Herri txikietako ludoteketako dinamizatzaileak, begiraleak eta gizarte langileak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Saileko lankideak hilabetero biltzen dira, herri txikietako haurren sarea indartzeko helburuz burutu daitezkeen ekimenen inguruan hausnarketa egiteko. Bilera horietan erabakitako ekimenen artean dago udalekuetako egun bateratua. Urtero egiten dute egun hori, eta aurtengoa Leaburun egokitu da. Beste ekimenekin bezala, herri desberdinetako haurrek elkar ezagutzea eta herri txikien arteko oraingo umeen eta etorkizun hurbileko nerabeen arteko sarea egiteko espazioa eta topagunea sortzea dute helburu bultzatzaileek. Halaber, berdintasuna lantzeari ere «garrantzi berezia» eman nahi diotela azaldu du Ainitze Telletxea Uli Mankomunitateko dinamizatzaileak.
Bada, Bidania, Olaberria, Leaburu, Gaztelu, Errezil, Beizama, Aiztondo eta Albizturko ludoteketako haurrak eta begiraleak elkartuko dira, Leaburun. Orotara, 100 haur inguru, eta 14 begirale izango dira.
Egun osoko festa
Gaztetxo bakoitzak zapi bat emango du soinean, bere taldeko kolorearekin eta, horrekin batera, talde bakoitzak bere bandera ere margotuko du maindire handietan. Hori egunean zehar egingo duten jardueretako bat izango da. Harrera ekitaldia eta ongietorriaren ostean hasiko dira haurrak taldetan banatzen. Ondoren, ezagutza eta talde izaera jorratzeko jolasak egingo dituzte; hala, esaterako, haurrek elkar ezagutzeko nahiz haurrek eta begiraleek elkar ezagutzeko jokoak egingo dituzte, eta talde izaera sustatzeko taldearen izena, leloa, abestia edota bandera sortuko dute.
Mokadutxoa hartuko dute gero, eta indarberritu ostean, bizikidetza jolasen txanda izango dute. Lau taldetan banatuta jolastuko dute kasu honetan. Nahikoa jolas egin ondoren, bazkaldu egingo dute. Bazkalosterako ere izango da jolas egiteko aukerarik. Begiraleek altxorraren bila jolasa prestatua izango dute ordurako, eta taldeetan banatuta froga ugari gainditu beharko dituzte gaztetxoek txartelak lortu eta altxorra eskuratu ahal izateko.
Eguna nola joan den aztertzeko aukera izango da bakoitza bere herrira itzuli aurretik. Horretarako, dinamika bateratua eta bisuala egingo dute denen artean eguna ebaluatuz. Elkarri agur esan ondoren, autobusera igo eta etxerako bidean jarriko dira egun bateratuan parte hartu duten guztiak.
Erabili beharreko materiala, jolasen prestaketa, eta oro har, egunaren antolaketa, herri guztien artean elkarbanatuta egin dute. Egunean zehar burutuko dituzten jardueretan ere, parte hartzea eta elkarlana sustatu nahi dituztela gaztetxoengan azpimarratu dute, eta baita, euskararekiko sentsibilizazioa indartzea, sormena sustatzea, bazterketarik gabeko balioak bultzatzea edota ingurumena zaintzea, haurren ezaugarriei eta gaitasunei egokituriko ekimenen bitartez.