Larraulgo jaiak 2026

Frontoiko tenperaturak eta sagardo tragoek freskatu dute goiz beroa

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 2a

Hirugarren eguna dute Larraulgo San Esteban jaietan; goizean, pilota partidak jokatu dituzte frontoian, eta ondoren, sagardo dastaketa egin dute plazan, paella jan aurretik.

Eguerdian, bero egiten zuen Larraulgo plazan. Itzal bila zebiltzan herritarrak, baina ez zegoen horretarako aukera handirik. Gorputza freskatzeko beste aukera bat izan dute, sagardo dastaketa egin baitute. Bost sagardotegitako sagardoak izan dituzte aukeran: Aburuza, Zabala, Sarasola, Gaztañaga eta Artola. Edanarekin batera, txorizo pintxoak jateko aukera izan dute.

Sagardo dastaketaren aurretik, pilota partidak jokatu dituzte frontoian; guztira, hiru izan dira. Lehen partida buruz burukoa izan da, eta Azkuek 18-12 irabazi dio Esnali. Bigarren partida binaka jokatu dute, eta Iparragirre eta Izagirre 22-17 nagusitu dira Makazaga-Arsuaga bikotearen aurka. Hirugarren eta azken partidan, hau ere buruz burukoa, Olanok 18-16 irabazi dio Otaegiri. 

Eguerdian, paella jatea izango dute; 100 lagunetik gora elkartuko dira. Goizetik aritu dira bazkaria prestatzen eliza atarian. Arratsaldean izango du jarraipena festa giroak, bertsolari eta trikitilariekin:

  • 18:30. Bertso saioa. Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Iker Zubeldia eta Unai Mendizabal. Gai jartzailea: Igotz Alkorta.
  • 20:30. Izer era Alabier trikitilariak.
  • 21:00. Barrikotea.
  • Afal ondoren. Izer era Alabier trikitilariak.

Bihar izango dute festetako azken eguna, egun handia: San Esteban eguna. Eta honakoa da biharko prestatu duten egitaraua:

  • 11:00. Meza nagusia.
  • 12:00. Hamaiketako herrikoia.
  • 17:00. DJ Nai, Mugi Boogie! (3-12 urteko haurrentzat familiekin).
  • 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
  • 19:30. Peppermint sextet taldearen kontzertua.
  • 21:00. Barrikotea.

Erlazionatuak

Tanto onak, sagardo hobeak

Josu Artutxa Dorronsoro abu 02, 14:27 Larraul

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!