Ikasleak protagonista izango dituen kontzertua

Ataria 2024ko eka. 4a, 17:00

Ostegunean, 18:30ean, 'Doinuak bidean' emanaldia eskainiko dute Larraulgo herri eskola atzealdeko urmaelean. Xabi Zeberio eta Iñar Sastre musikariak izango dituzte gonbidatu, besteak beste.

Larraulgo herri eskolak Doinuak bidean izeneko emanaldia prestatu du ekainaren 6an, 18:30ean eskola atzealdeko urmaelean. 20 lagunetik gora ariko dira musika saioan. Horietatik 16 eskolako ikasleak izango dira, eta beraiekin batera herritarrak, ikasle ohiak eta gurasoak arituko dira. Xabi Zeberio eta Iñar Sastre musikari profesionalek ere parte hartuko dute.

Herri eskolako Irune Etxabe musika irakasleak azaldu duenez Zeberiok eskolara egindako bisita batean du sorburua osteguneko emanaldiak. «Gabonetan antolatu genuen emanaldiaren amaieran ikasleek Min hau kantua abestu zuten. Urtarrilean Xabi bisitan etorri zitzaigunean elkarrekin kantatu genuen. Oso gustura egon ginen eta dinamika polita sortu zenez proposamena bota genion. Baiezkoa eman zigun eta horrela sortu da Doinuak bidean emanaldia».

Eskolako ordezkariak herrian galdezka hasi ziren eta herritarrak, ikasle ohiak eta gurasoak animatu dira parte hartzera. 11 abestiko errepertorioa prestatu dute. «Taldetxo batek sortu duen kantuaz aparteko guztiak bertsioak dira, euskal kulturarekin zerikusia dutenak eta denak oso ezagunak. Izarren hautsa bezalako klasikoak daude, baina baita Izaro edo Bulegoren kantuak ere. Jendea animatu nahi dugu publikotik gurekin abestu dezan», esan du Etxabek.

Ikasleak «jo eta ke» lanean dabiltzala nabarmendu du irakasleak: «Oso gustura gaude ikasleak egiten ari diren lanarekin. Zaila zen pentsatzea tamaina honetako kontzertu bat antolatu genezakeenik. Hemen eskolan saiatzen gara ahalik eta aukera gehien ematen, baina eskolatik kanpo ikasleek ez dituzte gitarra, ukelelea edota pianoa jotzen. Ez da erraza instrumentu horiekin aritzea eta erronka bat da beraientzat. Harro gaude egin duten lan guztiarekin».

Eskola atzealdean dagoen espazioari erabilera eman nahi diote eta horregatik antolatu dute kontzertua urmaelean. Eskolako ordezkariek esan dute ordubete inguruko iraupena izango duela emanaldiak eta behin bukatuta afari-merienda antolatu duela guraso elkarteak.

«Gogotsu daude ikasleak, ilusio handiarekin eta seguru gaude emanaldi polita izango dela», nabarmendu du Etxabek. Txikienak protagonistatzat hartuta, eskola barruan egiten duten lan guztia herriari erakusteko aukera izango dute, ostegunean, Doinuak bidean emanaldian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!