leaburuarrek eta txaramarrek Larresorora joanez. Aurten, urrian ere izan ziren Leaburun Larresorokoak, urrian egiten den azokan.

Izan ere, aurtengoa urte historikoa izaten ari da bi herrien arteko loturari dagokionez. Abenduaren 3an, euskararen egunean, Larresoroko Udalak sinatu zuen senidetzearen dokumentu ofiziala, eta atzo Leaburu-Txaramako Udalaren txanda izan zen. Hortaz, urteetan herritarren artean gauzatu den senidetzea ofiziala bilakatu da orain, eta hemendik aurrera bi herrien artean hainbat ekintza elkartrukatuko dituzte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!