Larraulgo Ekomuseoa modu autonomoan bisitatu ahal izateko berrikuntzak egin dituzte horretarako teknologia berriak baliatuta. Hemendik aurrera sarrera online erosi eta jasotako kodearekin museoa zabaltzeko aukera izango dute bisitariek. Gainera, museoaren edukia irisgarriagoa egiteko, argiztapena berritu eta bideo eta interpretazio panel berriak jarri dituzte.
1998an hainbat herritarrek emandako piezekin abiatu zen museo etnografikoaren proiektua. Handik urte batzuetara, 2009an, herritarrek osatutako Dina-7 kultur elkarteak hartu zuen museoa dinamizatzeko ardura eta orduan aldatu zioten izena: Larraulgo Ekomuseoa. Hainbat urtetan, tailerrak, bisita gidatuak eta zenbait ekimen antolatu zituzten. Azken urteetan, udaleko kultura teknikaria arduratu da museoa erakusteaz, beti ere, haren aukeren arabera.
Asteburu eta jaiegunetan museoa ikusteko aukera mugatua zela ikusita egin dituzte berrikuntzak eta teknologia berriak baliatu dituzte horretarako. Alde batetik, webgune bat sortu dute, museoan bisitariak zer aurkitu dezakeen azaltzen duena; eta bestetik, berriz, atari horretan bertan, museoa bisitatzeko erreserba egiteko aukera jaso dute. Eguna eta ordua zehaztuta, bezeroari kode bat helarazten zaio; kode hori erabilita zabaldu ahal izango du museoko atea, ordubetez, modu autonomoan, bisita egin ahal izateko.
Ondare baliotsua
Larraulgo Ekomuseoak landa-ingurunean azken hamarkadetan izandako aldaketak interpretatzen laguntzen du. Museoko pieza gehienek nekazaritzarekin loturiko lanekin dute zerikusia (laiak, karroak, kazuelak, erremintak...), baina badira erlijioaz, merkataritzaz, kirolaz, gerraz, festaz eta emigrazioaz aritzen diren piezak ere.
Ekomuseoak ondare baliotsua du, baserriaren inguruko bilduma etnografiko aberatsa izateaz gain, erakusten du larrauldarrek bere ondarearekin duten inplikazioa, pieza gehienak herritarrek utzitakoak baitira.
Turismo Jasangarriaren Planaren barruko interbentzioa
Tolosaldeko turismo arduradunak konturatuta zeuden turista fluxuak eskualdean banatzeko eskaintza egituratu baten falta zegoela. Disponibilitate zabaleko aukerak proposatzeko eta erreserbak modu erraz batean eskaintzeko, egokiak iruditu zitzaizkien teknologia berriak, ahultasunei heldu eta landa turismoaren segmentuan sakontzeko aukera ematen dutelako.«Natura, lasaitasuna eta pilaketarik gabeko aisiaz gozatzeko eta Tolosaldeko landa ingurunea ezagutzeko esperientzia bat sortu nahi izan dugu», aipatu dute arduradunek.
Tolosaldeko Turismo Jasangarriaren planaren barruan lehiakortasuna da laugarren ardatza eta ardatz horri dagokion lehenengo ekintzaren barruan, jasotzen da eskaintza kultural turistiko sortzeko eta hobetzeko borondatea. Larraulgo Udalarekin lankidetzan berritu dute orain museoa, landa eremuko bizitza eta ondare kulturala nola eraldatu den interpretatzeko. «Landa eremuko bizitza eta ondare kulturala nola eraldatu den interpretatzeko tresna ezin hobea da eta, orain, altxor hau edonork ezagutzeko eskuragarriago egongo da», esan du Maite Arana herriko alkateak. Museoa eraberritzeko ekarpena egin dutenen artean opari bat banatu du udalak: Mirari Errondosoro kultura teknikari eta sortzaileak biomaterialarekin egindako giltza bat jaso dute, sinbolo gisa.
Tolosaldekoa Euskadiko Helmugako turismo jasangarritasuneko lurralde planaren barruan dago eta plan horrek, aldi berean, suspertze, transformazio eta erresilientzia planari egiten dio erreferentzia. Larraulgo Ekomuseoaren eraberritzea Europako Batasuneko Next Generation funtsekin finantzatu da.
|
MAITE ARANA «Justua da aurretik museoaren kudeaketan ibilitako Dina-7 taldea errekonozitzea. Izugarrizko lana egin zuten eta haiekin batera herriko hainbat baserritarrei esker ona adierazi nahi nieke, euren ondarea guztion esku utzi dutelako» |
|
ANDU MARTINEZ DE RITUERTO «Eskualdeko ondare etnografikoaren erakusle da museoa, eta turismoari ekarpen handia egiten dio, gure kultura zer den eta gu zer izan garen erakusten duelako eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzen dielako» |
|
KOLDO JAUREGI «Hasierako urteak oso zailak izan ziren, baina gora egin behar dugu eta denon artean eman behar zaio proiektuari segida, etorkizuneko belaunaldiek jaso dezaten» |
|
JACKES AGIRREZABAL. «Turistek benetako esperientziak nahi dituzte. Bailara honek erakutsi du badakiela transformatzen. Jendearen laguntzarekin, babes publikoarekin eta teknologia berriak baliatuta etorkizunera begira dago» |
