Zuberoa eta Larraulen arteko zubiak eraikiko dituzte

Jon Miranda Labaien 2022ko urr. 6a, 07:58

Urriaren 12rako egun osoko egitaraua antolatu dute eta Zuberoatik hainbat artista gonbidatu dituzte; adin guztietarako ekitaldiak izango dira

Urriaren 12an Zuberoaren inguruko ekitaldiak egingo dituzte Larraulen bertako udalaren laguntzaz antolatuta. Aurretik egin izan dira Aiztondon Zuberoarekin lotutako beste hainbat ekimen, baina aurten lehenengo aldiz egun osoko egitaraua prestatu dute, lau ekitaldiz osatuta. Herrialde hartan egiten den kultur produkzioaren zati bat ekarri nahi izan dute hona, bertako errealitatea hobeto ezagutzeko.

Aitor Atxega herritarra aritu da antolatzaile lanetan eta berak lotu ditu datorren asteazkenean Larraulera gerturatuko diren artistak. «Zuberoan proposamen berritzaile asko egiten dira, guk bertako folkloretzat jotzen dugun horretaz apartekoak. Dibertsitate handia dago eta polita eta interesgarria da ekimen horiek ezagutzea». Asmo horrekin gonbidatu dute, esate baterako, Ttittika Rekalt kazetari, idazle eta pentsalaria. Zuberoaz dugun irudi bukoliko-erromantiko hori deseraikitzen laguntzeko: «Bere harriak ere badituzte han, biztanleriarekin, hizkuntzarekin adibidez, eta bozka ere oso eskuindarra dute». 10:30ean hasiko da Rekaltek kokapen gisa emango duen saioa.

ADIN GUZTIETARAKO SAIOAK

2017an Aiztondora maskaradak ekarri zituztenean edota hurrengo urtean Larraulen bertan Lau sasuak ikuskizuna eskaini zutenean, jende helduarengana iritsi ez izanaren sentsazioa izan zuten antolatzaileek, eta hori ikusita, aurten, festa horiengana eramateko saiakera egingo dute. Urriaren 12an kantu barrikadak egingo dituzte Larraulgo baserrietan zehar, 12:00etatik bazkal ordura bitartean. «Guk hemen baserriz baserri eskean ibiltzea esaten diogu eta han maskaradetan egiten dituzte barrikadak. Asmoa da herriko pare bat etxeetara joan, hango adineko pertsonekin hitz egin, Zuberoako kantu batzuk eskaini eta mokadutxo bat hartzea». Mixel Bedaxagar eta Mixel Arotze arituko dira kantuan eta haiekin batera Zuberoatik Larraulera etorriko diren beste hainbat lagun ere. Herritar guztiak daude gonbidatuta bertan parte hartzera.

Larraulgo bi aldeetara dauden baserrietan egingo dituzte barrikadak eta azkenekoa herriko plazan egiteko asmoa dute, horretarako astia hartzen badute behintzat. Bertatik bertara dagoen Katillu-Txulo elkartean bilduko dira gero bazkaritan goizeko ekitaldietan parte hartu duten guztiak. «40 lagun inguruk eman dute izena dagoeneko eta bete xamar egongo dela aurreikusten dugu. Herriko lagun batek prestatuko du otordua», dio Atxegak. Izena eman nahi duenak mezua idatzi beharko du 634 28 93 27 telefonoan edota kultura@larraul.eus helbidean.

Urriaren 12an egingo dute ekitaldia eta apropos aukeratu dute eguna. «Pentsatu dugu aste erdian tokatzen denez, jendeak ez duela zubirik hartuko eta errazago gerturatuko dela. Baina horrekin batera, Hispanitate eguna denez, iruditzen zaigu aldarri hori ere egin dezakegula geure txikitik. Euskaraz egitea eta euskaraz ekimenak eskaintzea garrantzitsua iruditzen zaigu eta modu horretara gure nazioko beste herrialde bat gertuagotik ezagutzeko aukera izango dugu».

Hain zuzen, eta hizkuntzarekiko keinuarekin jarraituz, parte hartzaile guztiei zubereraz hitz egiteko eskatu diete antolatzaileek. «Rekaltek, adibidez, harreman handia du Hegoaldearekin eta ederki asko daki non kateatu gaitezkeen. Moldatuko da guk ulertzeko modura», aipatu du Atxegak. Idazle eta kazetariak, 5 eta 8 urte arteko umeentzat ipuin kontaketa egingo du liburutegian 16:30etik aurrera.

Eguna bukatzeko ekitaldi nagusia, 18:30etik aurrera egingo dute, Etxetaburu ikuskizüna eskainiko dute Mixel Etxekoparrek eta Jean Kristian Galtxetaburuk. «Hauspo eragilea eta haize epailea deitzen diote elkarri. Galtxetaburuk soinua jotzeko modu berezia du eta Etxekoparrek txirula, klarinete eta bestelako instrumentuekin laguntzen du. Oso emanaldi berezia da, polita. XVIII. mendetik XXI. mendera arteko bertsoak ematen dituzte, denak ere ziri tonua dutenak». Bost euro balioko du sarrerak eta elizan eskainiko dute kontzertua.

Atxegak aurtengo egunean parte hartzeko gonbita luzatu die herritar guztiei eta aurrera begira Aiztondon horrelako ekimen gehiago antolatzeko asmoa azaldu du: «Ezagutzen dut Zuberoa pixka bat eta badut hango pultsua. Sinesten dut elkarren arteko harreman horretan eta indarra dudan bitartean saiatuko naiz horrelako gehiago antolatzen».

ZUBEROAREN EGUNA

Urriak 12, asteazkena

  • 10:30. Egünko Xiberoari so ttipi bat hitzaldia Ttittika Rekalten eskutik, kultur etxean.
  • 12:00. Kantü barrikadak Larraulgo baserrien gainti, Jean Mixel Bedaxagar, Mixel Arotze eta beste hainbat zuberotarrekin, plazatik abiatuta.
  • 14:00. Bazkaria Katillu-Txulo elkartean goizeko animatzaileekin.
  • 16:30. Ipuin kontaketa zubereraz. Ttittika Rekalten eskutik 5 eta 8 urte artekoentzat liburutegian.
  • 18:30. Etxetaburu ikuskizüna, XVIII. mendetik XXI. mendera bitarteko bertsoekin, Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtxetabururen eskutik, elizan. Sarrerak 5 euro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!