Txaramarrak festa giroan

Iñigo Terradillos 2014ko maiatzaren 30a

Txaramarrek urteko egunik berezienak dituzte asteburuan. Festak ospatzen dituzte, eta hamaika ekitaldi izango dituzte ederki igarotzeko. Euskal presoen hileroko elkarretaratzearen ostean botako duten suziriarekin lehertuko da jaia auzoan. Orduan barrikotea egingo dute auzotarrek, eta afalostean Kidam magoaren ikuskizunaz gozatzeko parada izango dute.

Bihar, berriz, egun osoko egitaraua izango da. Goizean txapelketak izango dira, eta arratsaldean, gaztetxeoenentzako jolasak, eta ondoren Oier Iribarrenen aldeko elkartasun afaria.

Egitaraua
Maiatzak 30, ostirala
20:15. Presoen aldeko elkarretaratzea, Txaramako plazan.
Segidan. Suziria, jaiei hasiera emanez.
Ondoren. Barrikotea, Txaramako elkartean, bakoitzak gustuko duena etxetik eramanda.
Afalostean. Kidam magoaren saioa.
Maiatzak 31, larunbata
12:00. Suziria.
Jarraian. Toka txapelketa.
13:00. Pintxo eta postre lehiaketa.
17:00. Haur jolasak.
Ondoren. Txokolatea.
21:00. Oierren aldeko elkartasun afaria. Angel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia bertsolariak, Jose Ramon Aldasoro txiste kontalaria eta herriko trikitilariak.

 

Mari Jose AlkortaTxaramako zinegotzia


«Auzotarrak elkartzeko garrantzitsuak dira jaiak»


Hondakinen zinegotzia da Mari Jose Alkorta txaramarra, baina, jaien antolaketan izatea ere egokitzen zaio. Urtean auzotarrak elkartzeko aitzakiarik garrantzitsuenetakoa direla Txaramako festak dio.
Egitarau antzekoa mantentzen duzue.
Bai. Aldaketaren bat edo beste egiten dugu, baina, gainerakoan, antzerako izaten da.
Zer dago aurten nabarmentzeko?
Batetik, gaurko barrikotea eta ondoren dagoen magoaren saioa azpimarratuko nuke. Bestetik, biharko eguna, egun betea baita . Urtero moduan, toka txapelketa egingo dugu, eta baita pintxo lehiaketa ere, baina aurten, berrikuntza moduan postre lehiaketa ere antolatu dugu. Ikusten genuengero eta jende gutxiago ari zela animatzen lehiaketan, eta auzotarren artean zegoen eskariari erantzunez postreena ere sartzea polita izan daitekeela pentsatu dugu.
Elkartasun izaera duen afaria antolatu duzu biharko.
Sanfilippo gaitza duen Oier Iribarrenen alde izango da afaria, beraz, bertan biltzen den diru guztia San Filippo Stop fundaziorako izango da. Kontua da, bere ama txaramarra dela, eta aitona egun Txaraman bizi dela. Beraz, gure aldetik laguntzeko zerbait egin genezakeela ikusten genuen, eta elkartasun afaria egitea erabaki genuen. Denetarik izango da, bertsoak, txiste kontalaria eta trikiti doinuak.
Zenbat pertsona aritzen zarete festak antolatzen?
Jende gutxi gara, baina, jarraitzea garrantzitsu ikusten dugu, izan ere, urteren batean galduz gero, ziur oso zaila dela berreskuratzea. Gure asmoa da atzetik datozen gazteek lekukoa hartzen joatea.
Auzotarrentzat garrantzi handikoak izango dira festak.
Urtean zehar, festetan eta San Joanetan elkartzen gara, beraz, horregatik dira garrantzitsuak jaiak, auzotarren artean elkartu, elkarrekin egon, eta ondo igarotzeko.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!