Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa ohiko datara itzuli da

Imanol Garcia Landa 2022ko martxoaren 17a

Igande honetan egingo da proba, 10:30ean hasita; aurretik izena eman nahi duenak 'Kirolprobak.com' helbidean egin dezake, eta egunean bertan ere izango da aukera.

Aurtengoan hamaikagarren aldiz egingo dute Larraul-Hernio-Larraul mendi lasterketa. Orain bi urte ez zen egin, COVID-19a zela eta ezarri zen konfinamenduak bete-betean harrapatu zuelako. Iaz ezin izan zuten martxoan antolatu, osasun egoera zela-eta indarrean zeuden neurriengatik, eta irailaren bukaeran egin zuten azkenean. «Iazko proba eta aurtengoa pixka bat elkartu zaizkigu», esan du Iñigo Ruiz antolakuntzako kideak. «Baina azkenean gure lasterketaren filosofia izan da beti martxoaren hirugarrengo igandean egitea, beraz, betiko data berreskuratu dugu».

Igande honetan egingo da, beraz, mendiko lasterketa, eta 10:30ean abiatuko da herriko plazatik. Guztira ibilbideak 15 kilometro ditu, eta probaren izenak dioen moduan, Larrauldik Hernioraino igo eta ondoren helmuga herrian izango dute.

Atzo arratsaldeko datuei begiratuz gero, 80 korrikalari zeuden izena emanda. «Gure lasterketan azken momentuan eman ohi dute izena», esan du Ruizek. «Asko egoten dira eguraldiaren aurreikuspenen zain. Pentsatzen dugu ehun parte hartzaileren bueltan egongo garela, eta hori izaten da guretzat neurri egokia. Herriak ez du ere gehiagorako ematen, jendeak bertan aparkatzeko-eta. Gainera, ez dugu ahaztu behar Zelatunetik gorako bidean, Herniora igotzen den edozein mendizalerekin topo egingo dutela korrikalariek». Bukaeran hamaiketakoa emango diote parte hartzaileei. Izena aurretik eman daiteke Kirolprobak.com helbidean, 15 euro ordainduz, edo egunean bertan, 20 euro ordainduz.

Gizonezkoetan Hassan Ait Chaou billabonatarrak parte hartuko du, probako markaren jabe dena. Emakumezkoetan 2019an irabazi zuen Ainhoa Jauregi urnietarrak parte hartuko du, eta baliteke Aitziber Ibarbia zizurkildarra ere igandean irteerako marran egotea. Iganderako eguraldi ona aurreikusten bada ere, aurretik egin dezakeen euriak ibilbidea lokazten badu, probaren markak hobetzea zaildu dezake.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!