Elkarrizketa

«Helduon ezagutza baliatu behar dugu gazteen begirada kiritiko hori eraikitzen joateko»

Jon Miranda Labaien 2022ko aza. 22a, 12:00

Rakel Gamito Gomez irakasleak Larraulgo kultur astearen barruan hitzaldia emango du, asteazkenean, 18:00etatik aurrera kultur etxean. Gazteen artean Internetaren erabileraren onurak eta arriskuak aztertuko ditu.

Bihar, Rakel Gamito Gomez (Arrasate, 1984) EHUko irakasle eta ikertzaileak Internet, pantailak, bideo-jokoak, sare sozialak... onurak eta gatazkak nola kudeatu hitzaldia emango du Larraulgo kultur astean. Parte hartu nahi dutenek, 634 28 93 27 telefonora hots egin edo whatsapp bat bidali beharko dute.

Zeinentzako bideratutako hitzaldia da emango duzuna?

Bideratuta dago haur zein nerabeen familientzat. Txikienei buruz hitz egingo dut eta ez hain txikiei buruz ere bai. Pantailen erabilera geroz eta indibidualagoa den garai horretan ere zentratu nahi nuke, euren mugikor propioa izaten hasten diren garai horretan, alegia.

Ez zara bakarrik arriskuetan zentratutako. Internetak edota sare sozialek ere badituzte onurak?

Bai. Hitzaldiaren atal handiena arriskuek hartzen dute. Errealitate hori ezagutzea garrantzitsua iruditzen zait arrisku horiek saihestu ahal izateko. Baina onurak ere aipatu nahi ditut, teknologia erabiltzea, berez, ez baita txarra. Are gehiago onura horiei etekin ahalik eta handiena ateratzeko, arrisku horiek ezagutzea inportantea da.

Erabilera oker batetik eratorritako arrisku nagusiak zeintzuk dira?

Arriskuak adinaren arabera aldatu egiten dira. Txikienen kasuan, pantailak gehiegi erabiltzearen ondorioak aipatzen ditut. Ondorio horiek izan daitezke fisikoak, kognitiboak eta emozionalak. Nagusiagoak direnenean eta Interneta batez ere besteekin komunikatzeko erabiltzen dutenean agertzen dira ziberjazarpena, helduen jazarpen sexuala, sexting-a, eta oro har, eduki desegokiak.

Nola egin daiteke arrisku horien prebentzioa?

Gako batzuk emango ditut, nahiz eta kontziente izan ez dela erraza. Ez dut formula magikorik. Eman daitezkeen aholkuak dira beste edozein arlotan eman daitezkeenak. Gure gazteei informazioa eskaini behar diegu, laguntza eman eta ondoan egon. Txikiak direnean aprobetxatu behar dugu. Momentu hori baliatu behar dugu zaletasun digital horiek eurekin partekatzeko eta zaletasun horiekiko interesa erakusteko.

Helduek ezagutu behar dute non ibiltzen diren gaztetxoak?

Ez, derrigor. Askotan beldurra izaten dugu gaztetxoak azkarrago doazelako. Irudipena dugu ez dugula kontrolatzen eta ez dakigula sare sozialak nola erabiltzen diren. Hori ahaztu egin behar dugu. Ezagutzeak laguntzen du, baina ez da ezinbestekoa. Guk adinak ematen duen esperientzia dugu, ikuspegi kritikoa azken batean. Eta hain zuzen, irizpide falta horrek ekar ditzake Interneten arrisku gehienak. Helduok errealitate horiek guztiak ezagutzen ditugu, nahiz eta teknologiaren teknizismo horiek ez ezagutu. Ezagutza hori baliatu behar dugu gazteen begirada kritiko hori eraikitzen joateko, eta eurek Internetez egiten duten erabilerari buruz hausnartu eta geroz eta zentzu handiagoarekin erabili dezaten.

Mugak jarri behar zaizkie gaztetxoei?

Bai. Mugak behar dira, guztiok behar ditugu arauak. Muga horiek, hori bai, ondo hausnartutakoak eta errealistak izan behar dira. Baina ez daitezela izan bakarrik denborari dagozkion arauak. Askotan esaten diegu umeei, Interneta bakarrik iluntzetan, ordubetez erabili dezaketela, edo soilik asteburutan. Kontua ez da hori. Gidaritza hori eraman eta konfiantza giroa sortu behar dugu helduok, gaztetxoek zerbait gertatzen denean guregana jo ahal izan dezaten. Zigorraren beldur direlako, ez daitezela nerabeak guregana etorri gabe geratu. Sarean larriak izan daitezkeen egoerak sortu daitezke.

Aholku zehatzak emango dituzu?

Bai. Zentzu komunak agindutakoak dira, ez beste munduko ezer. Gogoratu behar dugu pantailaren atzean beti daudela pertsonak. Ez ditzagun sare sozialak erabili aurrez aurre esango ez genukeena esateko. Jarrera eta famili baloreetan egin behar dugu indarra.

Zein adin da egokia nerabeek euren mugikor propioa izan dezaten?

Askotan egiten didaten galdera da. Aditu batzuk adina jarri dute, 12 urterekin. Hori orokortu da, LHtik DBHra salto egiten duten garaia, alegia. Ni ez naiz gai adinik egokiena zein den esateko eta urte batzuk badaramatzat arlo honetan lanean. Ume batzuei 11 urterekin emango nieke mugikorra eta 40 dituzten beste askori eskuetatik kenduko nieke. Faktore asko hartu behar dira kontutan, ume horren heldutasuna, zein lanketa egin den aurretik, egunerokotasunean dituen jarrerak... Etxeko giltzak emateko adin egokia zein den esatea bezala da. Inon ez dago idatzita. Bakoitzak ikusten du zein den momentu egokia.

Erabaki hori taldean hartu daiteke?

Aurreko lanketa da inportantea. Nerabeari mugikorra oparitu arte gaia atzeratzeak ez du ezer konpontzen, aurretik landu behar da. Eta mugikorra ematen zaienean, gidaritza bat ere egin behar da. Herri batzuetan, erabaki hori komunean hartzen ari dira. Guraso taldea elkartu eta nerabeari mugikorra emateko adina atzeratzen ari dira, modu adostuan. Denbora irabazi nahi dute eskolan eta etxeetan gaia lantzeko. Hausnarketa hori konpartituta izatea eta taldean egitea garrantzitsua da. Arrisku bat ere sortu daiteke. Erabakia eutsi eta umeari mugikorra emateko adin hori atzeratzen baduzu, gerta daiteke zure umea izatea ikasgelan mugikorra ez duen bakarra, eta baztertuta geratzea. Taldean egitea lagungarria da, beste gauza askotan bezala.

Pantailak, ordea, oso presente dauzkagu gure gizartean.

Bai. Gaur egun telebista pizterakoan ere Interneten daude umeak. Alferrikakoa da umeari ezezkoa esan eta zuk bitartean mugikorra eskuan edukitzea, lanean ari zarenaren aitzakian. Ez da erraza. Errealitatea azaltzen saiatuko naiz hitzaldian eta gogoetarako hazi bat ernetzen. Ez dut esaten inoiz ez zaiola umeari pantaila bat aurrean jarri behar. Hor dagoen errealitatea da, baina kontziente izan gaitezen: Umea orain pantailan dago, baina zertarako? Zenbat denbora darama? Norekin dago? Zer eduki ikusten dabil? Pantaila ez dadila izan, behintzat, umeak entretenituta edukitzeko modu bat.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!