ELKARRIZKETA

«Tortura fisikoago batetik, tortura psikologikoagora aldatu dira kasuak»

Irati Saizar Artola 2022ko ots. 20a, 07:57
Laura Pego. I. SAIZAR

Torturaren inguruko ikerketan ibilbide oparoa osatzen ari da Larraulen bizi den Laura Pego (Pasaia, 1968). Master amaierako lanean Euskal Herriko torturaren errealitatera gerturatu zen, eta Jean Pinatel ikerketa saria jaso zuen lan horrekin. Aldi berean, abokatu modura ere jardun zuen, eta 2014az geroztik, tortura «modu zabalagoan» ikertzeko aukera izan du. Eusko Jaurlaritzak eskatuta eta Paco Etxeberria auzi medikuarekin batera, tortura ikertzen aritu da 40 laguneko aditu talde batekin. 1960tik 2014ra bitartean Euskadin izandako torturaren ikerketa proiektua lanean jaso dute ikertutako guztia, eta egun, modu apalagoan bada ere, lanean jarraitzen dute gai horren inguruan.

Tortura ikertzea erabaki duzu. Zergatik tortura?
Nire doktore tesia inkomunikatutako atxiloketari eta horrek torturarekin zuen harremanari buruzkoa izan zen. Une hartan gure inguruan zegoen errealitatera modu zientifikoan hurbiltzeko beharra sentitu nuen. Kezka zegoen torturen salaketa kopuru handiagatik; izan ere, sistematikoki ukatu egiten ziren, baina bestetik, sozialki, giza eskubideen urraketa horiek egon zirela aitortzen zen. Urraketa horiek testuinguru politikotik aterata aztertu nahi nituen.

Karrera amaitu nuenetik, arazo sozial batzuen esparruan aritu naiz lanean. Kartzelan zeuden pertsonen defentsarako erakunde batean aritu nintzen, droga mendekotasunen eremuan, mendekotasunaren eta horren ondorioekin lotutako delinkuentzian, eta garai hartan hain une korapilatsua zenez, aldaketa bat behar nuela sentitu nuen. Tortura bezalako gaietara hurbildu nintzen; izan ere, beste gai sozial batzuekiko nolabaiteko sentsibilitatea ere banuen.



Gaia sentikorra da.
Zuzenean ez bada ere, horrelako praktikak jasan dituen edo salatu dituen jendea ezagutzen nuen, eta master amaierako lanaren garapenean modu pertsonalago batean hurbildu nintzen. Egin dugun ikerlana ere horretara bideratuta dago: torturaren auziari ez heltzea ikuspegi abstraktuago edo teorikoago batetik, baizik eta errealitatera jaitsi eta horrelako praktikak jasan izana salatu duten pertsonekin harremanetan jartzen saiatu gara. Kriminologia horretaz doa, jendearengana hurbiltzeaz.

«Gertatzen dena da biktima askok kasu garrantzitsuagoekin alderatzen dutela beraiek esandakoa, hala nola, Joxe Arregirenarekin»


Ze puntutan dago orain lana?
Eusko Jaurlaritzaren enkargua izan zen, bake plana garatzeko. Paco Etxeberria auzitegi medikuari eskatu zioten, eta 40 pertsona inguruko taldea osatzen dugu. 2014an hasi ginen, eta 2017 amaieran aurkeztu genuen azken txostena. Proiektua entregatu genuen, baina lanean jarraitzen dugu, lekukotzak eta kasuak jasotzen jarraitzeko beharra ikusten baitugu. Gaur egun, modu lasaiagoan ari gara lanean, baina ildo horretan jarraitzen dugu.

EAEko datuak bildu dituzue. Ez da aurretik horrelako lanik egin?
Torturaren errealitatera ikuspegi zientifiko eta neutral batetik hurbiltzeko beharretik sortu zen proiektua. Gu ez ginen hutsetik abiatu, bazirelako gai horren inguruko beste txosten batzuk eta baita txosten ofizialak ere. 70eko hamarkada ingurutik hasita, tortura jasan duten biktimen alde lan handia egin duten erakundeak daude. Askok jarri dute fokua hemen gertatzen ari zenarengan inguruan, eta txostena ez da ezerezetik abiatu, aurretik egindako lana osatu egin dugu. Egia da pixkanaka horrelako gaiez askeago hitz egin dezakegula gaur egun, testuinguruak ere laguntzen baitu horretan.



Baina historikoki oso jarrera desberdinak egon dira: torturaren existentzia ukatzen zutenetatik hasi, eta, denbora tarte horretan, 25.000 kasuri buruz hitz egiten zuten beste erakunde batzuen datuak ere bazeuden. Orduan, guk, metodologia zientifiko bidez, errealitate horretara hurbildu nahi izan dugu, eta 4.113 kasu erregistratu ditugu, 3.415 pertsonari dagozkienak (%17ak behin baino gehiagotan salatu ditu tortura edo tratu txarrak). Hori, ordea, ez da errealitate osoa, kasu askoz gehiago daudelako; oraindik ere gertatzen direlako, dagoeneko jende bat hilda dagoelako, hitz egiteko gogorik ez duen jendea ere badagoelako, edota beste batzuek proiektuan ez dutelako konfiantzarik.

Tortura eta tratu txarrak bildu dituzue. Bi termino ezberdin dira?
Ez da gauza bera. Legelariok beste espezialistek ez bezalako bereizketa egiten dugu, baina lan honetan ez da egiten; izan ere, torturaren eta beste tratu txar batzuen arteko bereizketa egiteko, kasu bakoitzaren azterketa zehatza egin behar da. Eta jasandako kalteen intentsitatearen eta helburuaren arabera, tortura egon daiteke edo tratu anker bat. Garrantzi txikiagokoak badira ere, horrek ez du esan nahi tratu edo delitu oso larriak ez direnik.

 

«Ondorioztatu dugu salaketa gehienak inkomunikatutako atxiloketaren testuinguruan gertatu direla»



Biktimekin aurrez aurre hitz egin duzue?
Ikertu dugun pertsona bakoitzak bere karpeta bat du, eta aipatu bezala, kasu bat baino gehiago egon daitezke. Kasu zehatz horrekin lotutako ahalik eta dokumentu gehien biltzen saiatu gara, hala nola, kasua jaso duten mediku txostenak, salaketak, eta tokiko edo nazioarteko albiste edo txostenak. Era berean, oso garrantzitsua izan da biktimaren testigantza, praktika horiek salatu dituen pertsonarena. Gure proiektuan oso tresna berritzailea erabili dugu: Istanbulgo Protokoloa. Peritu psikologiko bat aplikatu zaie baimena eman duten 210 pertsonari, haien kontakizunaren sinesgarritasuna neurtu eta baloratzeko.



Eta zein izan da biktimaren profila?
Gure proiektua motibazio politikoko indarkeriaren testuinguruan zentratu da, eta ez ditu bere baitan hartu beste delinkuentzien esparruan egindako torturak. Salatzen duten pertsonen profil oso desberdinak ditugu. Sozialistak daude batez ere lehen aldi horretan, EAJko jendea ere badago, ezker abertzalekoak, ETAkoak, anarkistak, langileen borrokaren esparru sindikalekoak, euskarakoak, euskal kulturakoak. Dirudiena baino pluralagoa da, batez ere, 90 hamarkadara arte. Horrek ere arazoaren aniztasuna erakusten du.

Kasu bereziak jasoko zenituzten, tartean eskualdekoak.
Joxe Arregiren kasua daukagu berezienetakoa, bere gogortasunagatik eta krudelkeriagatik. Ikerketarekin hasi ginenean, Joxe Arregiren kasuaren sumario osoa lortu genuen, Madrilen. Gero jakin genuen Eusko Legebiltzarreko artxiboetan kopia bat ere bazegoela, baina aurretik ez genuen horren berririk. Amparo Arangoaren kasua ere hor dago, bere krudelkeria fisikoagatik eta lesio fisikoengatik nabarmentzen dena. Leitzako emakume hau Guardia Zibilak atxilotu zuen eta Tolosako Guardia Zibilaren kuartelera eraman zuten. Jasotako tratuaren ondorioz, ospitalera eraman zuten, eta abokatuaren bisita batean, poliziaren hutsegite bat tarteko, argazkiak atera zizkion abokatuak. Argazki indartsuak dira, froga ordainezinak, torturak salatzeko prozedura judizialaren balizko kasu batean. Baina ez da ohikoena horrelako frogak izatea.

Arazo bat da frogatu ezin izana.
Gure ikerketan atera dugun ondorioetako bat da torturaren tekniketan bilakaera bat izan dela. Tortura fisikoago batetik, gorputzean arrastoak uzten dituztenetatik, esaterako, tortura psikologikoago batera aldatu dira kasuak, non frogatzea askoz ere zailagoa den.

Orain gutxi Paco Etxeberria auzitegi medikuaren bideo bat zabaldu da sare sozialetan, eta zihoen nola egileak elkar babesten diren.
Normalean, inkomunikatutako atxiloketa aplikatzean oso espazio itxiak sortzen dira, eta oso zaila da kanpoko lekukoak edo behatzaileak sartzea. Atxiloketan inplikatuta dauden pertsonek elkar babesten badute, oso zaila da haren aurka borrokatzea, eta benetan frogatzea biktimak dioena.



Eta kondenarik gabe geratu dira asko.
Oso epai gutxi dira, eta oso denbora tarte zehatzari dagozkio. Hogei epai irmo eman zituen Auzitegi Gorenak: bederatzi kondena epai Polizia Nazionalari eta hamaika Guardia Zibilari. Ikerketan frogatu da Poliziak zein Guardia Zibilak tortura ikaragarriak eragin zizkietela atxilotuei, atxiloketa zentroetan bertan. Guztira, 49 funtzionario kondenatu dituzte, eta horietatik bakarra da emakumea. Ordea, torturatzen duena pertsona da, subjektu aktiboa deritzoguna, baina atzean erakunde eta instituzioak daude. Gure ustez, tortura oso larria da delitu gisa, egiten duena funtzionarioa delako, hori egiteko baliabideak dituelako, eta, gainera, zigorgabe ateratzeko aukera duelako.

Neutrala izan daiteke bat gai honetan?
Pertsona horiengana, biktimengana, zenbat eta gehiago hurbildu, geroz eta gehiago sinesten duzu. Kontakizunaren koherentzia ikertzen duzu, testuingurua, inguruko beste kasuak, datuak... eta sinesten diezu. Enpatia sentitzen duzu, baina horrela dela ere ikusten duzu. Eta zure ustez egia dena defendatzen eta zabaltzen saiatzen zara. Hori nola egiten da? Pazientziarekin, pixkanaka, mezu argiekin eta ikerketak eginez, datu objektiboekin defendatu ahal izateko. Batzuetan, ordea, zaila izaten da.

Biktimek erraz hitz egiten dute torturari buruz?
Profil desberdinak daude. Gertatzen dena da biktima askok kasu garrantzitsuagoekin alderatzen dutela beraiek jasandakoa, hala nola, Joxe Arregirenarekin, non jasandako sufrimenduaren ondorioz hil baitzen. Askotan, elkarrizketetan, konparazioak egin eta haiek sufritu dutena ez dela hain garrantzitsua esaten dute. «Ni torturatua izan naiz, baina ez da hainbesterako izan...», esaten dute eta kontaketa hasten denean, beldurgarria izaten da. Gero, badira ETAn edo beste erakunde batzuetan militatu duten pertsonen kasuak ere, beraien burua ez dute biktimatzat hartzen, aurretik onartuta dutelako atxilotuak izaten badira hori gertatuko zaiela. Ez dira kokatzen biktimen posizio horretan. Kasuren batean nik esan behar izan diet biktima direla.



Eta zenbat geratu diren isilik.
Gertatu izan da, batzuekin, ez dutela inoiz beren kasua publikoki salatu, uste zutelako garai horretan zegoen testuinguru politikoa ez zela egokia. Eta ez zuten politikoki erabiliak izatea sentitu nahi. Baina inoiz kontatzera animatu ez den jendea gerturatu zaigu, eta entzun diegu esateko zutena, eta gordailuan gorde ditugu grabazioak legeak eskatzen dituen babes guztiekin. Zentzu horretan lan polita izan da.

Aitortza egin zaie?
Erakundeek pertsona horiei biktima izatearen aitortza egin diezaieten beharra ikusten dugu. Batzorde bat jarri dute abian, eta oraintxe ari dira lanean pertsona horien aitortzarekin. Biktima izateko eskaria egiten dutenen kasuak aztertzen ari dira, ondoren aitortu edo ez erabakitzeko.

Lanarekin ondorio batzuk atera dituzue. Zein izan dira orokorrenak?
Ez dira ondorio berriak izan. Aurreko beste txosten batzuetan jasota zetozen, baina ondorio horiek egiaztatu egin ditugu. Ondorioztatu dugu salaketa gehienak inkomunikatutako atxiloketaren testuinguruan gertatu direla. Halaber, torturaren inguruan oso kondena gutxi daudela ere ikusi dugu, eta jarri ziren salaketa horien ikerketarik ia ez dela existitu. Konturatu gara biktima horiei ez zaiela errekonozimendurik eta erreparaziorik egin. Biktimen ikuspegitik, horiek izan dira ondorio garrantzitsuenak.

Eta erakundeek zer esan dute?
Eusko Jaurlaritzak onarpena eman zion guk aurkeztutako txostenari. Eta handik hilabete batzuetara Eusko Legebiltzarreko bake eta bizikidetza batzordean aurkeztu genuen. Alderdi politiko guztiek onartu zuten, PPk izan ezik. Egia esan, pena izan zen alderdi popularrak txostena onartu ez izana, baina orokorrean jarrera baikorra erakutsi zuten ordezkari guztiek lanaren aurrean.

Eta izan du eraginik txostenak inguruan?
Gaiari buruz jakiteko gogoa berriro piztu eta mugitu da, hein batean. Herri askotan izan gara proiektuaren berri ematen, eta jende oso plurala joan da hitzaldi horietara. Nik uste dut, auzi hori ikuspegi politikotik ateratzea lortu dela. Lehen, tortura eta tortura salaketak mundu jakin bati lotzen zitzaizkion, eta horregatik ukatzen ziren edota zalantzan jartzen ziren. Giza eskubideei dagokienez, zentzu horretan, aurrera egin dugu eta pozgarria iruditzen zait.

 

EMAKUMEA ETA TORTURA

Nahi baino denbora gutxiago izan dute ikerketan zehar, Laura Pegoren arabera, beste ikerketa ildo batzuk garatzeko. Besteak beste, emakumearen eta torturaren arteko lotura. «Pena da, datu asko ditugulako, datu judizialak, epaiak, edota salaketak dauzkagulako; baina generoaren gaia, eta bereziki emakumearena, oso garrantzitsua iruditzen zaigu».

Torturak salatu dituzten 3.415 pertsonatatik 581 dira emakumeen salaketak. Horiek ikertzean, ikusi dute tortura mota desberdinak ematen direla gizonen eta emakumeen artean. Emakumeek, beste teknika batzuen artean, gizonezkoek baino gehiago jasan behar izan dituztela, esaterako, bultzakadak, iletik tiratzeak, asfixia lehorra, sexu indarkerien aurreko esposizioa, atxilotzerakoan baldintza okerragoak, umiliazioak edota mehatxuak.

Hori tortura fisikoari dagokionez. Izan ere, Pegok azaldu duenez, tortura eta tratu txar psikologiko gehiago jaso dituzte emakumeek gizonek baino, eta basakeria fisiko gutxiago. «Emakumeek salatutako tortura praktiketan gehiago dira bere sexuari erreferentzia egiten dioten irainak, beren kondizio fisikoarekin sartzen direnak, edota edertasunari buruzko irainak. 'Itsusia zara, gizena zaude, nork maiteko zaitu ba' eta horrelako adierazpenak entzun behar izaten dituzte».

Bestalde, emakumearen figura, bere irudia, gizonezkoei mehatxuak egiteko erabiltzen dutela ondorioztatu dute: «Adibide bat jartzearren, gizonezko bat atxilotzean, bere ama, neska laguna edo alaba bortxatuko dutela mehatxua jaso dutenak asko dira; aldiz, emakume bat atxilotzean, ez die esaten mutil laguna edo aita bortxatuko dutenik. Tristea da, baina emakumearen irudia subjektu pasibo gisa erabiltzen da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!