Bost egunetan, San Esteban jaietan murgilduko dira larrauldarrak. Pello Joxeperen jaitsiera eta suziriarekin batera emango diete jaiei hasiera Larraulen. Lehen egunean zehar, Alurr dantza taldearen ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute larrauldarrek, eta gauean, gazte afaria eta akanpada egingo da.
Bigarren eguna, umeen eguna izango da. Goizean, haurrei zuzendutako ur jolasak eta bazkaria izango dira protagonista. Bazkaldu ostean, puzgarrietan gora eta bera ibiltzeko indarrak hartuta helduko dira umeak. 16:00etan hasi eta 19:00ak bitarte izango baitute herriko gaztetxoenek puzgarrietan ibiltzeko aukera. Gauean, barrikotea eta Muxutruk taldearen txanda izango da.
Abuztuaren 5a, larunbata, tortilla pintxo lehiaketarekin hasiko da. Arratsaldean, Mus Txapelketaren txanda izango da, eta 17:00etan trial erakustaldia egingo da Irene Caminos eta Javier Alonsoren eskutik. Gauean, herri afaria amaitzearekin batera, Laket taldea eta Jotatxo DJak alaituko dute gaua.
Igandeari ekiteko, sagardo dastaketa egingo da 12:00etan. Paella herrikoira gose pixka batekin joateko, 13:00tan toka txapelketa egingo da. Arratsaldean, punta-puntako lau bertsolari arituko dira saioa eskaintzen: Maialen Lujanbio, Iker Zubeldia, Unai Mendizabal eta Oihana Iguaran. Igotz Alkortak jarritako gaiei erantzun beharko diete. Bertsolarien ostean, Jone Uria eta Julene Otegi trikitilariek emango diete amaiera egunari.
Hemezortzi eguneko etenaren ostean, abuztuaren 24an, San Bartolome eguna ospatuko dute Larraulen. Denetik eta denentzat antolatutako ekitaldiak egongo dira egunean zehar. Goizean, meza nagusia amaitzearekin batera, haur jolasak egingo dira herriko plazan. 12:00etatik 14:00etara hamaiketako herrikoia egingo da, eta arratsaldean Ansorregi eta Larrañaga trikitilariek emango diote erritmoa San Bartolome egunari. 20:00etan karretillaren zozketarekin batera, gazte sentitzen direnen barrikote mozorrotua eta lehiaketa egingo dira. Jaiei amaiera emateaz, Distopia elektrotxaranga arduratuko da.