Badu eskualdearekin lotura Hezitopia liburuak. Aitzinsolasa Tolosan bizi den Aiora Zulaikak idatzi dio, eta gibelsolasa, berriz, Koldo Rabadan ibartarrak. Gaur aurkeztuko du liburua Nora Salbotx Alegriak (Iruñea, 1973), Rabadan irakasle den Larraulgo eskolan.
Nola aurkezten duzu zure azkeneko liburua?
Artefaktu baten gisan aurkezten dut, baina gutxi esatea da hori, gauza askori deitzen baitzaio gaur egun artefaktu. Hezkuntzari buruzko entsegu edo saiakera bat da. Aldi berean, sekulako gogoa nuen hezkuntzari buruzko fikziozkoa ez den utopia bat irakurtzeko, XX. mendearen hasieran, adibidez, anarkistek egiten zituztenen gisakoa. Pentsatzen nuen Euskal Herrian zangoak pausatzen dituen utopia bat irakurtzea gauza ederra litzatekeela. Orduan, bi gauzak uztartzen saiatu naiz: zati teorikoagoak modu irakurterrazean eman ditut, eta teorian esaten ditudan gauza horiek ipuin batean hartzen dute lur. Ipuina eta teoria, biak elkarrizketan idatzi dira. Horixe da, laburbilduz. Niretzako amets bat.
Amaiurko eskolan maistra zara. Zure eguneroko lanean ikusten duzun horretan errotuta dago liburua?
Bai, hori esaten dut askotan: beste Hezitopia bat litzateke ni egunero Amaiurko eskolan ariko ez banintz, zangoak hemen pausatuko ez banitu eta, nahi baldin bada, eskuak lokatzetan sartuko ez banitu egunero. Beste zerbait litzateke Hezitopia, ez litzateke behintzat gaur den bezalakoa izango. Idazterakoan, gaurko gure Euskal Herri honetan oinarritu naiz, eta hortik aurrera amestu dut. Ez dut soilik proposatu nahi biharko eskola nolakoa izango den, baina lagundu nahi nuke aurrera egiten eta gauza berriak probatzen.
Nolakoa da zuen eskola?
Bada, begira, 275 biztanleko herri bateko eskola da. Momentu honetan, 23 ikasle dauzkagu, eta bost maistra aritzen gara egunero bertan. Hiru gelatan banatuta dago gure eskola: txikien gela, koxkorren gela eta handien gela. Gero, ez daukagu patiorik: herria bera da gure patioa. Naturari eta inguratzen gaituen eskola handi horri begiak zabalik aritzen gara; landa-eremua, basoa, kultura, hizkuntza, tradizioa eta natura dira guretzat eskola.
Irakasle izan nahi duenak konpromiso handia behar du?
Nahi izanez gero, bai, edo horren kontzientzia izanez gero, bai. Nahi bada, irakasle bat pasatu daiteke azaletik edo batere busti gabe. Baina, polisaren zentzuan, eskola erakunde sozial bat da, jendartearen erakunde bat. Bertan transmititzen diren edukiak jite batekoak edo bestekoak dira, eta gure mundu-ikuskerarekin, gure hizkuntzarekin eta gure baldintza material eta ekonomikoekin zerikusia duten hautu askok osatzen dute. Pentsatu behar dugu gure eskola benetan bidezkoa den, pertsona guztiei berdin begiratzen dien, elkartasunezkoa den, feminista den... Zentzu horretan, erabat politikoa iruditzen zait hezkuntza.
Hezkuntzan ez da ezer neutrala, beraz.
Eraikuntza bat da, beste gauza asko bezala. Kontua da ideia asko naturalizatzen ditugula. Bistan da segun eta testuliburua nork egin duen, historia gisa batera edo bertzera kontatuko da. Badira ikerketak, testuliburuak aztertuta, erakusten dutenak nola ari garen euskaraz irakasten nola izan espainol. Nik beste gisako eskola bat aldarrikatzen dut: hori guztia problematizatuko duena eta ustezko neutraltasun edo naturaltasun horiek deseraikiko dituena.
Zein funtzio du eskolak jendarte batean?
Funtzio bat, bistan dena, pertsonen garapenari ahalik eta ekarpen handiena egitea da; ahalik eta pertsona kritiko, dibergente, anitz, aske eta, ahal bada, zoriontsuenak sortzea. Eta gero badago ardura kolektibo bat: zer-nolako herria amesten dugun, horretara bideratzea gure jarduera, ekintza eta langintza. Eskolak bakarrik ezin du, baina eskolak ere badu bere partea, eta hor konpromiso bat eduki beharko luke, jendarte honekiko konpromiso kritiko bat. Ez badugu gustuko gaur egungo jendartea, begira dezagun zer egin dezakegun eskolatik jendarte hobe bat lortzeko. Gure alea jar dezagun.
Eskolak haurrak bakarrik hezi behar ditu?
Eskolaren lehen funtzioa da haurrak, gazteak eta nerabeak hezkuntzan laguntzea. Baina hortik harago, jendartean eragiteko aukera ere badu, nagusiki, subjektu kritikoak sortzen baditu. Ikasle horiek jendartean eragingo dute, eta jendartea bera justiziaren parametroetara, zaintzaren eremura eta feminismoaren esparrura eramaten lagunduko dute. Eskolak mundua aldatuko duten pertsonak hez ditzake.
Umeak ez al dira beti proiektu gisa irudikatzen?
Bai, egia da. Ni asko haserretzen nauen esaldi bat da «umeetan inbertitu behar dugu, etorkizuneko helduak direlako» esaten duena. Ez, barkatu. Edozein jendartek umeak eta gazteak behar ditu subjektu politiko gisa, eta haiei agentzia hori aitortu behar zaie. Ez ditugu umeak behar pentsioak ordain diezazkiguten, ezta helburu produktibista eta merkantilistekin ere. Zer litzateke umerik eta gazterik gabeko jendarte bat? Haiengandik elikatzen gara gu ere. Umeek munduari begiratzeko duten perspektiba aske, nahi bada basa hori behar dugu gaur, bere horretan.
Zure Hezitopia liburuan diozu hezkuntzak feminista, euskalduna, antikapitalista eta ekologista izan behar duela, eta euskaratik eta euskaraz egindakoa. Tokiko komunikabideek, adibidez, zer rol joka dezakete?
Aski rol polita jokatzekoa duzue tokiko komunikabideek, eta zuek zarete, azken batean, eskola bat. Guk, Baztanen, Xorroxin irratian saio bat prestatzen dugu urtean behin, eta gu bezalaxe, eskola guztiak pasatzen dira bertatik. Zuek ere, Tolosaldeko Atariaren gisako komunikabideak, material didaktiko garrantzitsu bat zarete, hortik hasten baitira umeak mundua ezagutzen, bertatik bertara. Eskola bat zarete, Hezitopiak behar duen eskola bat. Instituzio formal bat zarete, inguruko komunitate zabal horri begiratzen diona.
Gogoeta horiek egingo dituzu Larraulen. Nori interesatu dakioke hitzaldia?
Arreta piztu dion edozein lagun da liburuaren irakurle potentziala: maisu-maistrak, irakaskuntzan aritzen diren langileak, gurasoak, ikasle-mugimenduetan dabiltzanak, feminismoaz kezkatzen direnak eta zaintzaz nahiz elikadura-burujabetzaz aritzen direnak. Saiakera erraz irakurtzen da, eta esperantzaren aldarrikapena egiten du. Gero, ipuintxo hori ere badago, Zinezko istorio bat: utopian kokatzen den baina zangoak gaurko Euskal Herrian pausatzen dituen eskola bat irudikatzen saiatu naiz.