Zirta jatetxeak irabazi du Gipuzkoako Bakailao Pintxoen Lehiaketa

Ataria 2025eko apirilaren 9a

Larraulgo ostatuko Iker Urangak prestatutako Martizu pintxoa izan da onena. Pasa den urtean ere Zirtak jaso zuen sari nagusia.

Larraulgo Zirta jatetxeko Iker Urangaren Martizu pintxoak irabazi du Gipuzkoako Bakailao Pintxoen XI. Lehiaketa. Pintxoarekin zurrukutunari –baratxuriz eta bakailaoz egindako Euskal Herriko zopa lodia eta tradizionala– omenaldia egin nahi izan dio egileak. Martini kopa batean aurkeztu du pintxoa, eta bakailao tripakiak, txingar-maionesa eta galeper arrautza bat ditu. 

Atzo izan zen finala Pasaiako Juanba Berasategi Kultur Etxean. Urangak azaldu zuenez, «ia ahaztuta dagoen betiko errezeta bat» erabiltzen dute jakia prestatzeko. «Gure tradizioarekin gauza modernoak egin daitezkeela erakutsi nahi dugu, eta egungo garaietara ekarri nahi ditugu». Iaz ere Gipuzkoako Bakailao Pintxoen Lehiaketan lehen saria eskuratu zuen Baserri pintxoarekin.

Txapelketako bigarren saria Donostiako Alde Zaharreko Muxu Martin tabernari eman diote eta hirugarrena Donostiako Oquendo tabernari. Sukaldariek zuzenean prestatu zituzten pintxoak publikoaren eta epaimahaiaren aurrean. Cynthia Yaber Arzak-eko sukaldari buruak, Juanma Garmendia Fecogako presidenteak, Felix Manso sukaldariak, Josema Azpeitia kazetariak eta Alberto Santiago Santymar bakailaoko enpresariak osatu dute epaimahaia.

Txapelketaren helburua da bakailaoaren kontsumoa bultzatzea, produktua indartuko duten kalitatezko sorkuntzekin. Txapelketako finalean 16 sukaldari lehiatu dira euren pintxoekin.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!