Larraulgo jaiak 2022

«Ilusioa egin zidan Ayalarekin batera suziria botako nuela jakiteak»

Irati Saizar Artola 2022ko abuztuaren 3a

Pello Joxeperen jaitsierarekin batera hasiko dira Larraulgo San Esteban jaiak, abuztuaren 3an; Eñaut Urkaregi eta Ayala Serrano txirrindulariek emango diete hasiera herriko festei.

Txirrindularitzan emandako mailagatik eta egindako denboraldiagatik festetako suziria botatzeko ohorea izango dute Eñaut Urkaregik (Larraul, 2007) eta Ayala Serranok.

Txupinazoa botatzeko berria nola jaso zenuten?

Ilusioa egin zidan Ayalarekin batera txupinazoa botako nuela jakiteak. Larraul nire herria da, eta azken batean, horrelako gauzek ilusio berezia egiten dute.

Egun horretan, zein izango da zuen egitekoa?

Urteroko moduan egingo dela uste dut. Udaletxeko balkoira igo beharko dugu eta suziria piztea egokituko zaigu. Pello Joxeperen jaitsiera izaten da txupinazoko momentuan, eta horrekin batera lehertuko da suziria eta hasiko dira festak.

Zer dela eta hautatu zaituzte zuek?

Egia esan denboraldi oso ona egin dugu Ayalak eta biok. Espainiako txapelketara joan gara, eta beste arrazoi batzuk ere izango dira tartean. Detaile hori egin nahi izan digute festa batzordekoek. Herrian jende gehiago ere badabil txirrindularitzan, baina biok gara maila nagusienetan gabiltzanak.

Eta zein taldetan zabiltzate?

Ni Danenan eta Ayala Limousinen. Kadeteetan lehen urtea egin dut, eta berak bigarrena egin du.

Noiztik zabiltza bizikletan?

Duela bost urte edo hasi nintzen. Talde batean sartu ahal izateko adina iristerako hasia nintzen nire kasa bizikletan. Asko gustatzen zait bai bizikletan ibiltzea eta baita lehiatzea ere.

Zer moduz joan da aurtengo denboraldia?

Oso ondo, oso gustura sentitu naiz. Bost etapa irabaztea lortu dut. Denboraldi amaiera bereziki ona izan da, ia lasterketa guztiak irabazi ditudalako. Bizikletan jarraitzeko gogoa eman dit horrek, nahiz eta ezin jakin zer pasa daitekeen.

Eta aurrera begira zein dira asmoak?

Danenan jarraituko dut datorren denboraldian ere. Eta aurtengoa ikusita, antzeko joatea espero dut datorren urtean. Kadeteetan bigarren urtea izango dut, eta ni baino zaharragoak faltako dira, beraz, ea zerbait txukuna egiteko modua dugun.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!