Eñaut Urkaregik Kigaliko Munduko Txapelketan parte hartuko du

Ataria 2025eko irailaren 22a

Bihar, erlojupekoan parte hartuko du txirrindulari larrauldarrak; ostiralean, berriz, errepideko proban ariko da.

Eñaut Urkaregi Sanzek (Larraul, 2007) junior mailako errepideko Munduko Txapelketan parte hartuko du, Kigalin (Ruanda). Berriki, pistako munduko txapeldun izan da Danena Kirol Elkarteko txirrindulari larrauldarra, madison proban. Bada, Kigalin, bi probatan parte hartuko du Urkaregik: erlojupekoan eta errepidekoan. Adituek adierazi dutenez, gogortasuna izango da Kigaliko munduko txapelketen bereizgarri handiena. «Mila muinoen lurraldea» deitzen diote Ruandari, eta hori argi ikusi daiteke ibilbideen diseinuan.

Erlojupeko proba bihar izango da. 83 txirrindularik parte hartuko dute, eta BK Arena kantxan kokatutako irteera puntutik irtengo dira. Urkaregi 72. tokian irtengo da, 15:43:30ean. 22,6 kilometroko luzera izango du ibilbideak, eta txirrindulariak, uneoro, 1.400 metrotik gorako altueran ibiliko dira. Ibilbidearen erdian, Nyanzako gaina igoko dute; 2,5 kilometroko igoera da, %5,8ko bataz besteko maldarekin. Probaren amaieran, berriz, Kimihururako gaina igoko dute; 2,5 kilometroko igoera da, %6,3ko bataz besteko maldarekin.

Errepideko proba, berriz, ostiralean izango da. 14,9 kilometroko zirkuitua 8 aldiz egin beharko dute txirrindulariek, ibilbidearen 119,3 kilometroak burutu arte. Gainera, 2.435 metroko desnibel positiboa izango du lasterketak. Kasu honetan, 1.400 eta 1.500 metroko altueren artean ibiliko dira, eta itzuli bakoitzean, lehen aipatutako Kimihururako gainaz gain, Kigali Golf gaina ere igo beharko dute; bigarren honek, 800 metroko luzera eta %8,1eko bataz besteko malda ditu. 8:00etan abiatuko dira txirrindulariak, eta lehena, 11:15 aldera helmugaratzea aurreikusten dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!