Garai bateko lanbideak errekuperatu eta herritarrei erakusten ibilia zara azken urteotan. Non ikasi dituzu lanbide hauen sekretuak?
Beti galdetuz, betidanik oso kuriosoa izan naiz eta gure aita zenari asko galdetzen nion aitonak eta nola egiten zuten lana jakin nahi izaten nuen. Gerora, zer soma ibiltzen naiz, baserrietan galdetuz han eta hemen, Hernio azpiko baserri guztiak ezagutzen ditut eta Gipuzkoako gehienak ere bai. Baina errespetuz hurbildu izan naiz beti, besteen etxera joatean zara eta. Bestela eraikinak kanpotik begiratu ditut, etxeen estruktura begiratuz, nola eginak dauden ikusi eta hortik ere ikasten da. Baserri asko konpondu izan ditut igeltsero lanetan aritu nintzenean anaiarekin eta lehen nola egiten zituzten baserriak ikustea eta ikastea oso aberasgarria da.
Bildumazalea ere bazara, garai bateko autoak, baserriko tresnak, pisuak… Noiz hasi zinen zaletasun honekin?
Nire lehenengo pieza kuttuna mutil kozkorretan lortu nuen, hamahiru urte izango nituen, dokumentu bat zen. Amak paper pila eman eta sutara botatzeko eskatu zidan, botatzen hasi eta ohartu nintzen aitona-amonen eskriturak eskuartean nituela, ezkondu zirenean baserrira bakoitzak zer ekarri zuen idatzia zegoen. Ama bizirik zen artean ez nituen atera eta ama hil zenean senideei kopiak eman nizkien. Erlikia moduan hartu zuten etxean.
Dina7 taldeko kideekin batera, Larraulgo Ekomuseori eta herriari ekarpen asko egina zara.
2009an Dina7 taldea sortu genuen, gaur egun desegina badago ere, bere garaian kultur elkarte moduan funtzionatzen genuen. Museoaren kudeaketa eraman eta herrian museoarekin lotutako jardunaldiak antolatzeko asmoz sortu zen. Ingurumenarekin lotura zuten aktibitate asko egin genituen, baita galdutako lanak errekuperatu eta demostrazioak egin ere. Txondorra, karobiak errekuperatu eta piztu, egurra garai bateko eran moztu eta iltzerik gabeko eraikina egin ere eta beste lan asko gehiago ere.
«Batzuk apartamentuak erosten dituzte eta nik karobiak bere terrenoekin erosiak ditut, lau karobi ditut berrituak»
Lihoarekin herrian egin zenuten erakustaldi hark ere izan zuen oihartzuna, Donostiako San Telmo Museoan ere aritu baitzineten lanean. Horrek sortuko zizun bada poza.
Poza eman zigun noski, lehenik asko asebete gintuen herrian egindako lanak eta ondoren Donostiako museotik deitzeak. Astebetez San Telmon lihoaren prozesua erakutsi genuen. Baina astebeteko lan hark soka luzea zekarren atzetik, bi urtez egindako lana izan zen.
Nork eman zizun lihoaren berri?
Gure aitak «linuputzua» aipatzen zuen sarritan eta ohartu nintzen lihoaz ari zela. Batean eta bestean galdezka aritu eta poliki-poliki putzu hura errekuperatu, liho haziak erein eta landarea hazi artean zainduz ibili ostean, prozesu guztia egitea erabaki genuen eta horrela ekarri genituen Larraulera lihoaren prozesua hasi eta bukatzeko 40 lantresna, denak Euskal Herrikoak.
Zuretzako inbertsio ona omen da karobi bat erostea.
Batzuk apartamentuak erosten dituzte eta nik karobiak bere terrenoekin erosiak ditut, lau karobi ditut berrituak. Gure aita zanak hasieran ez zuen oso begi onez hartu baina gero karobia martxan jarrita ikusi zuenean hausnartu eta zera esan zidan: «Gure umetasunean aitonarekin karobian lanean aritu ginen eta orain hik hau martxan jarri eta errekuperatu dek eta bejondeikela». Karobia piztean foru aldunditik eta Burdina taldetik ere hurbildu ziren nola egin genuen ikustera.
Herriko baserriak ere oroimenean lotzea lortu zenuen argazki bilduma harekin.
Duela hamahiru urte izan zen hori! Udaletxeko artxiboan baziren herriko 46 baserriren argazkiak eta pentsatu nuen argazki berdinak egitea baina 25 urte beranduago. Erakusketa jarri genuen gero Ekomuseoan eta denborak nola eragin zien ikusi zen, batzu-batzuk gainera desagertuak ziren ordurako.
«Ezkur artean nabil orain, nire kasa ikerketak eta frogak egiten»
Binilozko diskoak ere jarri zenituen erakusketan, baita hauek entzuteko aukera ere.
500 disko ditut etxean, den-denak dira euskaldunak. Hango eta hemengo merkatuetan eta bigarren eskuko azoketan lortutakoak dira. Disko gehienak 70. hamarkadakoak dira eta garai hori maitasunez gogoratzen dut, nire bizitzako urterik onenetakoak izan ziren, amarengatik askatu, lanean hasi, bizimoduaz ikasi eta Franco ere hil zen. Askatasun urteak izan ziren niretzako eta musika horrek horixe ekartzen dit gogora. Gordailuan nuena herriarekin konpartitzea nahi izan nuen.
Aho soinuarekin ere baduzu halako oroitzapen goxoa.
Nire lehen aho soinua amak oparitu zidan, hortxe hemezortzi urte nituela. Bretxan jartzen zuen postua berak eta nik askotan eramaten nuen Donostiara eta ordainetan opari modura aho soinua erosi zidan. Sekula ez dut ondo jotzen ikasi baina maitasun handia diot instrumentuari. Bildumazalea naizenez ehundik gora aho soinu bildu nituen eta herrian jarri nituen erakusgai.
Bildumazalea zarelako ireki al zenuen akaso Tolosako Lekukit denda?
Bizitzaren gorabeherak tarteko ireki nuen Lekukit, jostailu eta bildumagileentzako denda zen. Kotxe eta tren txikiak saltzen nituen, muntatu beharreko piezak ziren asko. Bildumazaleentzako materiala zen; kapritxo hori dutenentzako, ingurutik eta Espainiako Estatutik ere hurbiltzen zen jendea. Mundu bat mugitzen da bildumagileen artean, Euskal Herrian ez badakigu ere, bildumazaleak egon badaude.
Zer daukazu eskuartean orain?
Ezkur artean nabil orain, nire kasa ikerketak eta frogak egiten. Batzuk ezkurrarekin kafea egiten dute, irina ere egiten da, ogia egiteko. Gure basoetako zuhaitza da haritza eta duela milaka urte ezkurra jaten zuten gizakiek, artoak gurean urte gutxiago daramatza, Ameriketako konkistaren ostekoa da eta ezkurrak gastronomian zuen presentzia errekuperatu nahi dut. Jakin-jakin ez dakit ezer, baina bidean ikasten dudana erakusten dut gero. Haitzaren ezkurrak bildu, landatu eta horrelako lanetan nabil, labea egiteko asmoa ere badut ogia egiteko, baina bost urte agian joko dit guztia lantzeak.
«Hernio azpiko baserri guztiak ezagutzen ditut eta Gipuzkoako gehienak ere bai»
Jubilatu zinen baina inoiz baino lanpetuago ez al zaude?
Jubilatu eta denborarik gabe nabil. Gauza asko neuzkan atzeratuak eta horiek antolatu nahian nabil, materiala daukat egurra eta harria saltzeko eraikuntzan erabiltzeko, pelikuletako eszenografian erabili beharreko atrezzoak eramaten dituzte nire biltegitik. Beste ehun urterako lana badaukat egiteko.
Zein filmetan adibidez?
Visionarios filma izan zen lehenengoa, lan dezente egin nuen haientzako. Ezkioko Amabirjinaren inguruko filma zen, gerra ondorengo garaiak irudikatuz. Hauei auto zaharrak eta hainbat gauza utzi nizkien. Gero etorri dira Akelarre, Hil Kanpaiak, Ilargi guztiak eta orain Irati filmerako ere etxean ditudan piezak atrezzorako utziko dizkiet, 300 bat izango dituzte.
Eta gero filmak ikusten al dituzu?
Egia aitortze aldera ez ditut denak ikusi…