Munduko Txapelketa amaitu berritan, Eñaut Urkaregi txirrindulari larrauldarrak junior mailako Europako Txapelketan parte hartu zuen, eta erlojupekoan bosgarren postua lortu zuen. Ayala Serrano larrauldarra 23 urtez azpiko mailan izan zen lehian.
Urkaregik bi probetan parte hartu zuen, erlojuaren aurkakoan eta errepidekoan. Emaitza onena erlojuaren aurkako proban lortu zuen, bosgarren postua. Ibilbidearen 24 kilometroak 31.45eko denboran egin zuen, dominetatik 30 segundotara eta Michiel Mouris txapeldunarengandik 55 segundotara. «Indarrak ondo egokitu ditut, eta nuen guztia eman dut. Podiuma segundo gutxira egon da, baina pozik nago lehen bost postuetan sartuta», esan zuen larrauldarrak proba bukatu berritan. Errepideko proban ez zituen sentsazio hain onak izan, eta 35. postuan iritsi zen helmugara.
Bestalde, Espainiako selekzioko kidea zen Paula Blasiri laguntzen aritu zen Ayala Serrano, eta hark txapelketa irabaztea lortu zuen. Serrano 34. postuan helmugaratu zen, irabazlearengandik 6.35ra.