Koloreen inguruko mikro-ipuinak sortzeko deia luzatu dute

Tolosaldeko Ataria 2023ko abe. 15a, 12:50
Aurreko edizioetako bateko sari emate ekitaldia

Larraulgo udal liburutegiak V. Mikro-Ipuin lehiaketa antolatu du eta herritar guztiek parte hartu dezakete bertan.

Aurten ere Mikro-Ipuin lehiaketa antolatu du Larraulgo udal liburutegiak. Ipuinak sortzeko aurtengo gaia koloreak direla aurreratu dute antolatzaileek. Lanak euskaraz aurkeztu beharko dira, eskuz egindako ilustrazio bat lagungarri dutela. Parte hartu ahal izateko larrauldarra izan beharko da.

Kategoria ezberdinetan banatu dute lehiaketa.  2014 eta 2016 urte artean jaiotakoek 75 hitz baino gutxiago idatzi beharko dituzte; 2011-2013 urte artekoek 100 hitz baino gutxiago; 2009-2010 urteetan jaiotakoek 150 hitz baino gutxiago; 2006 eta  2008 urte artean jaiotakoek 175 hitz baino gutxiago; eta maila nagusikoek, 2005 urtetik atzera jaiotakoek, 200 hitz baino gutxiagoko ipuina sortu beharko dute.

Kategoria guztietan lehenengo eta bigarren sailkatuek opari-txekea eta diploma jasoko dute. Sari berdina eskuratuko du ilustrazio berezienak. Sariak eman gabe utz ditzake hiru larrauldar anonimok osatutako epaimahaiak. Hizkuntzaren erabilera, narrazioaren egitura, eta ilustrazioaren eta testuaren bateratze maila hartuko ditu kontuan epaimahaiak.

Lanak urtarrilaren 19a baino lehen utzi beharko dira liburutegian. Egileak lanaren kopia bat aurkeztu beharko du eskuz edo ordenagailuz egina. Lanak izenburu bat beharko du. Izenburuaren alboan, egilearen izengoitia edo adina jarri beharko da. Lanarekin batera, gutun azal itxi bat aurkeztuko da. Gutun azalaren barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta adina jarriko dira. Gutun azalaren kanpoaldean, berriz, lanaren izenburua eta egilearen izengoitia soilik jarriko dira.

Sariak otsailean banatuko dira modu publikoan egingo den ekitaldi batean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!