Asteartetik ostiralera eguneko menua eskaintzen dute eta, asteburuan, dastatze menua. Karta, berriz, edozein unetan dute eskuragarri. Egur goria da Larraulgo ostatuko bereizgarri, eta oreka neurtu bezain ausarta proposatzen dute betiko errezetak berreskuratzearen eta gaurkotzearen artean. Parada paregabea behinola dastatutako zaporeekin atzera modu berritu batean topo egin nahi dutenentzat.
Antzinako zein gaur egungo teknikek egiten dute bat Zirtako suen artean; eta mahaira aurkezten dituzten proposamenetan suma daiteke sugarrarekiko eta kearekiko begirunea.
Kalitatea, lege; eta irudimena, tresna
Erretegi bateko ohiko errezetak ere maisuki gauzatzen dituzte. Baina plater gogoangarriak aipatzekotan, izarra, haritz egurrean egindako bakailaoa da. Itsasoaren eta basoaren izatea batzen dira plater dotore eta fin bakarrean.
Aurretik aipatutako berreskuratzearen ordezkaria da, berriz, lapa zopa. Garai batean dastatutako zaporeetara eramango du probatzen duena. Eta hari berari tiraka sortu dute azken pintxo arrakastatsua: bakailao buruzko talo zopa. Azken honek eman du jatetxea txapela janztera Gipuzkoako X. Bakailaozko Pintxo Txapelketan.
Hori gutxi ez, eta jakiak laguntzeko edari aukera dotore bezain fin bat ere badute eskuragarri ahosabai finenentzat. Guztia, azken xehetasuneraino zaindutako jantoki eta zerbitzu batekin.
Bertakoarekiko errespetua
Zein da, baina, plater horien muina? Ez dute sekreturik: kalitatezko lehengaiak. Bertako produktuekin lan egiten dute ia-ia beti. Aipatutako guztiaz gain, eta Larraulgo ostatua izaki, pintxo-potea ere egiten dute ostiralero, betiere gertukoak zainduz eta erlaxatzeko giro paregabea sortuz.
- Helbidea. Herriko plaza 6 (Larraul)
- Telefono zenbakia. 943 69 18 55
- Webgunea. zirta.eus
- E-posta. zirta@zirta.eus
- Instagram. @zirtajatexea
- Facebook. Larraul herri ostatua