Larraulgo jaiak 2026

Iñaki Esnalen eskutik hasi dituzte sanestebanak

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko uztailaren 31

Larraulen bizi den hernaniarra izan da pregoilaria, herrian pilotaren alde egin duen lanagatik; «barre egiteko, dantzatzeko eta elkarrekin gozatzeko egunak ditugu aurretik», esan du.

Arratsaldean hasi dira Larraulgo festak, eta astelehenera bitarte luzatuko dira; abuztuaren 3an ospatuko dute egun handia: San Esteban Eguna. Txupinazoa eta buruhandiak izan dira jaien lehen minutuetako protagonistak. Suziria lehertu aurretik, Iñaki Esnal pilotari ohiak hartu du hitza. Hernaniarrak zenbait urte daramatza Larraulen bizitzen, eta lan handia egin du herrian pilotaren alde. Hori eskertzeko, herriko festen txupinazorako pregoilari izendatu zuen jai batzordeak.

Esnalek 17 urte egin ditu Larraulen pilotariak hazten eta entrenatzen. «Ohore handia izan da entrenatzaile aritzea. Aberasgarria izan da pilotariekin egotea eta haiek ezagutzea. Hazten eta hezten ikusi ditut, eta lehen haurrak zirenak dagoeneko helduak dira. Gure kulturaren, historiaren eta izaeraren zati bat da pilota; frontoiean ikasten da irabazten, galtzen, errespetatzen, ahalegintzen eta talde baten parte izaten», adierazi du udaletxeko balkoitik.

Larrauli eta herriko jaiei buruz ere hitz egin du. «Herri txikia da gurea, baina bihotz handikoa. Elkar ezagutzen dugu, eta behar denean, elkarri laguntzen diogu. Guztion artean egiten ditugu festak. Askotan, boluntarioen lana ez da ikusten, baina zuei esker posible dira gaur hasten ditugun jaiak. Barre egiteko, dantzatzeko eta elkarrekin gozatzeko egunak ditugu aurretik; beraz, egin dezagun hori guztia errespetuz, alaitasunez eta inor baztertu gabe». 

Behin txupinazoa eginda, herriko haurren gozamenerako, gozokiak bota dituzte udaletxeko balkoitik, eta gero buruhandien aurretik korrika aritu dira. Une honetan, barrikotea egiten ari dira, eta 22:00etan bingo musikatua egingo dute, Gure Plazatxok! antolatuta.

Honakoa da datozen egunetarako egitaraua:

  • ABUZTUAK 1, LARUNBATA
    • 11:00. Haurrentzako ginkana.
    • 12:00-14:00. Puzgarriak.
    • 14:00. Haur eta nerabeen bazkaria.
    • 16:00-18:00. Puzgarriak.
    • 16:00. Mus txapelketa.
    • 19:00. Herri kirolak, herriko gazte eta haurren artean.
    • 21:00. Herri afaria.
    • 00:00. DJ Naza.
    • 04:00. Baratxuri zopa.
  • ABUZTUAK 2, IGANDEA
    • 10:30. Haur eta afizionatuen pilota partidak.
    • 12:30. Sagardo dastaketa.
    • 13:00. Toka txapelketa.
    • 14:30. Paella jatea.
    • 18:30. Bertso saioa. Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Iker Zubeldia eta Unai Mendizabal. Gai jartzailea: Igotz Alkorta.
    • 20:30. Izer era Alabier trikitilariak. 
      Afal ondoren segida.
    • 21:00. Barrikotea.
  • ABUZTUAK 3, ASTELEHENA. SAN ESTEBAN EGUNA
    • 11:00. Meza nagusia.
    • 12:00. Hamaiketako herrikoia.
    • 17:00. DJ Nai, Mugi Boogie! (3-12 urteko haurrentzat familiekin).
    • 18:30. Patata tortilla lehiaketa.
    • 19:30. Peppermint sextet taldearen kontzertua.
    • 21:00. Barrikotea.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!