Askotariko erabilera izango duen Urkipe izeneko etxola jarri dute Larraulgo Zabaleta parkean eta joan den ostiralean inauguratu zuten kultur astearen barruan. Kulturarekin eta aisiarekin loturiko ekimenak egiten dituzten bitartean, herritarrak elkarrekin harremanetan jarri nahi dituzte etxolan.
Hutsune bat betetzera datorrela dio Maite Arana Larraulgo alkateak: «Orain arte liburutegia eta eskola erabiltzen genituen, baina jendea sartu eta atera ibiltzeko ez dira toki aproposak. Bagenuen toki falta eta etxolak betetzen du herrian genuen hutsunea». Zabaleta zelaiaren aldamenean kokatu dute etxe prefabrikatua eta horretarako egokitzapen txiki batzuk egin dituzte parkean. Mantendu egin dituzte aurretik zeuden hiri altzariak: ping-pong mahaia, umeentzako jolasak, aulkiak eta mahaiak. «Eskola atzealdean egokitu genuen urmaelarekin batera, herrigunean dagoen gune berde gutxienetako bat da hori, eta ez genuen sakrifikatu nahi. Etxola nahiko ondo integratuta geratu da parkean, eta tokiak aukera handiak ematen ditu, batez ere, udan», esan du alkateak.
Erreserbak udalean
Urkiz ingurutako parkea da Zabaleta eta horregatik aukeratu dute etxolarentzat Urkipe izena. Herritarrek lauzpabost aukeren artean bozkatuta aukeratu dute. 25 metro koadro inguru ditu: sukaldea, trasteleku txiki bat eta gainerako espazio guztia erabilgarri geratzen da, libre; leihoak ere baditu eta argitasuna ematen diote barrualdeari. «Oraingoz mahai eta aulki tolesgarriak erabiliko ditugu, erabilera ezberdinak emateko etxolari. Printzipioz, ez dugu sofa bat eta telebista bat jartzerik aurreikusten, aurrerago ikusiko dugu espazio zein altzarirekin hornitu». Aranak nabarmendu du herritarrekin batera adostu nahi dutela eraikinerako ekipamendua.
Erabilera eta baita kudeaketa ere. Hemendik gutxira webgune baten bitartez tokia erreserbatzeko aukera izango dute herritarrek: hiru-lau orduko erreserba egin ahal izango dute fidantza txiki bat ordainduta. «Gure komunitatea txikia da, lasaia, eta gunea txukun eta garbi uzten dutela ikusi ondoren itzuliko zaie dirua herritarrei». Momentuz eta, webgunea martxan eduki arte, telefonoz egin ahal izango dira erreserbak.
Herritarrek erabakiko dute zein erabilera eman etxolari. Alkateak hainbat ideia aipatu ditu: «Epe ertainera baditugu asmo batzuk. Baserrietan bizi diren edadetu askok ez dituzte eskura hainbat zerbitzu. Besteak beste, bi hilez behin ile apaintzeko zerbitzua edo pedikura eskaini nahi genituzke Urkipe etxolan». Belaunaldiartekotasunean jarri du arreta Aranak, «erretiratuekin batera, irudikatzen ditugu gaztetxoak eta nerabeak espazio berdina partekatzen, hori herriarentzako aberasgarria izango da».
Etxe prefabrikatua erostea 45.000 euro inguru kosta zaio udalari. Oraindik ez dute finantziaziorik lortu baina alkateak esan du badituztela begiz jota zenbait diru laguntza lerro eta bertara aurkeztuko dutela proiektua. «Etxola ekartzearena egin dugun gauzarik onenetakoa izan da, badakigu etekin handia aterako diogula eta Larraulgo gizarte kohesiorako azpiegitura garrantzitsua izango da».
Kultur astearen barruan inauguratu dute azpiegitura eta dagoeneko herritarrek barrutik ezagutzen dute. Joan den ostiralean egin zuten aurreneko ekitaldia, Josu Jauregik hitzaldia eskaini zuen Urkipen; igandean, berriz, gazteek Gure Plaza Txo ekimenaren barruan pintxo lehiaketa egiteko baliatu zuten. Hemendik aurrera larrauldar guztien eskura egongo da.