Ayala Serrano, munduko onenen artean lehian

Ataria 2024ko ira. 25a, 17:00

Txirrindularitzako Munduko Txapelketa dago jokoan Zurichen (Suitza) eta bertan parte hartuko du Oriako Txirrindulari Eskolako Ayala Serrano larrauldarrak. Junior mailako errepideko proban ariko da, bihar 10:00etan hasiko den proban.

Serrano «gogotsu» dago proban parte hartzeko: «Aurreko urtean ere aukera izan nuen, baina ez zitzaidan atera nahi bezala. Azkenaldi honetan sentsazio onekin nabil, eta Europako Txapelketan ere horrela sentitu nintzen, beraz saiatuko gara Munduko Txapelketan ahal den ondoen egiten eta posturik onena lortzen».

Espainiako selekzioarekin lehiatuko da Serrano, eta bere egitekoa, selekzioko kideekin batera Paula Ostizi laguntzea izango da. «Europako Txapelketaren aurretik izandako egonaldi batean helburu nagusia Paulari laguntzea izango zela esan zitzaigun, eta ea berari laguntzeko aukera dugun, eta lortzen dugun zerbait berarekin. Bestela, gure kabuz saiatuko gara ahalik eta ondoen egiten».

Probak 73,6 kilometro ditu, eta ia 1.000 metroko desnibel positiboa. Zirkuitu bati bi itzuli emango dizkiote eta tartean igoera gogor bat izango dute. «Nire ezaugarrietara ondo egokitzen den ibilbidea da, eta egokia da selekzioko beste kideentzat», esan du Serranok. «Europako Txapelketan ibilbidea laua zen, eta moldatu behar izan genuen».

Orain gutxi izan den Europako Txapelketan ere helburua Paula Ostizi laguntzea zen. «Selekzio guztia tiraka jartzea zen asmoa, eta lasterketa azkar zihoanez, Paulak esan zigun esprintean iritsiko zela», esan du Serranok. «Baina helburua laguntzea zenez, denbora guztian oso aurrean ikusi nuen nire burua, ondo kokatuta, eta hor aurrean egotea niretzako garrantzitsua zen, aurreko urtean ez nuelako hori lortu. Oso pozik egon naiz sentsazio horiekin, ez nuelako pentsatzen hor izango nintzela». Azkenean 24. postuan amaitu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!