Kirol jarduera ugari antolatu dituzte aste honetarako Larraulen

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 7a, 07:58

Kirol astea prestatu dute Larraulen, eta larunbata arte izango dute zertaz gozatu. Datozen egunetan frontenisa, boleibola eta bizikleta ginkana egiteko aukera izango dute.

Beroarekin nahikoa ez dutenez, gehiago izerditzeko aukera izango dute datozen egunetan Larraulen. Izan ere, kirol astea antolatu dute, eta egitarau zabala prestatu dute horretarako. Astelehenean eman zioten hasiera, eta jada zenbait ekintza egin dituzte; Kirol egokitua, jolasak, pala entrenamendua eta xakea, besteak beste. Hala ere, datozen egunetan ere larrauldarrek izango dute zertaz gozatu herrian.

Bihar frontenis txapelketa izango dute jokoan 18:30etan herriko pilotalekuan. Gure Plaza txo! izeneko nerabeen sustapena lantzeko proiektuko kideen laguntzarekin antolatutako lehia izango da. Parte hartu nahi dutenek egunean bertan 17:30etan azaldu beharko dute frontoira.

Ostiralean, Aiztondoko Neska Kirol Taldeak antolatuta, boleibol partida izango dute jokoan 17:30etan frontoian. Kirol astearekin amaitzeko, herriko gazte eta gurasoek antolatuta, larunbatean bizikleta ginkana egiteko aukera izango dute herrian zehar. Horretarako, parte hartzaileek herriko plazara azaldu beharko dute, 11:00etan bertan emango baitiote hasiera.

KIROL ASTEKO EGITARAUA

Ekainak 8, osteguna

  • 18:30. Frontenis txapelketa. Gure Plaza txo! proiektuko kideen laguntzarekin antolatuko da.

Ekainak 9, ostirala

  • 17:30. Boleibola, frontoian. Aiztondoko NKT.

Ekainak 10, larunbata

  • 11:00. Bizikleta ginkana. Herri gazte eta gurasoek antolatuta. Plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!