Auto elektrikoak kargatzeko estazioa jarri dute Larraulen

Tolosaldeko Ataria 2023ko api. 3a, 16:00

Gipuzkoako 21 udalerritan jarriko dira, eta lehen bi urteetan doako zerbitzua eskainiko dute. Tolosaldean, estazioak, Abaltzisketan, Alegian, Alkizan, Amezketan, Asteasun, Berastegi, Berrobi, Elduainen, Ibarran, Ikaztegietan, Iruran, Larraulen, Lizartzan eta Zizurkilen jarriko dituzte.

Jose Ignacio Asensio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Departamentuko diputatua Larraulen izan da goizean, Maite Arana alkatea bidelagun zuela. Bertan, karga elektrikoaren lehen sarea inauguratu du Asensiok, pilotalekuaren ondoan. Aldundiak 580.000 euro bideratu ditu Gipuzkoako 21 udalerritan auto elektrikoak kargatzeko lehen sarea jartzeko. 21 horietatik 15 Tolosaldeko herriak dira.

Lehenengo bi urteetan sarea doakoa izango da, eta karga, %100 berriztagarria eta 0 kilometrokoa. Izan ere, azaldu dutenez, estazioa tokiko energia komunitateak hornituko du.

Asensioren esanetan, «energia garbia eta mugikortasun jasangarria giltzarriak dira energia-trantsizio justua lortzeko bidean». Diputatuak azpimarratu duenez, euren lehentasuna garapen jasangarriko eredu berriak sustatzea da: «Gure lurraldean, berotegi efektua eragiten duten gasen emisio-iturri nagusia garraioa da. Eragileen arteko lankidetza ezinbestekoa da trantsizio ekologikoan aurrera egiteko eta herritarrek onurarik handiena lortzeko».

Maite Arana Larraulgo alkateak adierazi duenez, udala erabat murgilduta dago mugikortasun eta iraunkortasun gaietan. Estazioa, konpromiso horren «adibide garbia» da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!