Bizikleta elektrikoak erosteko diru laguntzak onartu ditu Larraulgo Udalak

Tolosaldeko Ataria 2023ko urt. 26a, 10:27

Otsailaren 28ra arte diru laguntza eskaerak aurkeztu ahal izango dira udaletxeko bulego orokorrean.

Larraulgo Udalak azaroan egindako ohiko osoko bilkuran bizikleta elektrikoak erosteko eta hiri-bizikletak elektrifikatzeko kit-ak erosteko diru laguntzen oinarriak onartu ditu. Laguntzak Larraulen erroldatuta dauden pertsonek eskatu ditzakete eta horretarako otsailaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dute eskaera udaleko bulego orokorrean.
 
Pertsona fisiko bakoitzak 250 euroko laguntza bakarrik eskatu ahal izango du, kontzeptu bakar batengatik, hau da, bizikleta elektriko bat edo elektrifikazio kit bat erosteko. Gainera, diru-laguntza lortzeko baldintza bakarra udalean eskaera aurkeztea da, eta eskaera guztiak onartuko dira aurrekontuaren 2.500 euroko kontu saila agortu arte. Eskaerak aztertu ondoren ordainduko da.
 
Ohar batean, Larraulgo alkateak, Maite Aranak, Larraulgo bizilagunak animatu nahi izan ditu laguntza horiek jasotzeko eskaera aurkeztera. "Nik dakidala ez dira beste udalerritan ematen", esan du Aranak. Aitortu duenez, COVID-19aren pandemiaren ondoren, mugikortasun ohiturak aldatu egin dira, eta herritarrek garraiobide segurua, osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena bilatu dute, ohiko ibilgailuaren ordezkoa, eguneroko joan etorrietarako. "Udaletik uste dugu erabilera erraztu eta sustatu behar dugula. Horregatik, laguntza hauek eman nahi ditugu, baina, Larraulgo orografia kontuan hartuta, bizikleten elektrifikazioa bultzatu behar zela ere jakin dugu, bizikleten erabilera sustatu nahi badugu".
 
Azkenik, alkateak adierazi du udal gobernua oso kontziente dela klimaren eta ingurumenaren larrialdiaz, eta ingurumenaren aldeko eta herritarren bizi kalitatea hobetzeko konpromisoan, klima-aldaketaren aurkako plan bat onartu zuen. “Jarduteko lehentasunezko” elementuetako bat mugikortasuna da, eta, zehazki, mugitzeko modu jasangarriak sustatzea eta babestea. "Ingurumena errespetatzen duen mugikortasun eredu bat, integratzailea eta klima aldaketari aurre egiteko tresna erabakigarria izango dena bultzatuko dugu", esan du Aranak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!