Gehigarria: motorra eta mugikortasuna

«Lurraldebus jartzea mugarria izan da»

Ataria 2022ko abe. 9a, 15:59

Mugikortasun jasangarrian jarri dute azpimarra Larraulen, Maite Arana Perez (Santurtzi, 1970) alkateak argitu duenez.

Zer zerbitzu ditu Larraulek garraio publikoari dagokionez?
Larraulen Lurraldebuseko TO08 (Larraul-Asteasu-Zizurkil-Villabona-Aduna) autobus linea dugu. Larraulgo edozein bizilagunek edo bisitarik 900 300 340 telefono zenbakira deituz eska dezakeen linea da. Larraul gisako herri baterako autobus linea publikoa izatea oso garrantzitsua da. Batez ere, pentsatu behar dugu garraiobide eskuragarria izan behar dugula, zentzu guztietan, bereziki gazteentzat —eskoletara joateko erabiltzen dute—, adinekoentzat —mediku zentroetara, erosketetara eta aisialdiko ekintzetara joateko—, eta, jakina, langileentzat.

Ondo komunikatutako herria dela esan daiteke?
Eskaeraren araberako Lurraldebuseko autobusa martxan jartzea oso mugarri garrantzitsua izan zen garraio publikorik ez zuen udalerri batentzat, eta horri balioa eman behar zaio. Baina ezin dugu ahaztu Larraulek, landa eremuko udalerri guztiek bezala, beti dituela gabeziak garraiobide publikoei dagokienez; ezin dugu ahaztu, halaber, administrazio eskudunarentzat egoera ez dela erraza konpontzeko; oso herri txikia gara, masa kritiko txikia dugu, eta mugikortasun ohiturak oso lotuta daude auto partikularrarekin. Larraulgo herritarrak oso konprometituta daude ingurunea eta ingurumena zaintzearekin. Horregatik, mugikortasun jasangarriagoarekin lotutako hainbat jarduera egin ditugu Larraulen: bizikletak elektrifikatzeko tailerrak, bizikleten aparkalekua jarri dugu Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren laguntzarekin, bizikletak konpontzeko eta mantentzeko bi dorre, eta, azkenekoz, bizikletak elektrifikatzeko edo bizikleta elektrikoak erosteko diru laguntzen linea bat onartu dugu azken osoko bilkuran.

Alkatetzan eskaerarik jasotzen al duzue zentzu horretan?
Unean uneko eskaerak jaso ditugu, batez ere gazteek inguruko ikastetxeetara joateko erabiltzen dituzten autobusekin lotutakoak; eta esan behar dut, justua izan behar delako, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuari kezkak eta beharrak helarazi dizkiogun guztietan erantzun egin dutela, ahal izan duten neurrian.

Zein da garraio publikoaren erabiltzaileen profila Larraulen?
Batez ere ikasleek, gazteek eta langileek erabiltzen dute. Larraulgo alkatea naizen aldetik, mugikortasunaren arloan aurre egin behar diegun erronka berriek kezkatzen naute; hala nola, adineko jendea bere inguruan bizitzen geratzea nahi dut, baina zerbitzuak eskuratzeko aukera galdu gabe. Mugikortasun erosoa izan behar dute eta medikuengana joateko, erosketetarako² aisialdirako eta abarretarako aukera izan behar dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!