Herritarrek egindako taloak, azokako berrikuntzen artean

Maier Ugartemendia 2014ko urr. 10a, 07:00

09:00etan hasi eta 14:00ak bitarte barazkiak, artisauak eta ganaduak izango dira Leaburuko frontoian; 14:30ean bertso bazkaria izango da Sustrai Colina eta Jokin Urangarekin

Leaburu-Txaramako herritarrak prest daude urtero jende gehien biltzen duen ekimen kulturaletako bat ospatzeko. Igandean, hilaren 12an, VI. Artisau, ganadu eta barazki azoka ospatuko dute. 09:00etatik 14:00etara bitarte produktu ezberdinez osatutako postuak izango dira herriko frontoian.
Leaburu-Txaramako Udala da antolatzailea, baina, azoka aurrera ateratzeko herritar talde batek parte hartzen du antolakuntza lanetan. Jon Otegi da herritar horietako bat. Berak azoka honen sorrera gertutik ezagutu izan du, eta baita izan duen eboluzioa ere. Hasiera batean «herritarrak eta ingurukoak» ziren azokan postua jartzen zutenak, eta azken urteetan «kanpotik etorritako postuek gehiagora» egin zuten, herrikoek neurri baten protagonismoa «galtzeraino». Orain, aldiz, «hasierako egoerara» bueltatu direla uste du, aurten kanpotik postu gutxiago etortzekoak baitira.
Taloak eta piperrak protagonista
Aipatu bezala, azoka goiz osoan zehar egongo da martxan, eta trikitilariak ere ez dira faltako azoka girotzeko. Gainera, artzain jantziez jantzita ibiliko dira herritarrak.
Aurten bi berezitasun nagusi izango ditu azokak. Batetik, herritarrek egindako taloak izango dira salgai postu batean. Azken urteetan, Otegik azaldu bezala, «haur eta gaztetxoei» zuzendutako taloen tailerra egon izan da azokan. Baina, aurten aurrera pauso bat eman eta herritarrek eurek egindako taloak jarriko dituzte salgai, gainera, herriko Mahalako produktuak osagai izango dituzten taloak izango dira. Gauzak honela, urtero jartzen duten barran edariak egongo dira, eta jatekoa nahi duenak taloak dastatzeko aukera izango du.
Bestalde, Nafarroako piper erretzaileak ere izango dira azokan. Leaburu-Txaramako azokan izanak dira, eta orduan izandako «arrakasta handia» kontutan hartuta, aurten ere nafarrak gonbidatu dituzte.
Barazkiak, eta ganadua ere ez dira faltako, eta horretaz guztiaz gain, esate baterako, antzinako euskal gazta ere izango da. Baita bitxiak, aloearekin egindako ukenduak...
Bertaratzen direnek beste ezusteko bat ere izango dute. Urteroko ohiturari jarraituz, azokako produktuekin osatutako bi saski zozketatuko dira azokan.  Bertan herritarrak arituko dira zenbakidun tirak saltzen, eta saski bakoitzari dagozkion zenbakiak saldutakoan egingo da zozketa.
Larresoroko lagunekin bazkaria
Azoka amaitutakoan, 14:30ean, bertso bazkaria izango da elkartean. Sustrai Colina eta Jokin Uranga bertsolariak ariko dira bertsotan. Txartelak oraindik ostatuan daude salgai, helduenak 20 euroren truke eta umeenak 10 euroren truke.
Gainera, bai azokan eta baita bazkarian ere Lapurdiko Larresoro herriko lagunen bisita izango dute. Bi herriak aspalditik senidetuta daude, baina orain udalen arteko senidetze ofiziala prestatzen ari dira, eta bide horretan, urtean elkarri egiten dioten bisitaz gain aurtengo azokan ere izango dira Larresoroko hogeita hamar herritar inguru. Giroa ziurtatua dago, hortaz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!