Elkarrizketa

«Sekulakoa da munduko txapeldunaren maillota jartzen dizuten unea»

Imanol Garcia Landa 2025eko irailaren 10a

Urte oso berezia izaten ari da txirrindulari larrauldarrarentzat. Pistako Munduko Txapelketan bi domina lortu ditu, eta Lidl-Trek talde profesionalak fitxatu egin du oraindik jubenil izanik.

Junior mailan pistako Munduko Txapelketatik bi dominekin itzuli zen Danena Kirol Elkarteko Eñaut Urkaregi (Larraul, 2007): urrezkoa madison proban, Eric Igualekin lortuta, eta zilarrezkoa banakako jazarpen proban. Gainera, errepidean hainbat garaipen lortu ditu, eta Lidl-Trek talde profesionalak fitxatu du datozen hiru urtetarako. Omenaldia jaso berri du herrian bere lorpenengatik.

Nola bizitu zenuen omenaldia?

Jakin nuen omenaldi bat egingo zela, baina ez nuen uste horrelako muntaia egingo zutenik. Oso polita izan zen eta oso ondo pasa genuen.

Jende asko izan zen, tartean Danena kirol elkarteko eta Andoain txirrindulari eskolako txirrindulariak.

Larraulgo plaza beteta gutxitan izaten da, jende gutxi gara eta. Festetan bertsolariak etortzen direnean-eta bete izan da. Zuk ikusten duzunean zuregatik etorri dela jende hori guztia, harro sentitzen zara.

Espero zenuen Munduko Txapelketan horrelako emaitzak lortzea?

Inoiz ez duzu espero, baina joaten zaren momentutik aukera dago lortzeko; azkenean zerbaitegatik zoaz. Lana ondo egin genuen, bai egonaldietan eta baita etxean ere, entrenamendu serio eta berariazkoak eginez. Indartsu iristen ginen, baina ez duzu espero hori lortzerik. Gero, errealistak izan ginen, eta ikusita zer denborak egiteko gai ginen, gero eta gertuago ikusten genuen domina hori eta azkenean lortu genuen.

Lehenengo domina, zilarrezkoa, jazarpen proban lortu zenuen.

Ni azken bigarren ateratzen nintzen eta ikusten nuen aurretik jendea egiten ari zen denbora eta nik pentsatuta neukan denboratik ez zeuden batere urruti, eta horrek ere beste motibazio bat eman zidan. Ikusten nuen gai nintzela finalean sartzeko; nik 3.10eko denbora egin nuen eta horrekin behin behineko bigarren denbora onena egin nuen. Gero txanda bat falta zen, eta ikusita bertan parte hartzen zuten biek ez zutela denbora hobetu, sekulako poztasuna hartu nuen.

Behin domina ziurtatuta, gero urrezkoa lortzea zaila izan al zen?

Azkenean goizean emozionatu egin ginen bigarren postua ziurtatuta izanik, eta gero berriz jarri behar duzu lanean. Hankek min ematen dute, eta ez da berdina. Finalean aurkaria indartsu zegoen eta ezin izan genuen ezer egin.

Eta urrea lortzea nola bizitu zenuen?

Eric Igual eta biok Europako Txapelketan parte hartu genuen proba horretan, eta ez zitzaigun oso ondo atera, ez ginen indartsuenetakoak izan. Munduko Txapelketa honetan, Ericek dagoeneko urre bat lortua zuen, nik zilar bat, eta ikusten genuen indartsu geundela. Ikusten genuen ere madison proba oso zaila dela. Oso konplikatua da, itzuli asko dira, erreleboak eman behar dira, esprintak daude... Ez genuen inongo momentuan pentsatu irabaziko genuenik. Baina karrera aurrera joan ahala, aurreneko hiru esprintak irabazita, ikusi genuen posible zela.

Zer sentitzen da munduko txapeldun izanda?

Momentuan ez duzu sinisten. Puntu batengatik irabazi genuen, eta proba bukatuta hiru edo lau minutu eduki gintuzten emaitza esan gabe, epaileek ez zekitelako ondo nork irabazi zuen. Sekulako gorakada izan zen eta laino batean igota bezala sentitzen zara. Maillot hori janzten dizutenean sekulakoa da.

Errepidekoan ere oso emaitza onak lortu dituzu. Zer nabarmenduko zenuke?

Denboraldi ia osoa nabarmenduko nuke. Lehengo urtetik hona salto handi bat egin dugula iruditzen zait. Igande honetan Liernin lortutako garaipena kontuan hartuta, hamasei garaipen lortu ditut denboraldian. Azpimarratzekoak Espainiako Txapelketako bigarren postua edo Gipuzkoako Itzulian lau etapak irabaztea. Borobila joan da, lesiorik gabe, eta beste ezbeharrik gabe.

Lidl-Trek talde profesionalean ariko zara. Sekulakoa da jubenil mailatik zuzenean profesionaletara joatea.

Oso gutxitan izaten den aukera da. Helburuak garbi genituen urte hasieran eta horregatik neguan gogor egin nuen lan. Helburuetako bat bazen horrelako talde batera pasatzea. Denboraldia oso indartsu hasi ginen, San Vicenteko UCI mailako proban irabaztea lortu nuen, eta orduan hasi ziren fitxatzeko deiak. Hortik aurrera, lasterketa onak egin genituen, eta Paris Roubaix probara ere joan ginen, nahiz eta ez oso ondo atera. Ikusita nola nenbilen, Markel Irizar kontaktuan jarri zen eta gurekin pare bat bilera egin zituen. Gure errendimendua nolakoa zen ikusita, gure zenbakiak, eta gure jarrera eta izaera, hori kontuan hartzen dutelako, fitxatu egin ninduten.

Nola aldatuko da orain zure txirrindulari bizitza?

Denboraldia bukatzen dudanean, bi egonaldi ditut beraiekin. Lehenengo Alemaniara joan behar dut, urriaren erdialdera, eta gero abenduaren hasieran Calpera, training camp egitera. Gero pixkana joango gara karrerak egiten. Aukera dago, ondo ibiliz gero, karreraren bat World Tour taldearekin egiteko, adibidez Indurain Saria edo Getxo. Helburua izango litzateke horrelako karrerak lehiatzea, etxe inguruan direnez, familia eta lagunak joan ahal izateko.

Oraingoz bigarren taldera zoaz, ezta?

Hori da. Realean lehen taldea eta Sanse dagoen moduan, bi talde ditu Lidl-Trekek. Bigarren taldea harrobia bezala da, devo deitzen diotena. Bigarren taldean egonda ere, aukera duzu goiko taldearekin proba batzuetan parte hartzeko.

Larraulen bizitzen jarraituko duzu?

Bai, hemen biziko naiz, baina egia da ez dudala denbora asko pasako etxean. Karrerak direla edota egonaldiak direla, kanpoan egongo naiz. Aurten apustua egin dut txirrindularitzarekin; ikasketak ez ditut utzi, eta kiroletako goi mailako ziklo bat egiten ari naiz Internet bidez. Helburu nagusiena txirrindularia izatea da, baina badakigu oso zaila dela, eta badaezpada beste plan batzuk ere izan behar dira.

Helburu zehatz bat baduzu hiru urte hauetarako?

Horrelako talde batera joaten zarenean, helburua garbia da. Hurrengo hiru urtetarako sinatu dut, eta helburua izango da hiru urte horiek eta gero World Tour mailara pasatzea, eta txirrindularitzatik bizitzea.

Errepideko Munduko eta Europako txapelketak dituzu aurki. 

Uste dut indartsu nagoela, eta helburuak pistan bezala izango dira: ez dakizu zer gertatuko den, baina hara zoazen momentutik beti dago aukera zerbait egiteko. Beraz, lehen postuengatik borrokatzen saiatuko gara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!