ELKARRIZKETA

«Gauza xumeekin dator bizipoza, gauza txikiekin»

Imanol Garcia Landa 2025ko api. 13a, 07:58

Josu Jauregi geobiologoa eta geometrian aditua. I.G.L.

Unibertso osoa geometrian oinarrituta dagoela dio Jauregik: «Bestela dena suntsitu egingo litzateke». Euskal Herrian aitzindaria da bioeraikuntzan eta geobiologian, eta egun jarraitzen du ikasten eta baita erakusten ere.

Bioeraikuntza, geobiologia eta geometria uztartu ditu Josu Jauregik (Larraul, 1955), aulki bat orekan egoteko hiru oin balira bezala. Amalurrageometria.com webgunean jasota du zertan aritzen den, pentsionista izanagatik ere, oraindik hainbat zerbitzu, aholkularitza eta tailer ematen jarraitzen duelako.

Bioeraikuntzaren alorrean 30 urtetik gora egin dituzu.

Orain 35 bat urte hasi nintzen bioeraikuntzan. Eraikuntzan aritzen nintzen profesionalki, baina ez nintzen gustura sentitzen. Garai haietan liburu bat iritsi zen nire eskuetara, eta horrek begiak zabaldu zizkidan. Begiak zabaldu, baina gero ez zegoen beste ezer; ez zegoen, gaur egun bezala, libururik edo dokumentaziorik, inork ez zuen ezagutzen. Geobiologiaren berri izan nuen, eta begiak zabaldu zizkidan. Geobiologia eta bioeraikuntza uztartzea lortu nuen, eta hor ibilbide oso oparoa eta polita egin nuen, niretzako aberatsa. Gaur egun horretan jarraitzen dut.

Zer da bioeraikuntza?

Gure etxea osasuntsu izatea, bai material aldetik, bai energia mailan, bai etxeak arnasa hartzea osasuntsu izateko. Material naturalak erabiltzen dira, energia efizientzia... Orain modan dago, baina orain 35 urte gu horretaz ari ginen hizketan, aitzindari ginelako. Inguruan ahal den gutxiena kutsatu, etxea konpontzeko edo eraikitzeko garaian energia zenbat kontsumitzen den kontuan izan, gero horren iraupena luzarora zer eragin ekologiko izango duen beti kontuan izanik. Bioeraikuntza da etxe osasuntsu bat, han bizi direnak osasuntsu egoteko.

Zein liburu irakurri zenuen?

Mexikon egindako buztinezko etxe bati buruzkoa zen, eta han lehenengoz irakurri nuen «bioklimatiko» terminoa. «Eta hau zer da?; hemen zer aukera daude?» galdetu nion neure buruari. Kontzeptu horiek nire lanbidean nola txertatu jakin nahi nuen. Hori izan da baita nire bilakaera pertsonala ere, ez bakarrik bioeraikuntzari loturik. Oso aberatsa izan da.

Bioetxe enpresa jarri zenuen abian. Oraindik martxan dago?

Ez, jubilatu nintzen. Beno, jubilatu baino, pentsionista naiz. Oraindik saltsan jarraitzen dut.

Zer da geobiologia?

Ez da nahitaez etxe bati buruz aritu behar; orain, Ataria irratiko estudioan gaudela, estudioari buruzko azterketa bat egin dezake geobiologo batek: erradiazio artifizialak eta naturalak nola dauden, formak, koloreak, orientazioa... Zuek hemen lanean zaudetenak osasuntsu zaudeten edo ez. Ez bakarrik fisikoki, baita mentalki eta emozionalki ere; hori dena kontuan hartzen dugu.

Nola neurtzen da hori?

Erradiazio artifizialak instrumentu elektriko batzuen bidez neurtzen dira, arriskua dagoen ala ez, zer egin daitekeen, babestea merezi duen ala ez ikusteko. Kontaminazioa baldin badago, nola eragiten dien etxean bizi direnei edo lanean daudenei. Hainbati gehiago eragingo die, beste hainbati gutxiago. Erradiazio naturala hagaxka bidez, penduluen bidez edo gorputzarekin: sentitu eta ikusi ea azpian ura dagoen, faila geologikoa dagoen, memoriak dauden, guk sortutako memoriak, gero tximinia telurikoak dauden eta beste. Oso zabala da.

Bioeraikuntza eta geobiologia uztartu dituzu. Biak batera iritsi ziren?

Lehenengo bioeraikuntza, baina horrekin banuen susmoa zerbait bazegoela, eta geobiologiak leiho bat zabaldu zidan, izugarrizko aukera bazegoela lan egiteko, eta horiek biak uztartuta biak landu nituen.

Geobiologian ere aitzindari izan zara Euskal Herrian.

Bai. Espainiako GEA elkartearen sortzaileetako bat naiz. 1990. urtean sortu zen, eta aurretik ere aritu ginen lanean sortzeko. Beraz, Euskal Herrian aitzindaria izan naiz.

Azken 35 urtetan gehiago zabaldu al da gizartean?

Zabaldu da, baina ez nahi hainbat. Nik badaukat halako dezepzio bat: jendeak badu halako sena, baina ausardia falta da. Eraikitzaileak oso gutxi busti dira honetan, eta honek sakrifizioa ere eskatzen du. Lan gehiago egin behar da, gehiago pentsatu behar da, diru gutxiago irabazten duzu normalean, eta zenbait arlotan ez da oso erakargarria eraikuntzaren munduan dabiltzanentzat. Gero, norbaitek eskatzen badu, hor denetik dago. Mundu alternatiboan gauzak ez dira beti ondo egin... Jendea ari da gauza txikiak egiten, gauzak konponduz. Nik ez dut esaten etxe berria egin behar denik, baizik lehenagotik duguna nola konpondu. Adibidez, gure baserriak ekologikoak dira. Gure aitona-amonek-eta bioeraikuntza egiten zuten. Orain garai berrietan murgilduta gaude eta beharrak ere ezberdinak dira; egokitu egin behar da, hori egia da. Orain izugarrizko aukera dago bioeraikuntzan, etxe osasuntsu bat egiteko edo konpontzeko.

Bioeraikuntza eta geobiologia aipatu ditugu, eta zu geometriaren alorrean ere murgilduta zaude. Hirugarren hanka ote?

Bi oin dituen aulki bat erori egiten da, baina hirugarren bat badu ez. Halabeharrez, geometria uztartu egin dut geobiologiarekin eta bioeraikuntzarekin.

Nola iritsi zen geometria zure bizitzara?

Aspaldi geometria sakratuaren inguruan entzun nuen. Zer ote da sakratua? Egia da geometrian orain gutxi arte jakinduria zuenak sekulako boterea zuela. Gaur egun horrek ez du zentzurik. Egun milaka artikulu daude Interneten edozeinen eskura. Geometriak ere alor horretan aukera behar du. Geometria izan daiteke gauzak harmonizatzeko, osatzeko, zuzentzeko, baina baita ere besteei kalte egiteko ere. Beti pasatzen da: energiak mugitzen ari gara, eta hori ez badugu kontrolatzen kalte egin dezakegu nahigabe izanda ere; eta nahita, kalte handia izan daiteke. Horregatik, bestalde, sekretu eta sakratu kontu horrek zentzu pixka bat badu.

Zer da geometria?

Geometria da lurra, geo, eta neurri bat, baina unibertso osoa geometrian osatuta dago. Andoni Aizpuru eta bere lankideak, norbait aipatzearren, eguraldiaz hitz egiterakoan isobarak-eta azaltzen dituzte, eta horiek espiralean-eta azaltzen dira. Unibertso osoa geometrian oinarrituta dago, bestela dena suntsitu egingo litzateke. Eguzki sistema, ez balego geometriarik, suntsituta egongo litzateke aspaldi, eta unibertso gehiena ere bai noski. Geometria oinarritzeko neurri bat da, eta harmonikoa da edo ez da. Adibidez, lantoki bateko mahaiak neurri harmonikoa badu, ondo funtzionatuko du, eta bestela agian kosta egingo da. Geometriaren neurri harmoniko horiek aplikatzen dira etxe gaixoak sendatzeko. Bioeraikuntzaren irizpideak erabili behar direnean etxe berri bat egiteko eta aurrekoa konpontzeko, geometria oinarri hartzen badugu, neurri harmonikoak izango lituzke eta etxea osasuntsuagoa izango litzateke. Maiz erabiltzen dugu geometria etxe gaixoak harmonizatzeko.

Zenbaki edo proportzio jakin bat badago, neurri harmonikoa den ala ez zehazteko?

Ezagunena da urrearen zenbakia. Alde batean metro bat balu bezala, eta bestean 1,618 eta gero hamarrekoekin jarraituz. Adibide bat esatearren: mahai bat dugu edo ohea; metro bat zabalean eta luzeran 1,618... Baina proportzio hori erabili daiteke egiteko herriko plaza bat, baratzean lan egiteko, hiri baten trazatu harmonikoa egiteko... Proportzio hori da ezagunena, baina badaude beste neurri batzuk. Nik beste sistema bat erabiltzen dut. Raymond Montercy frantsesak egin zuen ikerketa handi bat eta aurkitzen zituen aztarnetatik osatu zuen puzzle moduko bat, mandala moduko bat, eta horretatik ateratzen dira ehunka neurri harmoniko. Izugarrizko aukera ematen du, edonon edozer gauzatan aplikatzeko: bai pastelgintzan, bai sukaldaritzan, jostun batek arropa egiterakoan, kotxe bat diseinatzeko... Konpainia multinazionalek bere logoetan geometria erabiltzen dute. Gero ikusi behar da zer intentziorekin erabiltzen duten, hori beste kontu bat da.

 

«Geometriaren oinarrietako bat ere bada geobiologian lantzen dugun sena, sentsibilitate hori»

Bi parte dituen tailer bat ematen ari zara Larraulen. Lehenengo partea aurreko asteburuan izan da. Zertaz aritu zara?

Geometriaren sarrera izan da. Margotu, sentitu... Geometriaren oinarrietako bat ere bada geobiologian lantzen dugun sena, sentsibilitate hori. Margotzen dena, ezartzen dena, sentitzen ikasi behar da, bestela hankamotz geratzen da. Geometria aplikatzerakoan jarri behar da sentimendua. Guk jarri dugun lan horrek, neurri horrek, eman diogun forma horrek, zer sentsazio sortzen digun. Adibidez, ariketak egin ditugu lau elementuekin. Lurraren neurria jarriko genuke, haizearena, suarena... Eta eterraren neurria jarriko genuke ere, bosgarren esentzia esaten zaiona. Gero, badaude beste neurri espezifiko batzuk, eta hori zertarako behar den eta hori nola aplikatzen den azaldu dugu. Horretarako, margotu eta sentitu dugu. Bakoitzak hartu dezala kontzientzia zertan eta nola erabili dezakeen hori. Lanketa bat da, eta nire helburua da jendeak aplikatzen ikas dezala.

Lurrak bere neurria duela diozu.

Bai, elementu bezala. Suak ere berea du, haizeak ere berea du, eta urak ere bai. Adibidez, norbaitengatik esan daiteke beti burua ilargipean duela, ez duela lurra jotzen, haize gehiegi duelako, edo beste norbaitek ideia pila bat ditu eta gero ez du ezer gauzatzen, bada, suaren falta du. Eta beste batek hau eta hau egiten du, baina ez du enpatiarik edo sentsibilitaterik, bada, uraren arazoa du. Hori da ariketa bat ikusteko norbera bere buruarekin nola dagoen lau elementuekin lanean; gabezia bat badu, osabidea izan daiteke hau aplikatzea edo beste hori aplikatzea. Norberaz aparte, bere etxean edota beste leku batzuetan aplikatu daiteke. Bada, dena da geometria eta milaka aplikazio ditu, imajinazioak duen bezainbeste, baina horretarako ikasi egin behar da, eta sentitzen ere ikasi behar da. Nik dakidana nire maisuek erakutsitakoa da, eta probatu egiten dut, ea zer gertatzen den neure buruarekin. Hori oso aberatsa da.

Beste tailer bat emango duzu, aurrekoarekin lotuta, maiatzaren hasieran.

Hiru egunekoa izango da eta asmoa dugu labirinto bat egitea Larraulen. Harriekin egingo dugu, neurri harmonikoekin, eta helburua da labirinto sendatzailea izatea. Badauzkat lehendik eginak, eta konturatzen ari naiz arbasoekin lotuta dagoela, bereiziki atea mendebaldetik egiten badiogu. Ez du esan nahi gure gurasoekin edo aitona-amonekin, askoz lehenago joanda, arbaso guztiekin lotura duela. Askotan ditugu gauzak konpondu gabe, haiek konpondu ez zituztelako, motxila kargatzen zaigu. Hori arintzeko, zauri hortik sendatzeko izugarrizko ahalmena dute labirinto horiek, ondo eginez gero.

Nola sendatzen dute, nolakoa izaten da prozesua?

Bertan ibilian, poliki-poliki. Kontzientzia jarriz, arnasketa zainduz, poliki-poliki. Hasieran jendea ez dago ohituta egotera, orduan nik gidatzen ditut, noiz gelditu azaltzen diet: blokeo bat sentituz gero, gelditu, eta gero berriro segi. Barruraino joaten dira, eta gero, atzera, berriro itzultzen dira. Bi aldeetara, sendatze bidea jartzeko. Orduan, pertsona batzuek izugarrizko aldaketa sentitzen dute.

«[Labirintoek sendatzen dute] bertan ibilian, poliki-poliki; nonbaiten blokeo bat badu han gelditu, eta gero berriro segi»

Eta nola liteke harrien artean ibilita, horrelako transformazio bat izatea?

Hori da benetako geometria sakratua. Helburua da ikastarora joaten direnek hori dena ikustea. Gero, bere etxean edo lagunen etxean, praktikan jar dezakete. Hori da helburua, irakastea eta beraiek egitea. Bigarren tailerrean parte hartzeko komeni da lehenengoan ere parte hartu izatea, bestela ez dute guztiz ulertuko.

Nondik dator labirintoak egiteko tradizioa?

Inguruko ezagunena Greziako Minotauroaren labirintoa da. Lehenagotik badaude; Eskandinavian badaude garai megalitikokoak, hau da, orain dela 5.000-6.000 urtekoak. Badaude, ezberdinak badira ere, Perun, Nazcakoak; oso aspaldikoak dira, eta ez dago adina zehaztuta. Hemen, Europan, landu dira azkeneko hiru mendeetan, bereziki Ingalaterran, lorategietan eta gehien bat landareekin. Ez dakit zehazki zer helbururekin, askotan seguruena lorategia polita izateko.

«[Mairu-baratzeetan] geometria ezarrita dago; orain dela 5.000-6.000 urte egin zirenean, jakinduria bazuten»

Euskal Herrian baditugu mairu-baratzeak. Horiek ez dira labirintoak, baina geometria aldetik badute esanahirik?

Horietan geometria ezarrita dago. Euskaldunei esan digute beti basatiak edo ezjakinak izan garela; hortik ere badugu, noski, baina orain dela 5.000-6.000 mila urte egin zirenean, norbaitek jakinduria eta ahalmena bazuen, azken batean harri mota horiek nonbaitetik ekarri eta leku zehatz batean jartzeko. Izugarrizko sena zuten kokatzeko; asko dugu geometrian ikasteko mundu megalitikotik.

Zein toki gomendatuko zenuke bisitatzeko?

Niri asko gustatzen zait Mulisko Gaina, Urnieta eta Hernani artean, Xoxokatik gora joanda. Oso energia ona du. Orain dela gutxi izan nintzen bertan talde batekin. Beste bat, baina ez dagoena hain ondo zainduta, Oiartzunen dagoen Pikoketa izeneko lekua. Zortzi mairu-baratze daude, bata bestearen jarraian. Oso txikiak dira, ez dute Mulisko Gainak duen energiarik, baina oso bereziak dira. Mulisko Gainean lau daude, eta bestean zortzi, eta hori ez da beste inon ikusten. Orokorrean, gehienak suntsituta daude, ziur aski erlijioaren eta erregimenaren eraginez, eta oso gutxi daude osorik. Baina badaude mairu-baratze dezente, trikuharriak oso gutxi —nik Gipuzkoan bi ezagutzen ditut osorik daudenak—, eta zutarri asko ere botata daude. Orain 35 urte Aranzadik 255 zituen identifikatuta Gipuzkoan, orain ez dakit zenbat izango diren. Nik aurkitu ditut hiru identifikatu gabe zeudenak. Amasamendin badaude orain 35 urte egindako zerrenda horretan ez dauden lau trikuharri, eta orain, identifikatuta daude. Horien guztien kokapena ez zuten besterik gabe aukeratu, energia enklabe energetikoetan daude. Batzuetan hobeak, besteetan ez hainbeste, baina guztietan badago. Izugarrizko jakinduria zegoen horiek eraiki zituzten garaian.

Zertarako eraiki zituzten mairu-baratzeak?

Arkeologian, orokorrean, esaten dute hilerriak zirela. Baina hilerri horiek hasi ziren egiten orain dela 3.000 urte inguru, eta monumentu horiek 5.000-7.000 urte dituzte. Hori da katedralak hilobiak direla esatea bezalaxe. Hilobiak daude, baina katedralak ez ziren egin hilerri bezala, ezta Egiptoko piramideak ere. Mairu-baratzeak zertarako? Kasu askotan erritualak egiteko, sendatzeko ere bai, festak egiteko, dantzak... Nola imajinatzen dugu orain dela 5.000-6.000 urteko gure arbasoek zuten mundu-ikusmena? Nolakoa zen beraien erlijioa? Beraiek ere bazituzten bere sinismenak.

Beste gai bati helduz, Etiopia-Utopia fundazioaren parte zara. Nola izan zenuen euren berri?

Josu Jauregi, hitzaldi bat ematen Etiopia-Utopia fundazioaren inguruan eskola batean. ATARIA

Erriberan kotxez nindoala elkarrizketa bat entzun nuen, Hernaniko Angel Olaran misiolariari egindakoa. Euskadi Irratiko ezagun bati deitu nion ea nor ote zen galdetzeko. Ezagutzen zuela eta kontaktua lortu eta deitu nion Etiopiara. Harrituta utzi ninduen kontatutakoarekin, eta berak kontatutakoa ezagutu nahi izan nuen. Bertara joatera gonbidatu ninduen eta baita joan ere. Lau aldiz izan naiz, eta bereziki bi proiektutan buru izan naiz. Urarekin lotutako proiektuak izan dira.

«[Etiopiara] joan eta hura ikusten duzunean, aldatu egiten zara, gu zer arraiotaz kexatzen garen galdetzen diozu zeure buruari»

Pobrezia askotan aipatzen da, eta badago, baina hemengoa eta hangoa ezin dira konparatu. Ez dut horrekin hemengo pobrezia gutxietsi nahi, ez da hori nire asmoa, baina beste kalibrazio bat du hangoak. Hara joan eta hura ikusten duzunean, aldatu egiten zara. Gu zer arraiotaz kexatzen garen galdetzen diozu zeure buruari. Guk dena daukagu eta halere kexatu egiten gara.

Etiopia-Utopia Bizipoza elkarteko kideetako bat da.

Josu Jauregi hizketan Bizipozaren jardunaldi batean. ATARIA

38 talde gaude egun Bizipoza plataforman. 2023an egin genuen Aiztondo bailaran jaia, eta Etiopia-Utopia beste hiru talderekin batera izan ginen protagonista. Buru-belarri ibili ginen lanean, bai plataforman bertan gauzak erabakitzen, gero eguna iristean ere bai, baita ere eskoletan sentsibilizazio lanak egiten, eta komunikabideetan ere bai. Bizipozaren helburuetako bat da euskara bultzatzea. Talde batzuk baliabide oso gutxi dituzte, batzuk sortu berriak dira, eta Bizipoza plataformaren bidez leiho bat zabaltzen zaie. Gure kasuan ere horrela izan zen. Gero, denon artean hornitu behar dugu plataforma hori, hau da, hartu eta eman egiten dugu.

Orain arteko zure ibilbideaz hitz egin ondoren, zer ikasketa nabarmenduko zenuke?

Galdera oso zabala da, baina behin, aurkezpen batean, bizipoza zer zen galdetu zidaten. Bizipoza berez hauskorra da, eta niretzako gauza xumeekin dator bizipoza, gauza txikiekin. Bereziki, barne begiradarekin. Norberak barnera maiz begiratzean datza, hausnarketak egitean datza, eta horren arabera, bizitzaren aurrean jarrera hori mantentzean datza. Hori guztia lortzen ari naiz ibilbide honekin guztiarekin.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!