Baserriak egungo beharretara egokitzeko asmoz lanean

IƱigo Terradillos 2014ko ots. 21a, 11:41
Martxoan onartuko dituzte 2014ko udal aurrekontuak Leaburu-Txaraman. Txaramara ura eramateko obrak egitea izango da aurreikusita daudenetan nabarmenena. Horrez gain, arau berriztatzaileak idazten hasiko dira, eta hondakin bilketa sistema berria ere prestatua dute herrian.

371 biztanle ditu herriak, eta horietatik 231 Leaburun, eta 140 Txaraman bizi dira. Luixa Uzkudun alkateak azaldu duenez, %10 baino gehiago 80 urtetik gorakoak dira. Gaztetxo eta haur kopuru «polita» dute, baina pixka bat «kezkatuta» badaude, herria adinez «nahiko nagusia» delako. Hain justu azterketa bat egiten ari dira herritarren egoeraren inguruan, eta bertan, besteak beste, herritarren beharrak ikusiko dituzte: «etxebizitzei begira inkesta bat egin dugu, batez ere, jende gaztearen nahiak jakiteko, eta ikusi dugu herrian geratu nahi dutela», azaldu du Uzkudunek.

Bada, etxebizitzei dagokionean, horri erantzuna nola eman aztertzen ari dira. Izan ere, banakako etxeak baino ez dira egin azken urteetan, eta etxebizitzen azken eraikinak duela 12-13 urtekoak dira. Baserrietan aurkitu dezaketela uste du udalak etxebizitzen beharrari irtenbidea: «Eraikin handiak dira, garai batean jendea eta animaliak bizi zirelako, baina, gaur egun, familia batentzat oso handi geratu dira, gaur egungo familiak ere murritzagoak direlako», dio alkateak. Baserrietan etxebizitzak egiteko aukera aztertzen ari dira, eta hori arauturik jarri nahi dute, dagoeneko prestatzen hasiak diren arau berriztatzaileetan.

Ostatua eta ura

Udaletxearen egoera ekonomikoari dagokionez, ostatuarekin duten zorra aipatu du Luixa Uzkudunek: «Oraindik hori ordaintzen ari gara, eta horri buelta eman arte nahiko estu egongo gara; gero, baditugu eginbehar handiak, baserri bide askotan, esaterako, eta hor diru ugari joaten da».

Herri ostatuak duen papera ere nabarmendu du Uzkudunek, «herritarren bilgune» baita. « Are gehiago Leaburun gaur egun, eskola ere ez dago eta». Peñascal kooperatibak kudeatzen du, «nahiko ondo» funtzionatzen du alkatearen arabera, eta hamar urterako kontratua dute sinatua beraiekin. «Etorkinak, eskolan jarraitzeko baliabiderik ez duen jendea... bertan formatzeko erabiltzen dute, eta bitartean jatetxe bezala funtzionaten du».

Txaramaren kasuan egingo duten obra garrantzitsuena urarena da. «Bertako ur biltegia oso egoera txarrean dago, eta ura bertara behar den moduan eramateko lanak egingo ditugu». Hain zuzen ere, aurtengo aurrekontuetan aurreikusi dute kopuru bat lan horiek egiteko. Leaburu-Txaraman herrian bertan kudeatzen dutela ura ere azaldu du alkateak: «Gure mendietan nahiko ura eta kalitate handikoa dugu, eta geuk tratatzen dugu».

Bestalde, Tolosaldeko hainbat herritan gertatu den moduan, hondakin sistema berria martxan jartzeko azken ukituak ematen ari dira. «Etxeetan bilketa sistema martxan dago, eta herritarrak birziklatzen eta konposta egiten ari dira azken hiru asteetan. Tabernarekin eta elkarteekin-eta azken ukituak ematen ari gara». Etxe bakoitzean lursaila dutenez, konpostagailua dute, eta ez dutenentzat auzo konposta jarriko dute, bi guneetan.

Horiez gain, beste hainbat proiektu ere badituztela eskuartean adierazi du Luixa Uzkudunek, «baina horiek garatzeko aurrekontua izaten da arazoa».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!