Gure Plaza Txo! proiektua aurkezteko bilera egingo dute

Ataria 2025eko irailaren 16a

Gure Plaza Txo! ekimenean parte hartzen duten gaztetxoak iaz, Albizturko frontoian.

Aurkezpen bilera asteazkenean egingo dute, irailaren 17an, Urkipeko etxolan 19:00etatik aurrera. 12 eta 17 urte arteko nerabeen gurasoak daude gonbidatuta.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria saila eta Larraulgo Udala 2022ko urriaz geroztik elkarlanean dabiltza Gure Plaza Txo! proiektua aurrera eramaten. 12 eta 17 urte arteko nerabeen parte hartzea indartzeko ekimena da eta proiektua ezagutzera emateko bilera egingo dute irailaren 17an, asteazkenean, 19:00etan Urkipen, Parke Zaharreko etxolan. Adin horretako seme-alabak dauzkaten gurasoak daude gonbidatuta aurkezpenera.

Duela hiru urte jarri zuten martxan Gure Plaza Txo! proiektua, 1.000 biztanletik beherako 9 udalerritan, tartean dira, Larraulekin batera, Albiztur, Alkiza, Berrobi, Bidania-Goiatz, Elduain, Ikaztegieta eta Lizartza. Aisialdia lanerako erreminta bihurtu, eta nerabeen beharrei erantzuten diete, komunitatearekiko loturak sortu eta herriko dinamikak indartuz.

Proiektuko hezitzaile batek lagunduta ikasturtean zehar nerabeekin hainbat ekintza eta jarduera antolatzen dituzte, herrietan eta haietatik kanpora ere bai. Herriko eragileekin elkarlanean komunitateari begirako ekintzak prestatzen dituzte nerabeek egun berezietan.

Aurkezpenera gerturatzeko gonbita luzatu diete arduradunek Larraulgo herritarrei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!