Jon Fernandezen behorrak ezin izan du munduko txapelketako lasterketa amaitu aurtengoan

Maier Ugartemendia 2014ko ira. 4a, 10:00
Aurrera begira osasun arazoak konpondu eta Europako txapelketarako prestatzea da

Argazkia: Ariane Isasi

Pasa den asteko ostiralean iritsi ziren Jon Fernandez eta bere behorra Leaburura, Normandian Munduko Rai Txapelketa jokatu ondoren. Oriana Ricca uruguaitarra izan zen behorraren gainean lanean aritu zena. Dena ez zitzaien espero bezala atera, eta horregatik ez dute esperotako emaitza lortzerik izan, baina, zalantzarik gabe munduko txapelketa iristea bakarrik garaipen handi bat izan da; izan ere, mundu guztiko 179 zaldik soilik lortu zuten munduko txapelketarako bi sailkapeneko lasterketaren ondoren, finalean egotea.

Jon Fernandezi lasterketagatik galdetuta «oso gaizki» atera zela dio. Izan ere, lasterketa baino egun gutxi batzuk lehenago bere behorrak  joan da. Behorrak mioglomiuria izeneko arazo bat izan zuen: «tiroi bat balitz bezala da, baina askoz gogorragoa. Muskuluetako fibrak kristalizatu egiten zaizkie. Fibrak hautsi eta giltzurdinera joaten zaizkie.Horrek giltzurdinean zauriak eragiten dizkie, eta ondorioz odola koagulatu eta hiltzeko arriskua izaten dute».

Lasterketara bitarte izan zituzten egunetan seruma eman zioten behorrari «errekuperatzeko». Arazo honen aurretik euren helburua lasterketan lehen postuetan geratzea zen, baina arazo honen ondoren ikusi zuten «ezinezkoa» izango zela; normalean arazo hauek bi hilabeteko errekuperazioa eskatzen baitute.  Hala ere, lasterketan parte hartzea erabaki zuten: «saiatu egin ginen». Baina, lasterketan ikusi zuten behorra «ez zihoala ondo» eta 80. kilometroan lasterketa bertan behera uztea erabaki zuten.

Une horretan «izugarrizko pena» hartu zuten. Lasterketatik kanpo geratu ziren behorra inoiz baino «hobeto» zegoen unean: «inoiz egin dituen entrenamendurik onenak eginak zituen». Sei hilabetetan zehar Espainiako sailkapenean lehenengo behorra izan zen leaburuarrarena. Behorra maila horretan egonda, behin bertara iritsita kanpoan gelditzeak pena handiagoa eman zion Fernandezi. Hala ere, behorra da «garrantzitsuena» Fernandezentzat, eta bere bizitza «arriskuan» ikusi zutenez, ez zuten zalantzarik izan lasterketa bertan behera uzterakoan.

Munduko txapelketarako bidea
Lasterketa ez zen gogorra izan Fernandez eta bere taldearentzat soilik. Orokorrean «oso karrera gogorra» izan zen: «aste guztian euri asko egin zuen eta zaldiekin istripu asko izan ziren». 179tik 27 soilik iritsi ziren helmugara. Dubaieko printzipeak irabazi zuen eta «izugarrizko erritmoa» jarri zuen. Maila «ikaragarri altua» izan zuen lasterketak, eta alde horretatik behintzat «disfrutatu» zuela dio leaburuarrak. Gainera, bidaian munduko jende asko ezagutzeko aukera ere izan dute. Munduko txapelketa honetan gauzak onak ere izan dituztela erakusten du horrek.

Indarrak berreskuratzen
Behorrak izandako osasun arazo hau dela medio, bi hilabete edo gehiagoz geldirik egon beharko du. Gainera, munduko txapelketakoa aurten egin behar zuen 160 kilometrotako hirugarren lasterketa zen Hori behorrarentzat «jipoi handia» da, lasterketak egiteaz gain, entrenamendu gogorrak ere egin behar izan dituelako.

Aurrera begira, atseden hartu ondoren berriro «xuabe-xuabe» entrenamenduekin hastea egokituko zaie. Mundiala bi urtez behin izaten da, eta hortaz, datorren urtean Europako txapelketa jokatuko da. Hortaz, gogor egin beharko dute lan, eta lasterketa gerturatzen doan heinean 160 kilometrotako lasterketa batean parte hartu beharko dute, Europako txapelketarako txartela lortzeko. Orduan, hautatzaileak aukeratuko ditu Europara joango diren zaldi eta behorrak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!