Zirta jatetxeak irabazi du urrezko gilda

Ataria 2024ko urr. 2a, 07:57

Iker Uranga sukaldariak egindako 'Ke 1848 a Kea' pintxoa izan zen onena, astelehenean Gasteizko Abastos merkatuan ospatu zen Euskadiko II. Gilda txapelketan.

Espero gabe jaso du saria Iker Uranga Larraulgo Zirta jatetxeko nagusiak. «Guk ez genuen izena emateko asmorik baina animatzeko esan ziguten, izan ere, Gipuzkoako X. Bakailozko pintxo txapelketa irabazi genuen, eta azken unean animatu ginen txapelketa honetara», kontatu du Urangak. «Pintxo berritzailea» dela dio, eta inongo aurre prestaketarik gabe sortu bazen ere, argi zuen «gure jatetxea islatu behar zuen pintxoa sortu nahi genuen».

Esan eta egin. Gilda errespetatuz, hostore baten gainean gurina jarri, eta gurina hori antxoak 10 egunez beratzeko erabili zuten. «Gurina horretan oliba jarri genuen, Ibarrako piper bat erditik ireki eta bigarrada izeneko saltsa gazi-gozoaz bete genuen. Hori oso gozoa geratu ez zedin, jatetxean erabiltzen dugun azukre berezi bat ere gehitu genion», azaldu du Urangak. Azken ukitua, berriz, kearekin eman zioten.

Bi kosketan jaten den pintxoa dela dio Urangak, «txikia eta oso sinplea». Honekin Donostiako El Valles taberna omendu nahi izan dute, «bertan sortu baitzuten gilda pintxoa, 1848an». Hortik dator, hain zuzen, Zirta jatetxearen gilda pintxoaren izena ere: Ke 1848 a Kea.

«Gilda pintxoa oso erraz egiten den pintxoa da, eta gaur egun zapore asko uztartzen ditu, baina erraztasun horren barruan gure kea, gure sua eta gure zirta sartu nahi izan ditugu», gehitu du Urangak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!