Proba gogorra izan dute junior mailakoek Ruandan jokatu den Munduko Txapelketan, eta Eñaut Urkaregi txirrindulari larrauldarrak ez ditu sentsazio onak izan. «Hasieratik bagenekien oso gogorra zela, eta kanporaketa proba bat bezala izango zela. Bi igoera horiek garbi markatzen zuten zirkuitua oso gogorra zela. Gure estrategia zen Benjamin Noval selekzioko kidea pixka bat erreserbatzea bukaerarako, eta besteok ahalik eta ondoen egitea. Ahal bazen, ihesaldia harrapatzea».
Ez zituen Urkaregik hanka hoberenak: «Ez naiz bakarra ez dituenak sentsazio hoberenak topatzen hemengo klimagatik-eta. Saiatu naiz aurrera egiten, eta gero tropelak harrapatu gaituenean, gauza gutxi egitea tokatu zait, ez nuelako pedal kolpe onena». Espainiako selekzioarekin lehiatu da Urkaregi, eta selekzioko bi kide, Benjamin Noval eta Javier Cubillas, aurreko postuetan egon dira proban zehar. «Oso ondo aritu dira aurretik, aurpegia ematen, eta uste dut bai Novalek eta bai Cubillasek domina merezi zutela. Baina azkenean Cubillasi indar pixka bat falta izan zaio, eta Novalek erorikoa izan du eta ez dio utzi dominetan sartzen. Azkenean, tristura pixka batekin geratu gara. Uste dut selekzio guztiak oso lan ona egin dugula eta erremate hori falta zela. Baina etorriko dira egun hobeak».