Larraulgo Azaro Kulturalak egitarau zabala prestatu du aurtengo azarorako. Dokumentalak, tailerrak, irteerak, liburu trukea, monologoak eta bigarren eskuko azoka izango dira, besteak beste, hilabete osoan zehar. Kultur eskaintza askotarikoa izango da, adin eta interes desberdinetako herritarrei zuzendua.
Azaroaren 6an abiatuko dute egitaraua, eta abenduaren 2ra arte luzatuko da. Kultur jarduerez gain, jasangarritasunari eta berrerabilerari ere egingo diete lekua.
Bigarren eskuko eta truke azoka
Azaroaren 22an egingo duten bigarren eskuko eta truke azokaren helburua erabilitako objektuei beste bizitza bat ematea eta kontsumo arduratsua sustatzea da. 11:00etatik 14:00etara izango da, Larraulgo plazan, eta eguraldi txarra eginez gero, frontoira lekualdatuko dute.
Arropa, liburuak, jostailuak, osagarriak, etxeko tresnak eta aisialdirako materiala eraman ahal izango dira azokara. Objektuek egoera onean egon beharko dute, garbi eta beste pertsona batek erabiltzeko prest.
Azokan parte hartzeko hiru modu izango dira: norberak behar duenarekin trukatzea, objektuak prezio sinbolikoan saltzea edo posturik jarri gabe objektuak uztea, beste herritarren eskura gera daitezen. Azken kasu horretan, azokaren amaieran norberak jasotzeko aukera izango du.
Parte hartzeko interesa dutenek aurrez eman beharko dute izena, azaroaren 17a baino lehen. Izen-emateak ez du behin betiko konpromisorik eskatzen; antolakuntzak parte hartzeko asmoa zenbatek duten jakin eta jarduera hobeto antolatzeko baliatuko du informazioa. Objektuak eramateko interesa dutenei, berriz, pertsonalki jakinaraziko zaie noiz eta nola egin beharko duten.
Hona hemen Larraulgo Azaro Kulturalaren egitaraua, egunez egun:
- Azaroak 6, ostirala
- 18:00. Bularretik ehundutako aitortzak dokumentala eskainiko dute Urkipe etxolan. Amaia Iparragirre izango da ikus-entzunezkoaren aurkezlea, eta ondoren zuzendariarekin eta protagonistekin solasaldia egingo dute.
- Azaroak 7, larunbata
- 10:30. Artile ontziak izeneko tailerra egingo dute Urkipe etxolan. Miriam Loidi arduratuko da saioaz. Parte hartzeko izena eman beharko da azaroaren 4a baino lehen.
- Azaroak 13, ostirala
- 18:00. Traineras, pasión por el remo dokumentala eskainiko dute. Telmo Iragorriren lana ikusteko aukera izango da erabilera anitzeko gelan, eta, ondoren, zuzendariarekin solasaldia egingo dute.
- Azaroak 14, larunbata
- 09:30. Upategira irteera egingo dute. Parte hartzeko izena eman beharko da azaroaren 10a baino lehen.
- Azaroak 17, asteartea
- 17:00. Koadernaketa tailerra egingo dute liburutegian. Helena Agell izango da saioaren arduraduna, eta Irakurritako liburuak, bizitako liburuak izango da tailerraren gaia. Zazpi urtetik gorako haurrei zuzenduta dago, heldu baten laguntzarekin.
- Azaroak 19, osteguna
- 17.30. Eskolako erabilera anitzeko gelan Nora Salbotxek Hezitopia liburua aurkeztuko du.
- Azaroak 20, ostirala
- 18:30. Eskailerape(k)oa izeneko monologoak eskainiko dituzte Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraiak.
- Azaroak 21, larunbata
- 09:30. Mendi irteera. Gure inguruneak garbi mantentzea izango dute helburu.
- 16:30. Liburu truke armairua aurkeztuko dute udaletxeko atarian. Liburuak trukatzeko armairua prestatuko dute horretarako.
- Azaroak 22, igandea
- 11:00 - 14:00. Bigarren eskuko eta truke azoka egingo dute Larraulgo plazan. Arropa, liburuak, jostailuak, apaingarriak eta etxeko tresnak izango dira, besteak beste, trukatu edo saltzeko. Azokaren helburua erabilitako objektuei beste bizitza bat ematea eta kontsumo arduratsua sustatzea da. Eguraldi txarra eginez gero, frontoian egingo dute.
- 18:00. Talo eta gaztaina jatea egingo dute elkartean. Taloak jateko eta zerbitzatzeko izena eman beharko da.
- Azaroak 28, larunbata
- 11:00. Autodefentsa tailerra egingo dute erabilera anitzeko gelan. Adin guztietako emakumeei zuzendutako saioa izango da.
- Abenduak 2, asteazkena
- 17:00. Euskara eta biok liburuaren aurkezpena egingo dute liburutegian. Andrea Bella izango da aurkezpenaren arduraduna.
Izen-emateak eta informazioa
Egitarauko hainbat jardueratan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Horretarako, liburutegira jo daiteke, 634 289 327 telefono zenbakira deitu edo kultura@larraul.eus helbidera idatzi.