Kanpaina deitzen diogu, udaberria hasi eta udazkenean ondo murgildutako tarteari. 2021eko kanpaina nolakoa izan den galdetzen didatenak asko dira… Eta nire erantzuna, ahalik eta azalpen gehien eman nahian… «Hortxe… uztaila bitarte hotza izan da erleek lana egiteko parada askorik ez du izan, tenperatura nahikoa ez nektarra biltzeko…». Uzta txikiaren aitzaki bila edo… Erleekin urte asko daramatzaten erlezainek esaten didate, urte bat bera ere ez dela berdina. Eta arrazoi dute. Urte batean hotz, bestean lehortea, hurrengoan akazia lorea galarazten duen kazkabarra eta beste mila faktore gure esku ez daudenak.
Erleekin lanean denbora pasa ahala konturatzen zara, hamar milaka erleek nola osatzen duten erle bat, pentsatze bat, zeregin bat, denak elkarrekin egiten dute lan armonian, helburu bakarra lortu asmoz… Zenbat dugun ikasteko beraiengandik! Zoragarria benetan!
Momentu ziragarria izaten da kaxa bakoitza irekitzen denean. Erregina ondo ari al da erruten? Nahikoa jan al dute? Gaitzak jo al dio erleari? Osasuntsu dago? Gauza asko aztertu behar izaten dira… Gure lana hori baita, erleak zaintzea.
Erreginak egunero 2.000 eta 3.000 arrautza erruten ditu. Sasoi betean erle bat jaiotzen denetik hiltzeraino 40 egun inguruko bizi-iraupena du eta denbora tarte horretan inude lanak, garbitzaile, erizain, arkitekto, etxe sarrera babesten eta nektar eta polen biltzaile lanak egiteko gai da! Ez al da ikaragarria? Hori dena sistemak funtziona dezan, beraien bizi-irautea. Ez pentsa gure beharretara lanean ari direnik! Ez, ez! Beraien beharrak gure desira bilakatzen ditugu guk, urre koloreko eta udaberri usain freskoa duen ezti goxoa adibidez.
Erleen polinizazio-jarduerak izugarrizko eragina du tokiko ekosistemetan, biodibertsitatea kontserbatu eta elikagaiak ekoiztu ahal izateko. Erle batek egunean 7.000 lore bisitatuko ditu nektarra jasoz, era berean hauek polinizatuz eta lan guzti honetatik kafe koilarakada ezti lortuko dugu. Pentsa kiloa osatzeko zenbat lan! Hori dena mehatxuz betetako panorama batean, barroa, liztor asiarra, aldaketa klimatikoa eta agro-toxikoz betetako eremuetan… Bada erronka handia bai, honetan hasi izana…
Erleekin lanean denbora pasa ahala konturatzen zara, hamar milaka erleek nola osatzen duten erle bat, pentsatze bat, zeregin bat [...] helburu bakarra lortu asmoz
Bakoitzak bere aldetik laguntzeko ere egin dezake zerbait, erleek egiten duten moduan denok zerbaiten alde eginez. Modu jasangarriago batean bizi, tokiko elikagai agro-ekologikoak kontsumitu, erein, landatu, loreak, landareak, zuhaitzak, arnastu eta bizi-naturarekin bat egin... Bide batez ere proposamen ausartago bat ere badut, bilakatu zaitez erleen babesle, gure etxeko ateak beti irekita daude interesa duen ororentzat!
Orain negu giroa den honetan deskantsatu dezagun guztiok, erleen modura, berriz ere udaberria etortzen denerako sasoi betean egoteko!
Erleak eta osasuna guztioi!