Hiri antolamendua berritzeko plana prestatzen ari dira Leaburu-Txaraman

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 26a, 09:30

Udala herritarrei plan orokorraren proposamena aurkezten ari da eta hurrengo bilera gaur izango da Txaraman

Leaburu-Txarama tipologia bereziko herria da. Bi gune nagusi ditu, Leaburukoa eta Txaramakoa, baina biak elkarrengandik bananduta daude. Eskualdean aurreko hamarkadan herri txikiek izan zuten aldaketa ez zuen jasan, ordea. Herri txikia da eta azken urteetan bertan eraikitako etxeak ez dira ugariak izan. Luixa Uzkudun alkatea, eta egungo udal taldea udaletxera iritsi zirenean arau berriak egiteko «beharra» ikusi zuten. Horregatik, legealdi honetan arauak egingo zituztela «hitz eman» zuten.
Orain arte indarrean zeuden arauak aldatzeko beharra argi ikusi zuten: «Aurreko legealdiko udala ez, lehenagokoa, hasita zegoen herriko plan orokorra egiten. Lehengoak oso zaharrak ziren, eta oraindik bazeuden etxe batzuk guztiz legeztatu gabe».
Gauzak honela, herritarren artean galdeketa bat egitea erabaki zuten, eta etxebizitzekiko interesa «jende dezentek» azaldu zuenez, «etxebizitzak egiteko beharra» ikusi zen. Gainera, eskaera hori ikusita orain arte egindako etxebizitzen «tipologia ezberdineko» etxeak egiteko beharra ikusi zuten.
Zegoen eskaera eta beharra ikusita eta herriko egoera aztertuta bi ondorio nagusi atera zituen herriko Hirigintza taldeak. Batetik, jende gaztea herrian bizitzen gelditu ahal izateko etxebizitza «jasangarriagoak» egiteko beharra ikusi zen; lehen aipatu bezala «tipologia ezberdin bateko etxebizitzak». Bestetik, baserrien «arazoari» ere aurre egin beharra ikusi zuten: «Baserriak husten ari diren heinean erortzen ari dira, eraikinak ia guztiz utzita daude». Hortaz, etxebizitza berriak egin beharrean, zaharrei irtenbidea emateko «aukera ona» ikusi zuten. Horrela, baserri horietan «etxebizitza bat baino gehiago» ateratzeko aukera aztertu da.
Arauak sortzeko prozedura
Arauak berritzeko beharra ezinbestekoa zela ikustean, hirigintza taldeak «legeak agindutako prozedura» jarri zuten martxan. Gauzak honela, aditua den enpresa bati esleitu zioten lana, eta enpresa honek  «lehenengo aurrerapena» egina du. Aipatzekoa da, proiektua ez duela enpresak soilik egin. Horretan aritu dira lanean herriko arkitektoa eta herritarrek eta udaleko ordezkariek  osatzen duten hirigintza taldea. Orain bi hilabeteetan herritarrentzat ikusgai dute proposamena udaletxean, eta bertan egongo da, gainera, urriaren amaierara arte. Uzkudunen esanetan, «herritar nahikotxo» pasa dira jada proiektua ezagutzera.
Hala ere, udaleko ordezkariak proiektua egin duten enpresako arkitektuekin batera egingo ditu bilerak, herritarrek proiektua ikusteaz gain, azalpenak ere jaso ditzaten. Bi bilera prestatu zituzten. Lehena asteazkenean egin zuten Leaburun, eta hurrengoa gaur bertan egingo dute Txaraman. Aipatu, bilera hauetara gerturatzeko deialdia «herritar guztiei» egin bazaie ere, udala bereziki «gizarteko talde ezberdinak» ordezkatuta egoten saiatu dela, deialdi bereziak eginez. Ikuspegi ezberdinak izan ditzaketen talde ezberdinetatik proposamenak jasotzeko asmoz.
Leaburuko bilerarekin «oso gustura» geratu zen Uzkudun: «25 pertsona inguru bildu ziren eta jendea oso gustura gelditu zen. Herritarrek zituzten galderak eta proposamenak adierazi zituzten, eta orain proposamenak egiteko ireki den epean herriko arkitektoarekin bildu eta proposamenak egiteko gogoz azaldu ziren herritarrak».
Leaburun eta Txaraman egingo diren bileretan iritziak «jasotzea» dute helburu, eta Uzkudunek herritarrei gogorarazi nahi die horretarako «beste hilabete bateko epea» dutela.
Aurrera begirako pausuak
Proposamen guztiak bildutakoan «lehen onarpena» deritzaiona prestatuko dute, eta hori osoko bilkuran onartu beharko da. Horren ostean, lehen onarpen hori beste bi hilabetan udaletxean egongo da ikusgai,  eta herritarrek argudiatzeak edo alegazioak aurkezteko aukera izango dute.
Proposamenen eta argudiatzeen artean aldea nabarmena da. Izan ere, lehen aurrerapenean egiten den proposamena «ez da ezer legala». Uzkudunen esanetan: «Jendeari gure proposamenak aurkezten zaizkio. Jendeak hau entzutean beste proposamenak egiten ditu edo beste alternatiba batzuk proposatu ditzake».
Aldiz, alegazioak ez adostasunak azaltzeko dira. Aurkeztutakoaren aurka dutena adierazteko. Alegazioak egongo balira, «konpondu egin behar dira, adostasun batera iritsi eta konponbidea eman behar zaie». Adostasuna, ordea, ez da herritarraren eta udalaren artean bilatzen. Horretarako, enpresako arkitekto taldeak, abokatuak eta herritarrak bildu beharko lukete, eta hor bilatu beharko litzateke adostasuna.
Alegazio kopurua handia izango balitz, proiektua berriro «jendaurrean» jarri beharko litzateke.
Behin pausu horiek emanda «udalak ez du ahalmen gehiago», Uzkudunek azaldu bezala «Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendura bidaliko litzateke». Bertan baiezkoa emanez gero, Gipuzkoako Foru Aldundiak «behin betiko onarpena» eman beharko luke eta herriko plan orokorra amaitutzat emango litzateke.
 Aipatu bezala proposamenak bi ildo nagusi ditu: «Baserriak berrerabiltzea eta tipologia ezberdineko etxebizitzak egitea». Eta, horrez gain aipatu Txaraman proposamen «asko» daudela, eta horrek aldaketa «garrantzitsuak» eragingo lituzkeela.
Proiektua duela sei hilabete hasi bazuten ere, oraindik «zeregin asko» dago eta Uzkudunek uste du beste urtebeteko iraupena izan dezakeela prozesuak.

Bilera deialdia
IRAILAK 26, GAUR
20:00. Txaramako kultur etxean.
• Helburua: Herritarrei Leaburu-Txaramako hiri antolamenduko plan orokorraren berrikuspena  aurkeztea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!