Larraulgo jaiak 2024

Festen maratoiak bi geldialdi izango ditu Larraulen

Endika Apalategi Labayen 2024ko uzt. 30a, 07:59

Abuztuko lehen egunean, Pello Joxeperen jaitsierarekin batera abiatuko dira Larraulgo San Esteban jaiak abuztuaren 4a bitarte. Hogei eguneko etenaren ostean, festak jarraipena izango du San Bartolome egunarekin batera.

Urteroko dinamikarekin jarraituz, txupinazoa bota eta Pello Joxeperen, herriko ikurraren jaitsierarekin batera emango diete hasiera Larraulgo jaiei. Lasko txaranga arduratuko da txupinazo osteko festari jarraipena emateaz, eta gauean, herriko gazteek kanpaldia egingo dute.

Bigarren eguna haur eta gazteei begirakoa izango da. Goizean, gazte kanpaldikoek gosariarekin hasiko dute eguna, eta jarraian, ur jolasak egingo dira. Gosariarekin nahikoa ez eta 14:00etan, haur eta gazteen bazkaria egingo da arratsalderako indarrak berritu ditzaten; izan ere, puzgarriak eta herri kirolak izango dira eguna ilundu bitarte egingo diren ekitaldiak. Eguna, barrikotearekin eta Bide Batez taldearen erromeriarekin amaituko da.

Jaietako lehenengo santuaren eguna, San Esteban eguna, abuztuaren 3an izango da. Meza, hamaiketako herrikoia, mus txapelketa eta Oh-Pera ikuskizuna izango dira gaua heldu bitarte egingo diren ekitaldiak. Egunari amaiera, herri afariarekin eta Ibiza gauarekin emango zaio.

San Esteban eguneko biharamuna indartsu hasiko dute larrauldarrek; izan ere, sagardo dastaketa eta toka txapelketa egingo dira goizean. Arratsaldea, antza, lasaiagoa izango da, bertsolarien saioa entzuteko aukera izango baitute 18:00etik aurrera. Jaien lehen zatiari amaiera, Izer trikitilarien emanaldiarekin eta barrikotearekin emango zaio.

Hogei eguneko etenaren ostean, abuztuaren 24an, San Bartolome eguna ospatuko dute Larraulen. Eguerdian bilduko dira herri argazkia ateratzeko eta hamaiketakoa egiteko herritar gehienak, eta egunari jarraipena, Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek emango diote, arratsaldean. Festak sardinak janez amaituko dituzte Larraulen.

Emakume baserritarrak pregoilari

Aurtengo jaiei hasiera emango dien txupinazoa Lourdes San Sebastian eta Maria Jesus Treku emakume baserritarrek jaurtiko dute. Maite Arana Larraulgo alkateak azaldu duenez «urte luzez Larraulgo herriarengatik egin duten lan guztiagatik» omendu nahi dituzte emakume baserritarrak; «izan ere, beraien lanagatik ez balitz, gaur egun bizi garen Larraul ezagutzea ezinezkoa litzateke». Bestalde, herritarrei jaietan egingo diren ekitaldietan parte hartzeko gonbita luzatu eta denen artean ono pasatzeko deia egin die Aranak.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!