Obus bat aurkitu dute Larraulgo leize batean

Ataria 2025eko urriaren 8a

Ertzaintza bertaratu da, eta lehergailua aztertu ondoren, bi aldiz leherrarazi dute, lehenengoan ez baita erabat deuseztatu. Alkizan ere entzun dira leherketak.

Larraulgo leize batean garbiketa lanak egiten ari zirela obus bat topatu dute. Lan bertikalak egiten dituen enpresa bateko langileek topatu dute. Hain zuzen, Lurpea Garbi elkartekoek garbitu beharreko leizeak identifikatu zituzten, eta horri jarraituta eskatu zuen Larraulgo Udalak herriko leize horretan pilatutako hondakinak ateratzea. Horrela topatu dute obusa. «Bigarren astea da jada hemen garbiketa lanak egiten ari garela. Bagenekin inguruko baserritarrek eta Aranzadikoek esanda zerbait egon zitekeela. Joan den astean azaleko hondakinak ateratzen aritu ginen, bolumen handieneko hondakinak, eta aste honetan beste fase batean hasi gara; leizean behera egin dugu eta zuloetan barneratu gara, hor azaldu da obusa. Protokoloa jarri dugu martxan eta Ertzaintza etorri da. Ondorioz, lanak gelditu egin ditugu», esan du hondakinak ateratzen aritu den enpresako Patxi Navasek.

Jose Luis Beobide leizea dagoen lursaileko jabea da eta harrituta dago aurkikuntzarekin; ez ordea, Koldo Jauregi larrauldarra: «Herrian horri buruz zeozer hitz egin izan da, duela 50 urte edo. Niri adineko pertsona batek esan zidan aspaldi, gerra bukatuta, leizera gauzak bota zituztela. Herritarrek bazuten susmoa, gorago lubakiak zeuden eta jende askok esaten zuen pistolak eta bota zituztela. Baina orain arte ez da ezer atera».

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!