Larresoroko anaiekin egun pasa

Iñigo Terradillos 2014ko uzt. 7a, 19:37
Martxoan Leaburura etorri ziren Larresoroko lagunak, eta uztailean egin ohi duten legez, hara joateko eguna iritsi zitzaien herenegun Leaburu-Txaramako herritarrei. Egun pasa «polita» igaro zuten elkarrekin, eta bi herrien arteko urtetako adiskidetasuna ofizial egin eta urri aldera anaitzeko asmoarekin agurtu zuten elkar.

1996 urteko XIV Orduko Ibilaldian ezagutu zuten elkar leaburuarrek eta larresoroarrek, eta ordutik, urtean bitan elkarrekin igarotzen dute eguna. Herenegun leaburuarrek izan ziren Lapurdiko Larresorora joan zirenak egun pasa, eta bertako Ote Lore elkartearen 30. urteurreneko ospakizunetan hartu zuten parte larresoroarrekin batera.
20 herritar abiatu ziren Larresorora, eta iristean ongietorria egin zieten. Aperitifa hartu ostean, pilota partidak zituzten zain bi herrietako herritarrek pilotalekuan. Euriagatik, baina, trinketera igaro beharra izan zuten partida hasi eta berehala, eta «han leaburuarrak okerrago moldatzen zirenez», 20-17 galdu zuten. Bertsoek tartekatutako partida alaiaren ostean, Larresoroko alkateak hartu zuen hitza. Hizkuntza batek elkartzen dituen herriak direla eta bien arteko anaitasuna azpimarratu zuen, eta oroigarria eta euskal makila oparitu zizkien leaburuarrei. Dantzarien saioaren ostean, kiroldegian elkartu ziren 170 pertsona bazkaltzeko. Bertan, jan edanarekin batera, Iparraldean ohikoa den moduan, kantua uztartu zituzten. Bazkaltiar guztien artean euskal abestien hitzak banatu eta kantaldi polita egin zuten.
Kantaldia izan zuten bata bazkalostean, baina, kasu honetan, Anje Duhalderen eskutik. Bere musikaz gozatu, eta tokan jolasteko aukera ere izan zuten, eta itzultzeko ordua iritsi zenean mikrobusean sartu, eta etxerako bidean jarri ziren, hurrengo hitzordua urrirako eginda. Orduan egongo dira, plenoan onartu eta gero, bi herriak ofizialki anaituta, eta horren aitzakian, festa polita egingo dute berriro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!