Taloek bildu zuten jende gehien VI. azokan

Maier Ugartemendia 2014ko urriaren 13a

Goiz osoan zehar, frontoian postuz postu eta taloz talo ibili ostean, eguerdian elkartean bertso bazkaria izan zuten herritarrek Larresoroko lagunekin batera

Atzo, Leaburu-Txaramako VI. artisau, barazki eta ganadu azoka ospatu zen. Postuak goizean goizetik prest zeuden, eta baziren lehen orduan mugitu ziren bezeroak ere. Baziren azoka irekitzerako Leaburuko frontoira gerturatu zirenak, euren gustuko produktuaren bila. Hala ere, jende gehien eguerdi aldean bildu zen frontoira. Bertan zeuden produktuak ikusi eta zenbait kasutan bertan zegoena erosi ostean, gehienek taloak egiten ari ziren herritarren postuan egin zuten geldiunea. Taloek izugarrizko arrakasta izan zuten eta zenbait osagarririk gabe ere geratu ziren. Hain preziatuak diren onddo mordoxka ere ikusi ahal izan zen, eta azokako produktuekin osatutako bi saskietan ere saskika onddo banatu zituzten.

Azokaren ondoren, 70 pertsona inguru bildu ziren elkartean bazkaltzen. Herritarrez gain, Larresoroko lagunak ere izan ziren bazkaltzen. Giro bikaina izan zen eta horretan lagundu zuten bazkal ondoren bertsotan aritu ziren Sustrai Colinak eta Jokin Urangak ere. Arratsaldea luze joan zen azkenean, egun borobila osatuz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!