Markel Aranburuk hartuko du Maribel Vaquerok utzitako zinegotzi kargua

Ataria 2026ko maiatzaren 5a

Maribel Vaquerok kargua utzi ondoren, Markel Aranburu izango da EAJko zinegotzi berria Larraulen; ekimen berriak aurkeztu ditu herrirako.

Larraulgo Udaleko zinegotzi aldaketa iragarri du EAJk. Maribel Vaquerok, karguan zegoenak, dimisioa eman behar izan du, Madrilgo Gorteetan EAJ taldearen bozeramaile gisa duen erantzukizunagatik. Markel Aranburu haren ordezkoak apirilaren 28an hartu zuren kargua, osoko bilkuran, Joxe Agustin Arrieta alderdikidearekin batera.

Berrikuntza honekin, Larraulgo EAJk udal politikari bultzada berri bat eman nahi dio. Aranburuk eta Arrietak azpimarratu dute helburu nagusietako bat herritarren parte hartzea indartzea eta herriko herritar guztien ongizatea bultzatuko duten ekimenak bultzatzea izango dela. Proposatzen dituzten lehen neurrien artean daude, besteak beste, hiru hilean behin auzo-batzar bat sortzea, etxe eta baserriei inkestak egitea haien oinarrizko beharrak ezagutzeko, eta herritarrekin whatsapp bidez komunikatzeko zuzeneko kanal bat sortzea. Gainera, hurbileko udalerriekiko lankidetza azpimarratuko dute, bai eta birgaitze eta alokairu eskuragarrirako laguntzak bilduko dituen premiazko etxebizitza plan bat sortzea ere.

Era berean, landa turismo jasangarria sustatzen lan egin nahi du EAJren udal taldeak, eta eskola publikoari laguntzen jarraitzeko konpromisoa hartu du. Gizarte politika indartzea ere aurreikusi dute, bereziki zahartze aktiboari eta adinekoei lagunduz.

Markel Aranburuk eta Joxe Agustin Arrietak adierazi dutenez, garai berri honi «erantzukizunez, errespetuz eta gogo biziz» egingo diote aurre, «Larraul hobetzen jarraitzeko eta udalerri parte-hartzaileagoa eta ingurunearekin konprometituagoa eraikitzeko».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!