Justu xamar...

Erabiltzailearen aurpegia Arrate Iturbe 2022ko ots. 11a, 20:58
Jabeek euren txakurren kakak jasotzeko grafitiak egin ditu etxe inguruan Arrate Iturbek. A.I.

Azken aldian denok gabiltza pazientziaz justu xamar eta umore faltan. Autoa gidatzen goazela semaforoa berdean jartzerako klaxona jotzen hasten zaizkigun pertsonak topatzen ditugu edota erosketak egitean ordaintzeko ilaran aurrean baimenik eskatu gabe jartzen zaizkigunak... Horrelako egoera asko izango genituzke elkarri kontatzeko. Batzuetan arnasa sakon hartu eta liskarrik ez sortzearren utzi egiten diegu berearekin ateratzen, egoerak gain ez egitea lortzen dugu orduan. 

«Koitadu halakoa», pentsatzen dugu bestearengatik, irribarre batekin ahaztu eta aurrera! Baina beste askotan ilea hartzen ari zaizkigulakoan gu ere justu xamarrean gaudenean gure tokia hartzera bultzatzen gaitu egoerak. «Kaixoo... barkatu baina ni hementxe nintzen zu iristerako...», esanez beste pertsonak harriduraz begiratzen gaitu eta atzean jartzen da marmar batean... «Koitadu halakoa». Gosarirako honakoa gomendatuko nuke: valeriana infusio katilu handi bat hartzea.

Aitortu behar dut beste gai batekin nabilela nire onetik aterata azken boladan. Ez da oso gai sakona ez, baina errespetu falta handikoa nire ustez. Zakur kakak non-nahi uztearena zakur jabeen aldetik. Belardi eta zelaietan zakurra libre utzi eta egin dezala pastela, «nire etxeko jardinean ez den bitartean berdin zait».

Gure herrietako belardi eta zelaiak ganaduarentzat ezinbestekoak dira, beraien bazka handik baliatzen baitute, larreratuz zuzenean edota ebakita, bai berdean jateko edota lehorturik (belar ondua) edo plastikoan gordez siloturik negurako bazka izan dezaten. Ez dakit nahikoa den azalpena ulertzeko zakur kaka bat dagoenean ganaduak ez duela jaten usaina atzematen duelako...

Bakoitzak aurkitu behar ditu estrategiak gatazka egoera sor dezaketen gaiei heltzeko. Nik bilatu dut nirean. Etxe inguruko bidean honako grafitiak eginez.

Bakoitzak aurkitu behar ditu estrategiak gatazka egoera sor dezaketen gaiei heltzeko. Nik bilatu dut nirean. Etxe inguruko bidean honako grafitiak eginez. Ez da ez ditudala zakurrak maite, baizik eta errespetu falta handia deritzot zakurraren kaka ez jasotzea eta edonon uztea. Baita belardietan ere!

Egia da ez ditudala enfrentamendu edota talkak atsegin, zu eta ni artean egia nork ote duen... Bakoitzak seguruenik bere arrazoi eta egi zatia izango luke, baina gehienetan, irabazle eta galtzaileen papera nork jantziko izaten da borroka. Ez dakigu sakonki eztabaidatzen, ez dakigu gure diferentzien arteko berdintasunak topatzen, zu eta ni horretan nork arrazoi baizik. Aldiz, gure etxeko egoera horiek kudeatzearen aldeko izaten gara gehienok... Etxeko txikiei batez ere, guk ez dakiguna egiten beraiei eskatzen diegu... Zama handi xamarra iruditzen zait ondorengo belaunaldientzat. Eredu izatearen zama handiegia geratzen zait niri, baina saiakera egiteak ez dit/digu kalte egingo...

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!