Herritarren eskura zerbitzu berriak Leaburu-Txaraman

Iñigo Terradillos 2014ko apirilaren 11

Podologoa hilean behin eta ile apaintzailea hamabostean behin izango dira aurrerantzean

Herri txikien arazo handietako bat herriari berari bizia ematen jakitea izaten da. Izan ere, herri askok lotarako herri bilakatzeko arriskua izaten dute, herritarrak euren etxeetatik kanpo ez badira mugitzen eta ez badira elkarren artean erlazionatzen. Herrian bertan zerbitzuak ez izateak sor dezake hori, eta horregatik, udaletatik ahalik eta zerbitzu gehien herritarren eskura jartzen saiatzen dira. Musika eskolak, kirol ikastaroak, kultur tailerrak, ludotekak edota osasun kontsultak dira horren adibide.

Leaburu-Txaraman, esaterako, apirileko azken astetik aurrera bi zerbitzu berri izango dituzte eskura herritarrek. Hain zuzen ere, apirilaren 24tik aurrera podologoa eta ileapaintzailea izango dituzte. Podologoaren kasuan, hilabete batean Txaraman izango da, kultur gunean eta hurrengoan Leaburun, udaletxeko eraikineko beheko solairuan. Apirilaren 24an, Txaraman izango da, eta maiatzeko laugarren ostegunean, Leaburun.

Ile apaintzaileak, berriz, maiztasun handiagoarekin bisitatuko du herria, baina, kasu honetan, Txaraman egongo da. Hileko bigarren eta laugarren ostegunean izango da, eta podologoaren kasuan bezala, aurrez hitzordua zehaztu beharko da telefonoz hots eginda.

Adinekoentzat bereziki

Luisa Uzkudun Leaburu-Txaramako alkateak azaldu duenez, ile apaintzaileak berak proposatu zuen zerbitzu hori eskaintzearena: «Herritarren %10 80 urtetik gorakoa da, eta 65 urtetik gorakoak ere asko daudela ikusi dugu. Horientzat, bereziki, herritik mugitzea ez da erraza, garraio publikoa egon arren, ez baitago nahi adina, beraz, ideia polita iruditu zaigu, adinekoei begira, batez ere».

Leire Olano altzotarra arduratuko da ile apainketak egiteaz. Berak azaldu duenez, Lehiberri zentrora joan zen ideia horrekin, eta bertan aurrera egitera animatu zuten, aholkuak emanez. Hala, une honetan Txaraman zerbitzu hori eskaintzearekin batera, Orendainen ere izango da hamabostez behin, eta eskualdeko hirugarren herri batean ere zehaztear da zerbitzua. Altzon bizi da bera, eta oso argi du horrelako zerbitzuak herrian bertan izatea asko eskertzen dela: «podologoa, fisioterapeuta edota Loatzo musika eskola ditugu Altzon, eta asko eskertzen dugu».

Mementoz hamabost egunetik behin hasiko da zerbitzua eskaintzen, eta jendearen erantzunaren eta beharren arabera joango da egokitzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!