Larraulgo jaiak 2024

Pello Joxepe jaitsita, hasi dira San Esteban Jaiak Larraulen

Leyre Carrasco 2024ko abuztuaren 1a

Bost eguneko festa prestatu dute Larraulen, eta hain justu, gaur arratsaldean abiatu dituzte San Esteban Jaiak. Lourdes San Sebastian eta Maria Jesus Treku herriko baserritarrek jaurti dute aurtengo txupinazoa.

Tradizioarekin jarraituz, suziria jaurtitzearekin batera, Pello Joxepe elizatik behera jaitsiz abiatu dira Larraulgo festak. Lourdes San Sebastian eta Maria Jesus Treku herriko baserritarrek izan dute aurtengo txupinazoa botatzeko ardura. Bertan, herriko emakume baserritarrok egiten duten lana balorean jarri dute. «Emakume baserritarrok eguzkitik eguzkira lan egin izan dugu, baserrian, familia zaintzen, eta baita handik kanpora ere. Gaur, ordea, plazan gaude, herriaren bihotzean, guztion bistan».

Halaber, festa alaiak, berdinzaleak eta errespetuan oinarritutakoak nahi dituztela aldarrikatu dute: «Larrauldarrok, gure herria aspalditik dator eta, urrunera egin dezagun etorkizuneko bidea elkarrekin».

Behin suziria lehertuta, festa nagusitu da Larraulgo plazan. Umeentzako goxokiak bota dituzte udaletxeko balkoitik, eta batzuk ezustean harrapatu dituzte udaletxeko atetik korrika irten diren buruhaundi txikiak. Horren ostean, Lasko txaranga arduratu da txupinazo osteko festari jarraipena emateaz, eta gauean, herriko gazteek kanpaldia egingo dute.

Aurrerantzean ere ekintzaz beteko da Larraul. Egitarau guztia hemen ikusgai.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!