Aitortu du Maite Arana Perezek (Santurtzi, 1970) aurreko agintaldian modu "berezi" batean iritsi arren Larraulgo alkatetzara aurreko lau urteetan "lan polita" egin dutela udaletik herriaren alde. Lan horrekin jarraitzeko asmoak bultzatuta aurkeztu zen berriro PSE-EEko zerrendaburu gisa eta eskertuta agertu da herritarrek maiatzean eman zioten konfiantzagatik. Nahiko luke agintaldi amaierarako elkarrizketak euskaraz eskaini; oraingoz, gaztelaniaz erantzun die galderei.
Nola baloratzen dituzue udal hauteskundean izan zenituzten emaitzak?
Esperantza bageneukan aurreko lau urteetan egindako lanagatik. Beste zerrenda bat aurkeztuagatik gehiengoa atera zuen gureak. Sentitzen dugu herriak berretsi egin duela aurretik egin dugun lana eta aurrera begira egiten genien eskaintza. Berebiziko emaitzak izan dira guretzat eta oso eskertuta gaude.
Lan taldean nola antolatzen zarete udal kudeaketarako?
Aurreko agintaldiarekin alderatuta ezberdina da. Gure taldean kide berriak daude, besteak beste, herriaren ezagutza handia duen Pili Kortajarena. Lau urteotan oposizioan EAJko bi kide izango ditugu. Ez dugu oraindik astirik izan elkarrekin lan egiteko, baina oraingoz elkarbizitza positiboa da. Ahots guztiak dira ongietorriak eta jende guztiarengandik ikasteko prest gaude. Ahalik eta jende gehienarekin hitz egiten saiatzen gara eta esango nuke pultsua ondo hartua diogula herriari. Geroz eta jende gehiagok parte hartu, orduan eta proiektu hobeak aterako dira. Guk, dena den, iparrorratz berdinarekin jarraituko dugu, egiten dugun guztia larrauldarrekin adosten saiatuko gara.
Aurreko agintaldiko zein lorpen azpimarratuko zenituzke?
Aurreko lau urteak nahikoa nahasiak izan ziren, pandemia tarteko. Ibilian gindoazela asmatu behar izan genituen gauza berriak, sortzen zitzaizkigun beharrei aurre egiteko. Momentu zailetan elkar zaintzeko komunitate izpiritu hori indartuta atera zela esango nuke. Egoera hori izanik ere, lortu genuen ikusgarriagoak diren proiektu batzuk gauzatzea. Horietako bat frontoian itxitura jartzea izan zen eta lan horiek baliatu genituen pilotalekua berriro margotu eta txukun uzteko.Tokiko Energia Komunitatea ere martxan jarri genuen aurreko agintaldian, Gipuzkoan ia esperientzia pilotua izan zen gurea. Horregatik eskertzen diet herritarrei egindako ahalegina, energiaren mundua ulertzen erraza izan ez arren bizilagunak ausardia izan zutelako komunitateko kide izateko. Beste lorpen garrantzitsu bat eskola independente bat lortzearena izan zen. Larrauldarrek arantza hori sartuta zeukaten barruan eta herri bezala nortasun sendoago bat lortzeko bidea ikusi dute, eskolarekin bezala, berriro ere zabaldu den haur eskolarekin. Etorkizunera begira ereiten ari garenaren sentsazioa dugu.
Datozen lau urteotarako zein erronka nagusi du Larraulek?
Gainerako landa eremuko herri guztiek bezala Larraulek ere baditu aurrera begira erronka handiak eta aurreko agintaldia amaituta, horiei heltzea dagokigula uste dut. Nola hazi nahi dugu? Ez bagara hazten desagertu egingo gara, jende gaztea joan egingo da. Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren erredakzioa esleitu berri dugu eta datorren astean sinatuko dugu kontratua. Berez legez markatutako epeak errespetatuta ere, ahalik eta gehien azkartu nahi genuke prozesua. Tentu handiz egin beharrekoa dela iruditzen zaigu, ondo begiratuta eta alderdi asko kontuan hartuta, eta beti, bidea herritarrekin batera diseinatuz. Haiek eskatu digute gai honi heltzea eta herri proiektu bat marraztea.
Datozen lau urteetan plan orokorra bukatuta izango duzuela uste duzue?
Saiatuko gara. Niri gustatuko litzaidake agintaldia bukatzerako lur sail bat gordeta edukitzea etxebizitza berriak egiteko, eta ahal balitz, eraikin horien lehenengo harriak jartzea.
Herri gaztea da Larraul.
Bai. Beste herri askotan gertatu zen bezala, hemen ere arau subsidiarioak aldatu eta oso urte gutxitan etxebizitza asko eraiki ziren. Bertara joandako familia horien ondorengoak dira gaur egun herriko gazteak, eta oro har, hemen bizitzen geratu nahi dute denek. Haientzat etxebizitzak eraikitzearekin batera zerbitzuak ere bermatu behar ditugu, eta are gehiago, plan orokorrak marraztu behar du herriak datozen 15 urtetan izango duen garapena. Bukaerako dokumentu horrek ahalbidetu behar du inguruarekiko errespetua izango duten aktibitate ekonomiko berrien sorrera ere.
Turismoa izan daiteke aukera horietako bat?
Lehen sektorea zaindu egin behar dugu, hori ezinbestekoa iruditzen zaigu, guretzako lehentasunezkoa. Egoera zaila bizi dute baserritarrek eta erakunde guztiak hor egon behar dugu haiei babesa eskaintzen. Ez da aktibitate ekonomiko garrantzitsua delako bakarrik, suposatzen duenagatik baizik; historia edo kultura ikuspegitik eta ingurugiroa mantentzearen aldetik mantendu beharreko jarduera da. Horrekin batera, gurea bezalako herriek turismo jasangarria eta zerbitzuekin zerikusia duten aktibitateetan jarri behar dute indarra. Hemen industriarik ez dugu jarriko, ez zaigu toki egokia iruditzen horretarako.
Zer du eskaintzeko Larraulek alde horretatik?
Gauza asko. Larraulek ondare kultural eta natural handia du. Ostatua dugu, adibidez, gastronomia eskaintza ederra egiten duena. Elizan ere erretaula ikusgarria daukagu eta udaletxe azpialdean dagoen museoa ere erakargarria izan daiteke bisitarientzat. Uste dut hazkunde potentzialitate handia dutela Larraul bezalako herriek, Europak ezarritako irizpideen barruan egiten badute. Administraziotik hori gidatzeko gai bagara, etorkizun oparoa izango dute gurea bezalako herriek.
Azpiegitura falta sumatzen al duzue herrian?
Defizita dugu bai. Ez dugu lokalik. Liburutegia irekita dago herritar guztientzat, baina askotan erabilerak bateragarri egitea zaila egiten zaigu. Eskolan ere berdina gertatzen da. Plan Orokorra aldatu eta herritarrentzat erabilgarri izango diren lokalak lortu bitartean zer? Bada etxe prefabrikatu handi bat erosi dugu, 32 metro karratu dituena, eta herriko parke zaharrean jarriko dugu, frontoiaren aldamenean. Datorren astean parte hartze prozesu bat jarriko dugu martxan proiektu aurkezteko eta herritarrek beraiek, sektoreka, adierazi dezaten zein behar dauzkaten. Behar horien arabera hornituko dugu etxe prefabrikatu hori. Herritar guztientzat erabilgarria izango den toki bat izango da, belaunaldi artekoa, espazio duin bat, plan orokorra aldatu eta udalak lokalak izan bitartean, hutsune hori betetzen lagunduko diguna. Funtzionamendurako arau batzuk ere adostuko ditugu prozesu horretan.
Gisa horretako proiektuak finantzatzeko zenbaterainoko ahalmena du Larraulgo Udalak?
Justukoa. Landa eremuko beste herri askotan gertatzen den bezala gure auto-finantziazio maila txikia da. Foru funtsetik jasotzen dugun ekarpen nagusia, baina ohiko funtzionamenduak dena irensten du. Inbertsiotarako irudimenari eragin eta leku askotan ibili behar dugu diru eske. Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntza asko ematen ditu, baina gero udalok autonomia txikia dugu gasturako. Udalak ez du egoera ekonomiko txarra bizi baino beti ibiltzen gara larri. Foru funtsaren kalkuluan badaude irizpide batzuk herri txikiagoei mesede egiten dietenak, baina dena den, uste dut birpentsatu egin beharko dela hori guztia. Fiskalitatea bere osotasunean begiratu behar da. Orain Batzar Nagusiek eztabaida abiatuko dute fiskalitatean erreforma bat egiteko. Uste dut, landa guneak mantendu nahi baditugu, sentsibilitatea eduki behar dela haiekin, bestela ezinezkoa da. Gure ondare naturala zaintzeko ardura dugu, baina ardura hori ez da gurea bakarrik, gipuzkoar eta euskaldun guztiona baizik. Beraz lagundu behar gaituzte ondare hori mantentzen.
Adineko jende asko al dago herrian? Behar bereziak sumatu dituzue sektore horretan?
Gu Aiztondoko Zerbitzuen Mankomunitateko kide gara eta bertatik eskaintzen ditugu gizarte zerbitzuak. Haiek egiten dute jarraipena, baina aldi berean, herriko sareak ere zaintzen du komunitatea. Guk lehen eskuko informazio izaten dugu. Gertutasun hori abantaila bat da gurea bezalako herri batean.
Zein jarraipen izango du Tokiko Energia Komunitateak?
Udalak egin duena da eraikin publikoetako estalkiak utzi eta komunitateak eguzki plakak ezarri ditu bertan. Energia sortzen den orduetan autokontsumoa bermatzen dute plaka horiek eta xahutzen ez dena, sarera botatzen da eta konpentsatu. Energia erosketa komunitarioak ere bultzatzen dira, kostuak jaitsiz. Ibilgailu elektrikoak kargatzeko posteak ere jarri ditu komunitate horrek. Komunitateak hazten joan behar du pixkana. Geroz eta jende gehiagok eman du izena eta datorren urteari begira, energia hori gordetzeko sistemak begiratu nahi genituzke. Sarera bidali gabe, bertan energia pilatu eta autokontsumoa areagotu nahi genuke. Mundu bat da hastapenetan dagoena, baina heldu nahi genioke. Eta gero efizientzia energetikoan sakontzen jarraitu nahi genuke ikastaro eta tailerren bitartez. Kontua ez da bakarrik energia merkeagoa izatea eskura, gutxiago eta hobeto gastatu behar genuke. Poliki-poliki bagoaz aurrera.
Zer suposatu du herriarentzat Larraulek eskola propioa edukitzeak?
Gauza asko. Eskolak badu irakaskuntza eredu bat berritzailea dena. Jende asko etortzen zaigu horretaz galdezka. Eskola propioa izateak autonomia eta independentzia gehiago bermatzen digu eredu horretan sakontzeko, erabakiak hartzeko burujabe gara orain. Herriarentzat garrantzitsua da, herriak ezin du izan lotarako lekua bakarrik. Sustraitzea lortzeko eta herritarren arteko harremanak sustatzeko giltzarria da eskola. Aurreko agintaldian lortu genuena ez da bakarrik udalaren lorpena izan, eskola bera, guraso elkartea eta herritarrak, oro har, bat eginda gaude. Ezinbestekoa izan da denen parte hartzea. Haur eskola berriro zabaltzeko erabakia hartu zenean ez genuen lokala egokitzeko behar bezainbesteko baliabide eta guraso elkarteak hartu zuen gastuaren zati bat bere gain. Beste zati bat udalak jarri zuen eta gainerakoa auzolanean egin genuen. Haur eskolarena edo eskola propioarena uste dut proiektu kolektiboak direla, eta hain zuzen, horri eskerrak atera direla aurrera. Lan asko eginda eta ahalegina horretan jarrita lortu dugu.
Beste arloetan egitasmorik azpimarratu nahi?
Herri txikia izanik kultura, euskara eta parekidetasun gaiak asko lantzen ditugula iruditzen zait. Oso garrantzitsuak dira guretzat arlo horiek. Hemen euskaraz egiten dira ekintza gehienak, ia %100. Hizkuntzaren ondare hori mantentzen saiatzen gara eta euskara ikasi nahi duten herritarrak ere laguntzen ditugu diruz eskolak jaso ditzaten. Museoa, errota eta eliza indartzen jarraitu nahi genuke gure eskaintza kulturala zabaldu eta bisitariak erakartzeko amua izan daitezkeela uste dugulako. Gazteei egiten zaizkien ekintzen eskaintza ez genuke aisialdira bakarrik bideratu nahi; ekintza horiek izan dezatela kulturartekotasunarekin, parekidetasunarekin eta baloreen hezkuntzarekin zerikusia.