Lehenengo atalean, uste dut, aipatu nizuela %100 dieta begetala daramadala; hau da, ez dut animalia jatorriko inolako produkturik kontsumitzen: ez haragi, ez arrain, baina ezta esne/esneki, ezti edo arrautzarik ere. Eta orain, jende askok, eskuak burura eramango ditu, ziurrenik. «Hori ez da osasuntsua!»; «nutrienteak faltako zaizkizu», «eta proteina?» eta abar luze bat.
Beraz, gaurko nire helburua, dieta begetalen inguruko informazio argigarria emateaz gain, gaur egungo kontsumo jasangaitzaren inguruan hitz egitea da. Hasteko, eta kezkatuta dauden horientzat, esan, munduko nutrizio elkarte garrantzitsuenek, dieta begetalak babesten dituztela, eta bizitzako etapa guztiekin (haurdunaldia, edoskitzaroa, haurtzaroa eta zahartzaroa barne) bateragarriak direla diotela. Beraz, zientziak babesten duen zerbait da.
Dieta begetal batean ez dago inongo arazorik proteina, Omega 3a edo burdina lortzeko; ezta kaltzioa ere. Izan ere, norbaitek bere dieta begetarianismora aldatzen duenean, bat-batean, bere inguruko guztiak nutrizionista bihurtzen dira eta guztiek dakite pertsonak berak baino gehiago. «Eta proteina?»; «Eta kaltzioa, eta burdina?»… Lasai egon, erreinu begetalean badago guzti hau, soberan egon ere! Eta gainera, normalean, dieta begetal batera salto egiten duten pertsonek, informazio dezente bildu dute horretarako.
Dieta begetal bat daramazunean (baita arrautzak eta esnekiak kontsumitzen badituzu ere), B12a da osatu behar den nutriente bakarra. Eta orain, jendeak eskuak burura eramango ditu: «Elikadura-osagarria behar bada ez da naturala»; «Elikadura-osagarria artifiziala da»… Beno, testuinguruan jarriko zaituztet. B12a jatorri bakterianoa duen bitamina bat da; hau da, bakterio batzuek sintetizatzen (sortzen) dute. Bakterio hauek, larreetako lurrean bizi dira eta bertako belarra kontsumitzen duten animaliek, lurretik lortzen dute. Zein da, ordea, gaur egungo arazoa? Animaliek pentsua jaten dutela eta asko ukuilutik irten gabe bizi direla. Hori dela eta, animalien jatekoa B12 bitaminarekin osatzen da, pentsuaren bitartez, normalean. Beraz, bai, dieta begetala daramagunok elikadura-osagarriarekin osatzen dugu gurea. Baina haragia jaten duzuenok ere, animalia bidez, baina osatu egiten duzue zuena ere.
Eta zer esan gaurko kontsumo ereduaren inguruan? Hasteko, ez dela jasangarria. Kontsumitzen den haragi kantitatea izugarria da eta gizarteak ez dauka kontsumitzen duen adina produzitzeko ahalmenik.
Eta zer esan gaurko kontsumo ereduaren inguruan? Hasteko, ez dela jasangarria. Kontsumitzen den haragi kantitatea izugarria da eta gizarteak ez dauka kontsumitzen duen adina produzitzeko ahalmenik. Gainera, haragi industria, munduko industria kutsakorrenetako bat da eta Amazoniaren deforestazioaren arrazoi nagusietako bat ere bada; haragi-produkziorako bideratutako sojaren ondorioz. Izan ere, begetariano/beganoei bota ohi zaigu Amazoniaren deforestazioaren ardura, soja kontsumitzen dugulako. Baina guk kontsumitzen dugun soja Europa edo Asiatik etorri ohi da eta Ameriketako produkzioaren gehiengoa animaliak elikatzeko erabiltzen da.
Gaur egun, badut sentsazioa gizartea kontzientzia hartzen ari dela kontsumo-eredu ezberdinen inguruan eta koherenteagoak bihurtzen ari garela. Baina uste dut, eta ziurrenik kulturak izango du zerikusia, gure elikadura zalantzan jartzea asko kostatzen zaigun zerbait dela. Hori dela eta, nire gaurko eskaera hau da: ez dizut haragia uzteko eskatuko, ez dizut arrautzak uzteko eskatuko. Baina, mesedez, jar ezazu zalantzan jaten duzuna, zergatik jaten duzun eta zertarako.