Ikastaro eta zerbitzu ezberdinak martxan Leaburu-Txaraman ikasturte honetarako

Maier Ugartemendia 2014ko azaroaren 19a

Leaburu-Txaramako Udalak ikasturte honetarako herritarrei bideratutako eskaintza oso zabala prestatu du. Urteroko ikastaroez gain, aurten hainbat berrikuntza ere txertatu dituzte: ingeles ikastaroa, sendabelarren ikastaroa...

Sendabelarrena da, hain zuzen ere, oraindik hasi ez den ikastaro bakarra, eta astelehena baino lehen eman behar da izena. Gainerakoak, hasita dauden arren, izena emateko aukera oraindik zabalik dago eta informazio gehiago nahi duenak udalera dei dezake. Horrez gain, herritarrei bideratutako hainbat zerbitzu ere martxan daude. Aurten adinekoei zuzendutako merienda eta tertuliak ere antolatu dituzte. Asteazkenero biltzeko aukera dute adinekoek.

Leaburu-Txaramako eskaintza

IKASTAROAK

Sendabelarrak
. Azaroaren 27an hasiko da, eta ostegunetan izango da, 18:00etatik 20:00etara. 12 orduko ikastaroa izango da, eta 30 euroko kostua izango du. Izena azaroaren 24a baino lehen eman behar da, udaletxera deituz (943 67 59 31).

Dantza
. Ostegunetan izaten da. Hiru taldetan banatuta daude haur eta gazteak. Lehen taldea, 17:15etik 18:15era gazteak. Bigarren taldea, txikienena 18:15etik 19:15era. Ertainak, berriz, 19:15etik 20:15era. Kurtso osoko ikastaroak 20 euroko kostua du. Interesa duenak udalean eska dezake informazio gehiago.

Ingelesa
. Ikastaroa hasi berria da, eta informazio gehiago nahi duenak udalera dei dezake. Hala ere, orain arte osatutako taldeak honakoak dira: astelehenetan, 3-6 urte bitartekoak 17:00etatik 18:00etara, 11-12 urtekoak 18:00etatik 19:30era; asteartetan 17:00etatik 18:30era 7-8 urtekoak; 18:30etik 20:00etatik 8-10 urtekoak eta 11:00etatik 12:30era helduak.

Pilates
. Astelehen eta asteazkenetan, 20:00etatik 21:00etara. Izena eman nahi izanez gero udalera deitu behar da.

Futbola
. Entrenamendu saioak ostiraletan izaten dira. 18:00etatik 19:00etara 6-9 urte bitartekoak. 19:00etatik 20:00etara 10-11 urtekoak.

BESTELAKOAK


Podologoa
. Hilabete batean Txaraman izaten da kultur gunean eta hurrengoan Leaburun udaletxeko eraikineko beheko solairuan. Bigarren ostegunetan eta zita hartuta.

Ileapaindegia
. Txaraman egoten da. Hileko bigarren eta laugarren ostegunean, aurrez hitzordua zehaztu beharko da telefonoz hots eginda.

Bingoa
. Asteazkenetan, hamabost egunez behin. 16:30etik 19:30 ingurura. Txaramako kultur gunean.

Liburutegia
. Astelehen, asteazken eta ostiraletan. 17:30etik 19:30era.

Helduen arteko tertulia
. Leaburu-Txaramako historia gogora ekartzeko, herriko adinekoak asteazkenero, 16:30ean biltzen dira. Aste batean Txaramako kultur etxean eta hurrengoan Leaburuko balio anitzeko lokalean. Hurrengo hitzordua, gaur izango da Leaburun.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!