Txaramako elkartearen festa antolatu dute iganderako

Iñigo Terradillos 2014ko uztailaren 24a

65 urte bete ditu aurten Txaramako elkarteak. Urteurren borobil horren aitzakian festa egun berezia antolatu dute bazkideek igande honetarako, osagai nagusia bazkaria izango delarik.

11:00etan meza izango da Txaramako ermitan hildako bazkideen alde, eta elizkizunaren ondoren, hamaiketako herrikoia egingo dute. 12:00etan toka txapelketa izango da, eta ondoren, elkartera joango dira denak, mahaiaren bueltan bazkari legea egiteko. Gainera, trikitilariak izango dituzte giroa alaitzeko. Bazkarian, bazkide bat —elkartearen sorreratik geratzen den bakarra— omenduko dute, eta oroigarria emango diote.
Eguraldi onarekin kanpoan egingo dituzte ekitaldi guztiak, gainerakoan, elkartean. Gainera, elkartean bertan argazki zaharrak ikusteko aukera izango dute, eta eskaria ere egin diete bazkideei, gordeta dituzten argazki zaharrak eramateko. Egunaren bukaeran argazkia egingo dute parte hartuko duten bazkide guztiek. Dagoeneko 40 pertsonak eman dute izena bazkarirako, eta oraindik aukera dute igandea bitarte parte hartzeko.
60 bazkide
Bazkideak elkartzeko helburuarekin antolatu dute igandeko festa, eta aurrerantzean urtean behin, gisa bereko egun bat izatea nahi dute. Izan ere, Jose Luis Adurriaga bazkideak azaldu duenez, urtean zehar hainbat jarduera antolatzen dituzte, baina, geroz eta erantzun txikiagoa dute: «sagardotegira irteera egiten dugu, kostaldeko herriren batera egun pasa egiten dugu, eta mus txapelketa ere egiten dugu, baina, urtetik urtera parte hartze kopurua txikituz ari dela ikusten ari gara». Elkartearen 50. urteurrenean antzerako festa egun bat egin zuten, eta jende ugarik hartu zuen parte, horregatik antolatu dute aurten festa: «Urteurren berezietara itxaron beharrik gabe, urtero-urtero festa egun bat antolatu nahi dugu, ahalik eta bazkide gehien elkartuz».
Txaramako paper fabrika sortzearekin batera, langile asko joan ziren hara bizitzera, eta auzotarrak elkartzeko helburuz sortu zuten elkartea. Gerora, jende asko Tolosara joan zen bizitzera, eta horregatik, geroz eta jende gutxiago elkartuz joan da elkartean. Egun, 60 bazkide inguru ditu, eta adin askotarikoak daude horien artean, helduenak 90 urte inguru dituelarik, eta gazteenak, 35.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!