Txernobilgo eta Saharako umeei harrera egin diete Larraulen

Ginkana batean parte hartu eta zenbait joko tradizional ezagutzeko aukera izan dute. Ondoren, udalak mokadua banatu du bertaratutako haurren eta haien familien artean.

Gipuzkoan uda pasatzen ari diren Txernobilgo eta Saharako haurrei eta haien familiei harrera egin diete gaur Larraulen. Ginkana batean parte hartu dute umeek, eta lurraldeko zenbait joko tradizional ezagutzeko aukera izan dute, hala nola sokatira, txinga probak eta zaku lasterketak. Horrez gain, sagarrak biltzen ere trebetasuna erakutsi dute bertaratutako umeek.

Ehun bat ume elkartu dira Larraulgo frontoian. Ekitaldian izan dira Maite Arana herriko alkatea eta Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatu Azahara Domingez ere. «Jarduera horietan guztietan Larraulgo udalekuetan parte hartzen duten umeek ere hartu dute parte, eta, horri esker, elkarbizitzaz eta dibertsioz betetako goiz zoragarria izan da», adierazi du foru diputatuak. Goizaren amaieran, umeei mokadua eman diete Zirta ostatuan.

Nabarmendu duenez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Sailak Mugi txartelak banatu dizkie haur horiei, uda gure artean pasatzen duten bitartean garraio publikoa erabili ahal izan dezaten.

«Gaur oso egun polita izan da. Foru Aldunditik nahi dugu ume hauek uda seguru, osasuntsu eta zoriontsua igarotzea gure artean», esan du foru diputatuak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!